2020/02/08PIGAFETTA, 1520-02-08

Gure norabidearekin jarraitu genuen, Polo Antartikorantz, itsasbazterretik, eta antzarakumez eta itsas lehoiz beteriko bi uharte aurkitu genituen. Antzarakume-kopurua ezin zen kontatu. Ordubetean, bost ontziak bete genituen. Antzarakume horiek beltzak dira, eta gorputzeko eta hegaletako lumajea zehatza dute; ezin dute hegan egin, eta arrantzaz bizi dira. Haien garapena dela eta, ez zen beharrezkoa lumatzea; larrutu egiten genituen. Erroiaren antzeko mokoa dute. Itsas lehoiak direla eta, hainbat koloretakoak daude, lodiak, zekorrak bezalakoak eta buru berdinarekin: belarri txikiak mehatzak, hortz luzeak, ez dute hankarik, baizik eta enborretik beretik irteten zaizkien oinak, gure eskuen antzekoak –azazkal txikitxoekin, eta atzamar guztien artean antzaren mintzaren antzekoa–. Oso azkarrak izango lirateke, korrika egin ahalko balute: igeri egiten dute eta arrantzaz bizi dira. Hemen, gure naoek zantzurik onenak ezagutu zituzten, hainbat aldiz hiru gorputz santuak agertzean, alegia: San Telmo, San Nicolás eta Santa Clara. Argi horiek bat-batean itzaltzen ziren.