Horren ostean Cuipit uhartea Hegoaldetik inguratu genuen eta Ekialde 4ena Hego-ekialdera joan ginen, uhartetxo batzuetara arte. Kostaldean zehar herri asko daude eta baita kanela oso ona ere, erosi egin genuen. Jengibre asko ere badago. Gero Eki ipar-ekialdera joan ginen, golko bat ikusi arte. Ondoren, Hego-ekialdera joan ginen, uharte handi bat ikusi arte, eta, handik, Cuipit [Mindanao] uharteko Ekialdeko lurmuturrera arte. Bertan herri oso handia dago eta herritarrek ibai oso handi batetik urre asko hartzen dute. Lurmuturra meridianotik 191º 1/2-an dago [demarkazio-lineatik, Greenwichetik 46º 30’-ra dagoena. 191º 30’ + 46º 30’ = 238º ; 360º - 238º = Greenwichetik 122º gradura, oker gutxirekin].
Cuipitetik Malucora bidean [Molukak] joan ginen, Hego-ekialdera, eta Sibuco izeneko uharte bat ikusi genuen. Gero Hego hego‑ekialdera joan ginen eta Viranu Batolaque izeneko beste uharte bat ikusi genuen. Norabide berarekin jarraitu genuen uharte horren amaierara arte, eta gero Candicar deitzen duten beste bat ikusi genuen. Bien artetik Ekialdera joan ginen, Candicar atzean utzi arte. Orduan Candicar eta Sarangani izeneko [Filipinetako barrualdeko probintzietako izenak errepikatzen dira] beste uharte baten artetik igaro ginen. Azken horretan ainguratu eta Malucora joateko pilotu bat hartu genuen. Bi uharte horiek 4º 2/3-etan daude, Cuipiteko lurmuturra 7º 1/4-ean, Sibucoko Hegoaldeko lurmuturra 6º-tan eta Viranu Batolaquekoa 5º-tan. Cuipiteko lurmuturra Ipar ipar‑mendebaldean erreferentziatzat hartuta, Candicar Hego hego‑ekialdean dago, tartean beste lurmuturrik ez dagoela.
Saranganitik Hegoalde 4ena Hego-ekialdera joan ginen, Sanguir izeneko uharte batera arte, 3º 2/3-etan dagoena. Bien tartean, Mendebaldean, uhartetxo asko daude.
Sanguirretik Hegoalde 4ena Hego hego-mendebaldera joan ginen, Siau izeneko uharte batera arte, 3º doitan dagoena. Bien tartean uhartetxo asko daude.