2021/04/06ALBO, 1521-04-06

(...) eta goizean Hego‑mendebalde 4ena Hegoaldera 12 legoa inguru egin genituen, 10º 1/3-ean egon arte. Bertan bi irlaren arteko itsasarte batetik igaro ginen, bata Matan [Mactán] deitzen da eta bestea Subu [Cebu]. Azken hori Ekialdean erreferentziatzat hartuta, Mazava uhartea Mendebalde 4ena Ipar-mendebaldean dago eta Suluan Hego‑ekialdean. Subu eta Seilaniren artean Baybay [Leyte] izeneko lur oso altua ikusi genuen Iparraldean. Bertan urre eta elikagai asko daudela diote, eta baita lur asko ere, hainbeste lur, non amaiera non dagoen ere ez dakiten.

Mazava, Seilani eta Subutik Hegoaldera etorri ginen. Kontu izan, harea-pila ugari dago eta oso txarrak dira, horregatik gidatzen zigun kanoak ez zuen bide horretatik joan nahi.

Subu eta Matan arteko bokaletik Mendebaldera joan ginen itsasartearen erditik eta Subu hiria topatu genuen. Bertan ainguratu eta bakezkoak egin genituen. Arroza, artoa eta haragia eman ziguten eta egun asko geratu ginen hor. Tokiko errege-erreginak, beste hainbatekin batera, kristau bihurtu ziren gogo onez.

Subutik joan eta Hego-mendebaldera abiatu ginen, 9º 3/4-etan egon arte. Subu lurmuturraren Mendebaldean, lurmuturraren eta Bohol izeneko irlaren artean, Panilongo [Kabankalan] izeneko beste irla bat dago. Beltzak bizi dira eta urre eta jengibre asko dauka, Subuk bezala. Panilongo 9º 1/3-ean dago eta Subu 10º 1/3-ean. Bertatik 10 legoa egin genituen Hegoaldera, Bohol uhartean ainguratu arte. Bertan hiru itsasontziekin bi egin genituen eta bestea [La Concepción] erre egin genuen, pertsona faltagatik [berriz ere, Albok ez du Mactángo batailan gertatutako tragedia kontatzen, ezta Cebuko zelata ere, non 38 espediziokide hil egin ziren, Magallaes, besteak beste]. Uharte hori 9º 1/2-an dago.