1521. urteko abenduaren 21ean, larunbatean, Maluco uharteetatik joan eta Mare uhartera heldu ginen, bertan erretzeko egurra hartu genuen. Egun berean Hego hego-mendebaldera abiatu ginen, Motil [Moti] eta Maquian [Makian] inguratuz. Gero Hego-mendebaldera joan eta ondorengo uharteetatik igaro ginen: Cuayoan, Laboan, Akchian, Latalata eta Ipar-mendebaldean dauden beste uharte txiki batzuk. Orain horietako bakoitzaren altuera, longitudea eta iltzea eta beste espeziak dituzten esango dut.
Iparraldeko lehenengoa Terrenati [Ternate] da, Iparraldean 1º-ean dago. Tidore 40’-tan. Mare 15’-tan. Motil ekinokzio-lerroan, eta hurrenez hurren Iparraldetik Hegoaldera daude kokatuta. Hegoaldekoak ondorengo hauek dira: Maqui 20’-tan dago. Cuayoan 40’-tan. Laboan 1º-ean. Latalata 1º 15’-tan. Bachian Eki ipar‑ekialdean erreferentziatzat hartuta, Terrenate Mendebal hego‑mendebaldean dago. Uharte guztien Hego-ekialdean Gilolo deitzen den uharte oso handi bat dago. Bertan iltzea dago, baina oso gutxi hazten da, horregatik 7 uhartetan iltzea dagoen arren, honako hauek dira gehien daukatenak: Terrenate, Tidore, Motil, Maqui eta Bachian, horiek 5 nagusiak dira eta batzuek intxaur [muskatua] eta masia [intxaur muskatuaren azal usaintsua] daukate. Motil lerroan dago eta [Mendebaldera] 191º 45’-tan dagoen meridianoaren longitudean [horrek Gaztela eta Portugaleko hegemoniak eta demarkazioak banatzen ditu].
Latalatatik Hego-mendebalde 4ena Mendebaldera joan ginen eta Lumutola izeneko uharte bat aurkitu genuen. 1º 3/4-etan dago. Mendebaldean Sulan izeneko beste uharte bat dago. Uharte horietan harea-pila ugari dago eta hemendik Hegoaldera itzuli ginen, Buro [Buru] izeneko uharte batera, hiru horien tartean Tenado deitzen den beste bat dago, 2º 1/2-an. Buru 3º 1/2-an dago eta 194º-ko longitudean, Bachian Ipar-ekialde 4ena Ekialdean erreferentziatzat hartuta, Hego-mendebalde 4ena Hegoaldera joan behar da hara heltzeko. Burutik Ekialdera uharte oso handi bat dago eta Ambon deitzen da. Bertan kotoizko oihal ugari egiten dituzte eta haren eta Bururen artean uhartetxo batzuk daude, kontu izan horiekin, Buru uhartea Ekialdetik inguratu behar da.