2020/11/28PIGAFETTA, 1520-11-28

1520ko azaroaren 28an, asteazkenean, itsasarte hartatik irten eta Itsaso Barean sartu ginen. Hiru hilabete egon ginen janari freskorik probatu gabe. Galleta jaten genuen: ezta galletarik ere ordurako, bere hautsa baizik, zizare mordoarekin, onena haiek janda zutelako; arratoi ugerren kirats izugarria zuen. Eta ur horixka edaten genuen, egun askoz usteldutakoa, eta gure elikadura osatzeko idi larruzko uztaiak genituen, masta nagusiko gabian, sokak igurtzietatik babesten zituztenak; eguzkiak, euriak eta haizeak gogor-gogor utzitako larruak. Lau edo bost egun itsas uretan baretzen utzita eta gero txingarretan pixka bat jarrita, tira, jan egiten genituen, zerrautsa baino hobeto, eta horri ere ez genion muzin egiten.

Arratoi bakoitza dukat erditan saltzen zen, eta hortik gora ere agertu izango balira. Neke guztien gainetik, ordea, hauxe zen okerrena: batzuei hortz gainetik hazten zitzaizkien oiak –ahoko behekoak zein goikoak­–, jateko modurik izaten ez zuten arte: hala hiltzen ziren gaixotasun horretaz. Hemeretzi gizon hil ziren, baita erraldoia eta Verzin lurretako beste indiar bat ere. Beste hogeita bost edo hogeita hamar gizon gaixotu ziren, batzuk besoetan, batzuk hanketan edo beste alderen batean; hala, gutxi batzuk geratzen ziren osasun onez.

Jaungoikoari esker, nik ez nuen gaixotasunik izan.

Hiru hilabete eta hogei egun horietan Itsaso Bareko lau mila legoa inguru egin genituen, banda bakar batean (barea da, benetan, hainbeste denboran ez baikenuen ekaitz bakar bat ere ezagutu); lurrik batere ikusi gabe, jenderik gabeko bi uhartetxo baizik, non ezer ere ez genuen aurkitu, txoriak eta zuhaitzak izan ezik. "Uharte Dohakabeak" izena eman genien. Berrehun legoara daude bata bestetik. Ez zegoen non ainguratu haien inguruan; bai, ordea, marrazo ugari. Uharteetatik lehena 15 graduko latitude australean dago; bestea, 9 gradukoan.

Egun bakoitzeko, hirurogei edo hirurogeita hamar legoa egiten genituen belak erabili gabe edo popaldera. Eta, hain Jaungoikoak eta bere Ama Bedeinkatuak eguraldi onarekin lagundu izan ez baligute, itsaso zabal-zabal hartan gosez hilko ginatekeen seguru.

Itsasarte hartatik irtetean, Mendebalderako norabidea aldaketarik gabe hartu izan bagenu, lurrik topatu gabe itzulia eman izango genioke munduari, Hamaika Mila Birjinen lurmuturreraino: horrek markatzen baitu itsasarte horretarako sarbidea Ozeano Itsasotik, Ekialdetik, Lurmutur Irrikatua Itsaso Barera, Mendebaldera, irteera den bezala. Bi lurmuturrak zehatz-mehatz Polo Antartikoko 52 graduko latitudean zeuden. Polo Antartikoa ez dago Artikoa bezain izartsu. Izar txiki ugari ikusten dira taldekatuta, bi izar-laino eratzen dituzte elkarrengandik ez oso urrun eta distira gehiegirik gabe. Bien arteko tartean bi izar nagusi sortzen dira, horiek ere ez oso distiratsuak eta oso geldiak. Gure iparrorratza beti desbideratzen zen Polo Antartikoaren hurbiltasun harekin, indar handikoa baitzen haren erakarpena. Hala ere, ur haietan beti belak zabalik aurrera eginez, kapitain jeneralak bere pilotu guztiei euren nabigazio‑mapetan zer norabide markatzen zuten galdetu zien. Berak zehatz-mehatz trazatu zien norabidea erantzun zioten aho batez. Hark orduan esplikatu zien norabide horrek oker ematen zuela –arrazoi osoa– eta komeni zela iparrorratza kalkuluekin osatzea, polo magnetikoen erakarpena kontuan hartuta. Eguneko bide horietan bost izar distiratsuk osatutako gurutze bat ikusi genuen, Mendebalderako norabidean eta simetria handiz antolatuta.

Egun horietan Mendebalde eta Ipar-mendebaldearen artean nabigatzen aritu ginen eta baita laurdena Ipar-mendebaldera ere, haize horren eta lehenengoaren artean kargatuta: ekuatorera heldu ginen arte, banaketa-lerrotik 125 gradu luzera. Banaketa-lerroa 30 gradura dago Hegoaldeko longitudean eta 3 gradura Cabo Verdetik Ekialdera. Hala, bi uharte oparo‑oparotatik gertu pasatu ginen; bata 20 graduko latitude antartikoan dago, Cipangu izenekoa; bestea 15 gradutan, Sumdit Pradit izenekoa. Ekuatore-lerroa zeharkatuta, Mendebaldearen eta Ipar‑mendebaldearen artean nabigatu genuen eta Ipar-mendebalde laurdena Mendebaldera; gero berrehun legoa Mendebaldera egin genituen, eta laurdena Hego‑mendebaldera aldatu genuen norabidea Polo Artikoko 13 gradutaraino. Horrela Gaticara lurmuturreko lurretara hurbiltzen joan ginen, lurmuturra –barkatuko didate kosmografoek ez baitute ezagutzen– ez dagoen haiek uste duten lekuan, Iparrera 12 gradu baizik, gutxi gorabehera.