2020/10/21ALBO, 1520-10-21

Urriaren 21ean, 52º doitan hartu nuen Eguzkia, lurretik 5 legoara, eta han badia gisako zabaldura bat ikusi genuen. Sarreran, eskuman, hareazko punta luzea du, eta hori baino lehen aurkitutako lurmuturra Birjinen lurmuturra [Cabo de las Vírgenes originalean] da [Magallaes itsasartearen aurkikuntza hemen hasten da]. Hareazko punta 52º-ko altitudean eta 52º 1/2-ko longitudean dago, eta bertatik bestaldera gutxi gorabehera 5 legoa daude. Badia horren barruan legoa bateko zabalera izango duen itsasartea aurkitu genuen. Bokaletik hareazko puntara begiratzean, Ekialdetik Mendebaldera begiratzen da, eta badiaren ezkerraldean harea-pila ugariko senadi handia dago. Iparraldetik sartu ginen itsasartera eta hara sartzekotan, itsasarte erditik Hego‑mendebalderantz joan eta bokalera heldu baino hiru legoa lehenago kontu izan uharriekin, horien ostean hareazko bi irlatxo aurkituko dituzue, eta, orduan, itsasarte zabala topatuko duzue. Gustura joan zaitezte, hondoekin kontu handirik izan gabe. Behin itsasartea igarota, beste badia txiki bat aurkitu genuen, eta, ondoren, aurrekoa bezalako itsasarte batekin egin genuen topo. Bokale bat Ekialdean dago eta bestea Mendebaldean, eta mehargunea Ipar‑ekialdetik Hego‑mendebaldera doa. Behin handik irtenda, badia oso handia eta irla batzuk aurkitu genituen. Horietako batean ainguratu eta Eguzkia hartu genuen: 52º 1/3-ean geunden. Handik Hego hego‑ekialdera etorri ginen eta ezkerraldean punta bat aurkitu genuen, handik lehenengo bokalera 30 legoa inguru egongo dira. Ondoren, 20 legoa inguru joan ginen Hego‑mendebalderantz [Punta Arenas, Txile], bertan Eguzkia hartu genuen eta 53º 2/3-etan geunden. Handik 15 legoa inguru egin genituen Ipar‑mendebalderantz berriz ere eta 53º-ko altueran ainguratu genuen. Itsasarte horretan senadi asko daude eta mendilerro elurtuak oso altuak eta zuhaitz askokoak dira. Ondoren, Ipar‑mendebalde 4ena Mendebaldera abiatu ginen eta bidean irla asko daude. Itsasarte horretatik itsasoratzean, Iparraldeko kosta dator berriz, ezkerraldean uharte eta lurmutur bat ikusi genituen, azken horri Lurmutur Ederra [Cabo Hermoso originalean] eta Lurumutur Irrikatua [Cabo Deseado originalean] deitu genion [Ozeano Barera irteera], bokaleko lehenengo lurmuturraren, Birjinen, altuera berean dago. Lurmutur Ederretik Ipar-ekialderantz, Iparralderantz eta Ipar ipar-mendebalderantz joan ginen. Horretan bi egun eta hiru gau eman genituen, (...)