2019/12/13PIGAFETTA, 1519-12-13

Portu horretan Santa Luzia egunean bota genituen aingurak, eta egun horretan eguzkia jasan genuen, unerik gorenean, eta ekinokzio-lerroaren azpiko beste edozein lekutan baino bero handiagoa –bai bertan, bai hurrengoetan, astroaren une samurrean–.

Verzingo lur hori oso oparoa da, Espainia, Frantzia eta Italia batera baino handiagoa; Portugalgo Erreinuari dagokio. Bertako indigenak ez dira kristauak, eta ez dute ezer gurtzen. Erabilera naturalen arabera jokatzen dute, eta ehun eta hogeita bost urte eta ehun eta berrogei bizi dira. Biluzik dabiltza, bai gizonak bai emakumeak; “borda” izeneko etxe zabaletan bizi dira, eta “hamaka” izeneko kotoizko sareetan lo egiten dute; hamaka horiek etxebizitzaren barruan mutur batetik bestera daude korapiloz lotuta, enbor lodietan, eta, haien artean, suak pizten dituzte. Borda horietakoren batean ehun gizon ere batzen dira, beren emazte eta seme-alabekin, eta zurrumurru handia sortzen dute. Pieza bakarreko txalupak dituzte –enbor zorroztua dute, harrizko tresnekin–, eta “kanoa” esaten diete. Herri horiek harria guk burdina erabiltzen dugun bezala erabiltzen dute; ez dute burdina ezagutzen. Itsasontzi bakoitzean hogeita hamar edo berrogei gizon sartzen dira, okintzako palen antzekoekin egiten dute arraunean, eta, hain beltz eta bizarra hain moztuta, Estigia urmaeleko arraunlariak ematen dute.

Gizon-emakumeak gu bezala moldatzen dira; giza haragia jaten dute, beren etsaiena, ez ontzat dutelako, baizik eta ohituragatik. Ohitura horri –Talioiaren lege gisa– andre zahar batek ekin zion; seme bakarra zuen, eta aurkako tribu batek hil zuen. Egun batzuk geroago, bere tribukoek semea hil zuen tribuko bat harrapatu zuten, eta andre zaharra zegoen tokira eraman zuten. Andre zaharrak harrapatu zutena ikusi eta eraildako semea zetorkionez burura, mutilarengana hurbildu zen, txakur amorratua balitz bezala, eta bizkarrean egin zion hozka. Ihes egin ahal izan zuen mutikoak, eta bere tribukoei erakutsi zien marka; markak ematen zuen irentsi nahi zutela. Bere tribukoek, geroago, beste tribuko baten bat hartu zutenean, jan egin zuten; eta jan zutenaren senideek jan zutenaren senideak: hala sortu zen ohitura. Ez dute behingoan jaten: lehenengo, batek xerra bat mozten du, bere etxebizitzara eramateko eta bertan ketzeko; eta handik zortzi egunetara itzuli egiten da, beste jaki on batzuekin batera beste zatitxo bat erreta jateko…, eta, betiere, bere etsaien oroitzapen gisa. Hori kontatu zidan Ioanne Carvagiok, gurekin zetorren pilotuak; aurretik lau urte eman zituen lur horietatik. Jende horrek zoragarri margotzen du gorputz osoa, eta aurpegia suz eta hainbat modutan, baita emakumeek ere. Erabat mutilduta doaz, eta bizarrik gabe, kendu egiten baitute. Papagaiaren lumen soinekoak daramatzate, ipurdian gurpil handiekin, luma handiagoekin eginak; barregarria da. Emakumeak eta umeak kenduta, guztiek dituzte hiru zulo beheko ezpainean, eta, bertatik, harri biribilak eta atzamar baten luzerakoak dituzte esekita –batzuek gutxiago, beste batzuek gehiago–. Ez dira erabat belatzak; oliba-kolorekoak dira. Alde lotsakorrak agerian daramatzate, eta ez dute ilerik haietan. Eta, hala, gizonak eta emakumeak biluzik dabiltza, erabat. Beren erregeari “kazike” esaten diote. Hainbat eta hainbat papagai dituzte, eta zortzi edo hamar ispilu baten truke aldatzen dituzte; eta maimon katu txikiak, lehoien kumeen antzekoak, baina horiak: ederrak. Ogi biribila oratzen dute, zuria, zuhaitz-bihotzekoa, erdipurdiko zaporeduna; bihotz hori azalaren azpian dago, eta gaztanbera ematen du. Txerriak dituzte eta haien berezitasuna da zilborra bizkarrean dutela, bai eta txori handiak ere, mokoa burruntzalia bezalakoa dutenak eta mingainik gabeak.

Aizkora txiki edo aizto nahiko handiaren truke, beren alabetako bat edo bi ematen zituzten, esklabo izateko; baina beren emakumeak ez zituzketen ezeren truke emango. Eta haiek ere ez zuketen beren senarra saminduko, inolako prezioren truke. Egunez ez zieten senarrei ezer onartzen; gauez baino ez. Emakumeek jateko guztiarekin kargatzen dute zumezko motxila batzuetan edo kanefora batzuetan –buruaren gainean edo buruari lotuta–; baina beren senarrak beti zihoazen hurbil, eta gizonak brasil zurezko edo palmondo beltzezko arku batekin eta kanaberazko gezien azaoarekin. Hori guztia ez dute ahanzten, oso jeloskorrak baitira. Emakumeek seme-alabak lepotik esekita daramatzate, kotoizko sare batekin. Eta beste guztia ez dut kontatuko, gehiegi ez luzatzeko.

Bi aldiz esan zen meza leku haietan; bertan, kontrizioa gordetzen zuten, belauniko eta eskuak elkarrekin altxatuz, eta plazer handia zen hura ikustea. Guretzako etxe bat eraiki zuten, oraindik denbora bat egon behar genuela pentsatuta, eta brasil egur ugari moztu zuten, martxan oparitzeko. Bi hilabete inguru zeramatzan handik euririk egin gabe, eta, portura iritsi ginenean, kasualitatez, euria egin zuen.

Beraz, zerutik jaitsi ginela esaten hasi ziren, eta euria gurekin ekarri genuela. Herri horiek erraz ekarri ziren Jesu Kristoren federa. Hasieran, txalupak karabelen alabak zirela pentsatzen zuten, bai eta haiek itsasoan kareletik askatzen ziren unean erditzen zituztela ere, eta, geroago, alboan berriro begiratuta, ohitura den bezala, karabela bakoitzak bularra ematen zietela uste zuten. Emakume gazte eder bat, egun batean, nao nagusira igo zen; bertan nengoen ni, hondarrezko huskeriaren bat aprobetxatzeko. Begia bota zion, ofizialordearen kameran, irekita baitzegoen, atzamar bat baino luzeagoa zen iltze bati, eta, hartaz jabetu zen, atsegin handiz, eta erabat hondoratu zuen, goitik behera, haren naturaren ezpainetan; ondoren joan egin zen, pixkanaka. Eta kapitain jeneralak eta biok den-dena ikusi genuen.