2020/05/31PIGAFETTA, 1520-05-31

Behin, bat-batean, gizon erraldoi bat ikusi genuen; portuko erriberatik biluzik, dantzan eta kantuan zebilen eta hautsa isurtzen zuen burutik. Kapitain jeneralak gutako bati berarengana hurbiltzeko agindua eman zion, ekintza horiek imita zitzan, bakearen adierazgarri, eta gure buruarengana eraman zezan, uhartetxo batera. Bertan zenean, erabat txundituta geratu zen, eta keinuak egiten zituen hatz batekin gora, zerutik jaitsi ginela uste baitzuen. Bera hain zen altua, non ez ginen bere gerrira iristen; begitarteak sekulakoak zituen, gorriz margotuta, eta, begien ingurua horiz, masail bakoitzaren erdian bihotz bat zeukan marraztuta. Ile gutxi zuen, eta ile gutxi hori zuriz tintatuta zeukan; animaliaren larruazala zeraman soinean, junturetan fintasunez josita. Haren animaliak buru eta belarri handiak ditu, mandoak bezala; lepoa eta gorputza gameluak bezala; oreinaren antzeko hankak, eta zaldiaren antzeko buztana –eta irrintzi bera–. Gainezka egiten du alderdi horietatik. Oinetan animalia beraren abarkak zeramatzaten, eta ez zizkieten zapatak baino txarrago oinak estaltzen, eta arku laburra eta lodia zeramaten, laute baten soka baino gizenagoa zuena –animalia beraren erraiena–; gainera, kanaberazko gezi eskukada bat zeukaten, nahiko laburrak eta gureak bezala lumaztatuak. Burdinaren ordez, ardagai zuri eta beltzeko arantza batzuk zituzten –gezi turkoetan bezala–; beste harri baten gainean zorroztuz lortzen ziren.

Kapitain jeneralak jateko eta edateko ematea agindu zuen, eta, erakutsi zizkion gauzen artean, altzairuzko ispilu erraldoia zegoen. Bertan bere burua ikusi zuenean, ikaratu egin zen eta atzera egin zuen salto; lurrera bota zituen gure gizonetako hiru edo lau. Gero txilinak, ispilua, orrazia eta arrosario batzuk eman zizkion, eta lurrera bidali zuen, armak zeramatzaten lau gizonekin batera. Ordura arte ontzira hurbildu izan nahi ez zuen bere kide batek gure gizonekin batera itzultzen ikusi zuenean, besteak zeuden lekura ohartaraztera joan zen lasterka; hala, errenkadan jarri ziren, guztiak biluzik. Gureak iritsi zirenean, dantzan eta kantuan hasi ziren, beti hatz bat gorantz zutela, eta buztinezko ontzietan belar-sustraietako hauts zuria eskainiz: besterik ezin zieten eman jateko. Gureek keinu bidez itsasontzietara hurbiltzeko esan zieten eta beren gauzak eramaten lagunduko zietela. Orduan, gizonek beren arkuak baino ez zituzten hartu, eta beren emazteek, leporaino zamatuta, gainerakoak ekarri zituzten. Emakumeak ez ziren hain altuak, baina bai askoz ere lodiagoak. Hurbiletik ikusi genituenean, harrituta geratu ginen: titi luzeak dituzte, besoaren erdira artekoak. Beraien senarrak bezala margotuta eta biluzik dabiltza; sexua estaltzeko azaltxo bat baino ez daramate. Emakume bakoitzak lau animaliatik tiratzen zuen; oraindik kumeak ziren eta zuntzekin zihoazen lotuta, kabestru gisa. Jende horrek, animalia horiez jabetu nahi duenean, txikietako bat sasiren batera lotzen du. Nagusiak berarekin jolastera hurbiltzen zaizkio, eta basatiek, ezkutatuta, gezi‑kolpez hiltzen dute. Hamazortzi ekarri zizkiguten itsasontzietara, arrak eta emeak, eta portuko bi ertzetara bueltatu ziren salgai hura eman ondoren.