Asteartea, urtarrilaren 10a, Eguzkia hartu nuen 75o-tan, 20o-koa zuen deklinazioa, gure altuera 35o-koa zen eta Santa Maria Lurmuturra genuen aurrez aurre. Handik aurrera kostaldea Ekialdetik Mendebaldera zabaltzen da eta haretsua da lurra, eta lurmuturretik aurrera mendi bat dago kapela baten moduan egina, eta Monte Vidi [Montevideo] izena jarri genion (orain oker deitzen diote Santovidio), eta leku horren eta Santa María Lurmuturraren erdian ibai bat dago Rio de los Patos deitua, eta hortik aurrera ur gezatan ibili ginen oraindik, eta kostaldea Ekialde hego-ekialdetik Mendebalde ipar-mendebaldera zabaltzen da 10 legoako itsasbidean, gero Ipar-ekialdetik Hego-mendebaldera 34o 1/3-raino, 5, 4 eta 3 besaldiko hondoan, eta han agertu ginen eta bidali genuen Santiago ontzia itsasertzetik ibiltzera, ikusteko ba ote zegoen pasaiaren bat [itsasartea], eta 33o 1⁄2-ra dago ibaia Ipar-ekialdera. Han aurkitu zituzten uhartetxo batzuk eta oso ibai handi baten ahoa (Solis-en Ibaia zen) [Rio de la Plata] eta Iparrera zihoan. Eta horrela, joan ziren naoekin elkartzera, eta aipatutako ontzia gugandik urrun egon zen 25 legoatara eta 25 egun behar izan zituzten etortzeko, eta denbora-tarte horretan beste bi nao Hegoaldera ibili ginen, ikusteko pasagunerik ba ote zegoen [Hego Itsasora], eta haiek bi eguneko tartez joan ziren, eta hara joan zen kapitain jenerala eta aurkitu zuten lurra Hego hego-mendebaldera, gugandik 20 legoara urrun, eta 4 egun egon ziren [eman zituzten] etortzeko, eta etorreran, edateko ura eta egurra hartu genituen, eta handik joan ginen hautsian [sigi-saga] kontrako haizeekin, Monte Vidi begien bistan izan genuen arte, (...)
2020/01/10ALBO, 1520-01-10