Gero, norabide bereko 52 gradutan, Hamaika Mila Birjinen egunean itsasarte bat aurkitu genuen, eta bertako lurmuturrari "Hamaika Mila Birjinen lurmuturra" izena eman genion, mirari izugarri handi batengatik. Itsasarte hori 110 legoa luze da, hau da, 440 milia, eta legoa erdi inguru zabal (gutxi gorabehera) eta beste itsaso batean isurtzen ditu urak, Itsaso Barea izenekoan; tontor elurtua duten oso mendi garaiez inguratuta dago. Ez zuen igarotzeko sakonera nahikoa, ontzia lehorretik 25 edo 30 besaldi ingurura bakarrik bideratu ezean. Eta kapitain jeneralagatik izan ez balitz, inoiz ez genuen itsasarte hura nabigatu izango; denok pentsatzen eta esaten baikenuen, guztia ixten zitzaigula inguruan. Baina kapitainak bazekien bere itsasbidea itsasarte estu-estu batetik jarraitu beharra zuela, lehendik mapa batean ikusi baitzuen, Martin de Bohemia gizon txit goren hark egindakoan, eta bi ontzi bereizi zituen, San Antonio eta Concepción –horrela deitzen ziren– hutsunearen hondoan zer zegoen ikusteko. Guk, beste bi ontziekin –kapitaina, Trinidad izenekoa, eta Victoria–, badiaren babesean ainguratu genuen. Gau hartan bat-bateko haize aldaketa bat gertatu zen; eta hain zen handia, ezen aingurak goratu egin behar izan genituen eta gure karabelak badiatik dantzan utzi. Abian zeuden beste biei, ezinezkoa izango zitzaien zintzur haren hondoan zegoen lurmutur bat igaro edo guganaino bueltatzea; hortaz, argi zegoen hondarperen bat bortizki jotzen amaituko zutela.
2020/10/18ALBO, 1520-10-18