2021/07/08ALBO, 1521-07-08 ggb

Poluanetik Borneirantz abiatu ginen, uharte hori inguratu eta Hego‑mendebaldeko lurmuturrera joan ginen. Ondoan uharte bat aurkitu genuen, uharri bat Ekialdean duena. Bertan, 7º 1/2-an, aldatu ezazue norabidea Mendebaldera eta 15 legoa egin itzazue. Gero Hego‑mendebaldera joan ginen eta Bornei uhartea inguratu genuen, izen bereko [Brunei] hirira heldu arte. Lurretik hurbil joatea beharrezkoa dela jakin behar duzue, kanpoalderago harea-pila asko dagoelako eta ezinbestekoa delako beruna eskuan izatea, kosta oso zitala baita. Bornei [Brunei] hiri handia da eta badia oso handia dauka. Barnealdean zein kanpoaldean harea-pila asko daude, eta, horregatik, tokiko pilotu bat izatea beharrezkoa da. Horrela ibili ginen egun askotan, alokatzen hasi ginen eta bakezkoak egin genituen. Gero gu hartzeko 260 kanoa armatu zituzten eta gure aurka etorri ziren. Ikusi bezain laster, presa handiz alde egin genuen eta, behin urrunduta, guregana zetozen junko batzuk ikusi genituen. Haiengana joan eta bat hartu genuen. Bertan Luzon izeneko uharte oso handi bateko erregea zegoen eta kapitainak joaten utzi zion, kontseilurik gabe [Gainontzeko ofizialen iritzia kontuan hartu gabe, printzeari alde egiten uztearen truke Juan López Caravallok, une hartan kapitain nagusia zenak, bahisari bat hartu zuela dirudi. Horregatik eta beste arrazoi batzuk zirela bide, bere kideek auzipetu egin zuten eta Gonzalo Gómez de Espinosa eta J. S. Elkano aukeratu zituzten bere ordez].

Burnei [Borneo] uharte handia da eta bertan kanela, mirabolanis, eta kanforrondoak daude. Azken horrek asko balio du lurralde hauetan eta hiltzean gorpuak baltsamatzeko erabiltzen dutela diote. Bruneiko portua 5º 25’-ko altueran dago eta demarkazio-lineatik 201º 5’-ko longitudean [Tordesillaseko Ituneko meridianotik, Greeniwichtetik 46º 30’-ra dagoena. Parekoa litzateke Mendebaldera 360º[i] 247º 35’ edo Ekialdera 112º 25’. Garairako kalkuluak nahiko zehatzak dira, kronometro edo doitasun erlojurik ez baitzegoen]. Handik abiatu eta gure bidea jarraitu genuen. Bruneiko portu hori Mendebal hego‑mendebaldean erreferentziatzat hartuta, Mazava uhartea Eki ipar-ekialdean dago. Bidean uharte asko daude, eta baita Borneoko Ipar-ekialdeko lurmuturretik Cuipitera ere, Ekialde 4ena Ipar‑ekialdetik Mendebalde 4ena Hego-mendebaldera.

 

[i] Originalean “360º” agertzen da, baina soberan dago. (Itzultzailearen oharra)