(...) Gero, gure bidearekin jarraitu genuen, eta 34. gradura gehi Antartikoko heren batera iritsi ginen; han, ur gezako ibai baten ondoan, “kanibal” izeneko gizon batzuk aurkitu genituen; giza haragia jaten zuten. Ontzi nagusira ia erraldoien altuera zeukan bat hurbildu zitzaigun, gainerakoak babesteko. Ahots ozena eta indartsua zuen. Ontzian izan zen bitartean, gainerakoek beren tresnak batu eta lurrean are gehiago barruratu zituzten, gure beldur baitziren.
Hori ikusita, ehun bat gizon lurreratu egin ginen, elkarrizketan jardun eta elkar ulertzeko, behintzat, baten bat atxikitzeko. Baina ihes egiten zuten; urrats luzez egiten zuten ihes, eta, ahalik eta azkarren korrika eginda ere, ezin genituen hartu. Ibai honetan zazpi uharte daude. Haietako gehienetan, harri bitxiak daude; Santa María lurmuturra du izena. Guztiok uste genuen handik Hegoaldeko itsasora igarotzen zela, baina ez da guztiz hala (nahiz eta hala dela ematen zuen, norabide horretan ez baitzen besterik aurkitu). Azken batean, hura ez da lurmuturra, baizik eta ibai baten ahoa, 17 legoatako ibai-ahoa. Ibai horren ondoan, aurreko batean, gehiegi fidatzeagatik, kapitain espainiar bat, Iohan de Solís izenekoa, kanibalek irentsi zuten, beste hirurogei gizonekin batera. Lurrak aurkitzera joan ziren, gu bezala.