2020/10/24PIGAFETTA, 1520-10-24

Guk galdutzat genituen ordurako; lehenik eta behin, izugarrizko ekaitzagatik; gero, bi egun igaro zirelako banandu ginenetik, eta baita bi marinelek lehorretik egiten zizkiguten ke batzuk naufragio seinaleak zirela uste genuelako, gizon horiek guri berria emateko bidali zituzten hara. Horretan pentsatzen geundela, bi ontziak agertzen ikusi genituen, belak puztuta zituztela, eta itsas haizeak haien banderak astintzen zituen bitartean gerturatu ziren. Gureen ondora heldu zirenean, bonbarda eta deiadar ugariren hots ozena entzuten zen; gero, lauak lerroan, Jaungoikoari eta Ama Birjinari eskerrak emanez, aurrera egin genuen harantzago zer zegoen bilatzeko.

Itsasarte hartan barrena gindoazela, bi aho zeudela ikusi genuen: bata Hego-ekialdean, bestea Hego-mendebaldean. Kapitain jeneralak San Antonio ontziari aurrea hartu zion, Concepción ontzia lagun zuela, Hego-ekialdeko ahoak urak Itsaso Barean isurtzen ote zituen ikus zezaten. San Antonio ontziak ez zuen Concepciónen zain egon nahi izan, Espainiara itzultzeko ihesari emateko asmoa baitzuen, eta hala egin zuen. Bertako pilotuak, Esteban Gomezek, gorroto bizia zion kapitain jeneralari; arrazoia hauxe zen: gure ontzidia prestatu aurretik, enperadorearengana joan zen lurrak deskubritzeko karabela batzuk emango zizkiolakoan; kapitain jeneralaren agerraldiarekin, ordea, erregeak ez zizkion eman. Ontzi hartan harrapatu genuen beste erraldoia zihoan; zonalde beroan sartu bezain laster hil zen, ordea.

Concepción ontzia, abiatzean hari segitu ezinik, batetik bestera zebilen haren zain arriskurik ikusi gabe. Ez zekienez gero San Antoniok, gaua aprobetxatuz, atzera egin zuela eta bere ontzi bidaideekin batera zuhurtziaz jokatuz lehen sartu ziren lekutik ahora heldu zela. Gu Hego‑mendebaldeko ahoa esploratzeko saialdian genbiltzan. Itsasartea arretaz zeharkatuz, ibai batera iritsi ginen eta "Sardinen ibaia" izena jarri genion, asko baitzeuden bere barran; eta lau egunez denetan entretenitzen ibili ginen, beste bi ontziak gurekin elkartuko ziren arte denbora egitearren. Hala, egun haietan ondo egokitutako batel bat bidali genuen beste itsasoko lurmuturra begiztatu zezan. Hirugarren egunean gaua sartzean bueltatu zen, eta lurmuturrean barrena eta baita itsaso zabalean ere sartu zirela esplikatu zigun. Kapitain jeneralak pozez egin zuen negar, eta “Lurmutur Irrikatua” izena eman zion hari, guztiok hainbeste denbora irrikatu genuelako. Atzera bueltatu ginen beste bi ontzien bila, baina Concepción aurkitu genuen bakarrik. Eta bere kidea non zen galdetuta, zapaltzen zuen ontziko kapitain eta pilotua baino ez zela bera erantzun zuen Gioan Serranok, lehen galdu zen hartakoa izan zen bezala; baina besteaz ez zekiela ezer, eta Hego-ekialdera bideratu zirenetik ez zuela inoiz berriro ikusi. Hala, itsasarte osotik aritu ginen bere bila, baita ihes egin zuen ahotik ere. Kapitain jeneralak Victoria atzera bidali zuen, itsasartearen sarrerara, handik ote zegoen ikusteko; eta aurkituko ez balu, muinoren baten gainean bandera bat finkatzeko. Barruan mapa bat zeraman eta lurrean sartuko zuten mastaren ondoan; era horretan, deskubrituz gero, mapa aurkitu eta jarraitzen ari ginen norabidea jakin zezaten. Horiek baitziren ezarritako gure aginduak, baldin eta ontziren bat besteetatik urruntzen bazen. Aldi hartan bi bandera finkatu ziren mapekin. Bata, aurreneko badiako mendixka baten gainean; bestea, hirugarrenaren uhartetxo batean, itsas lehoiz eta txori handiz bete-betea. Kapitan jenerala Victoria berarekin Isleo ibaiaren ahoaren aurrean elkar zedin zain zegoen bere bi ontziekin, horregatik ibaiaren aurrez aurreko uharri baten gainean hirugarren gurutze bat kokatu zuen: ibai hura elurrez zeharo estalitako mendi tartetik jaisten zen eta Sardinen ibaitik oso gertu itsasoratzen da.

