Sei egun geroago, egurra erretzeko prestatzen ari ziren batzuek erraldoi bat ikusi zuten, modu berean margotuta eta jantzita. Arkua eta geziak zeramatzan. Gure gizonengana hurbildu zen; lehendabizi, burua, bere aurpegia eta gorputz‑enborra ukitzen hasi zen, eta, ondoren, gizonenekin gauza bera egiten hasi zen. Azkenean, lepora igotzen zuen eskua. Kapitain jeneralak haren berri izan zuenean, txalupa bat bidali zuen, hura har zezaten eta portuko uharte hartan atxiki zezaten; bertan, errementarientzat eta itsasontziak biltzeko etxe bat eraiki zuten. Hau are altuagoa zen, eta gainerakoak baino hobeto eraikita zegoen; lagunkoia eta sinpatikoa zen. Sarritan dantzatzen zen, eta, hala egitean, behin baino gehiagotan oinak lurretan hondoratzen zituen, arra bateko sakoneraraino. Egun asko egon zen gure artean; hainbeste egun, non bataiatu egin genuen, eta Joan izena jarri genion. Geuk bezain argi ahoskatzen zuen, ahots oso ozenarekin, "Jesus", "Gure Aita", "Agur Maria" eta "Joan". Ondoren, kapitain jeneralak alkandora bat, oihalezko jipoia, oihalezko galtzak, barretina bat, ispilu bat, orrazi bat, txilinak eta beste gauza batzuk eman zizkion, eta agur esan zion. Oso pozik eta zoriontsu joan zen. Hurrengo egunean, animalia handi haietako bat ekarri zion kapitain jeneralari; haren truke gauza asko eman zizkioten, eta helburua gehiago ekartzea zen. Baina sekula ez zen itzuli. Gurekin hizketan jardutearren hil ote zuten pentsatu genuen.
2020/06/06PIGAFETTA, 1520-06-06