Itsasarte hori aurkitu izan ez bagenu, kapitain jeneralak Polo Antartikoko 75 gradura arte jaistea aurreikusita zuen, zeren eta altitude horretan eta urtaro hartan, inoiz ez baita gaua sartzen edo oso laburra baita: hau da, neguan egunarekin gertatzen den bezala. Hala, sinetsi iezadazu Jaun txit goren horrek, itsasarte hartan egon ginen bitartean, hiru ordukoak besterik ez zirela gauak, eta urria zen orduan. Gure ezkerraldeko lurrak Hego-ekialdera zeuden orientatuta eta baxuak ziren.

Itsasarte horri "Patagoniako itsasartea" deitu genion; bertan, legoa erdi bakoitzeko, oso portu seguruak daude, ur bikainak, egurra –zedrozkoa bakarrik, ordea–, arrainak, sardinak, muskuiluak, apioa eta belar gozoa –baita beste mikatz batzuk ere– dituzte. Belar hori erreken ondoan jaiotzen da eta egun dezente eman genituen hori bakarrik jaten. Ez dut uste munduan itsasarte ederragorik denik, ezta hobeagorik ere. Ozeano itsaso honek arrantzarik oparoena eskaintzen du.

Hiru arrain-mota daude, besoa bezain luzeak eta are luzeagoak, “urraburuak”, “albokerak” eta “atuntxikiak” esaten diete; eta hegan doazen beste arrain batzuk jazartzen dituzte, "kolondrinoak" –luzeak, arra bat luzeagoak ere–, zapore gozo‑gozoa dutenak. Hiru espezie haietakoek hegaztiren bat aurkitzen dutenean, bigarrenek, berehala, uretatik salto eta hegan egiten dute –hegoak blai-blai eginda eduki arren–, balezta tiro batek baino tarte handiagoa aurreratzen dute. Hegaldian berehala besteak ur azpitik bere itzalari segika atzetik etortzen zaizkio. Txoria uretara oraindik erori ez dela, amen batean, harrapatu eta jan egiten dute. Ikusgarria, benetan.

Hitz horiek guztiak ontzian genuen erraldoiak erakutsi zizkidan, capac eskatu zidan, hau da, ogia –horrela deitzen diote haiek ogi moduan erabiltzen duten sustrai hari–, eta oli ere, hau da, ura, eta bi izenak idazten ikusi ninduen; gero beste batzuk esateko eskatu nion eta ulertu egiten zidan luma eskuan nuelako. Behinola gurutzea egin, musu eman eta aurkeztu egin nion. Momentuan honakoa oihukatu zuen: "Setebos!" eta keinuka adierazi zidan gurutzea berriro eginez gero, gorputzaren barruan sartu, eta leherrarazi egingo ninduela. Erraldoiak bere burua ondo ikusi ez zuenean, ordea, gurutze bat eskatu eta asko besarkatu eta musukatu zuen. Kristau egin nahi zuen hil aurretik. Pablo izena eman genion. Jende horrek sua piztu nahi duenean, bi adar zakar elkar igurzten ditu, pizten den txinpartak adar horien artean ipintzen duten zuhaitz bihotz batean su har dezan.