2021/03/18PIGAFETTA, 1521-03-18

 

Martxoaren 18an, astelehenean, bazkalostean bederatzi gizon batel txiki batean hurbiltzen zirela ikusi genuen; kapitain jeneralak inor ez mugitzeko ezta hitzik egiteko agindua eman zuen, harik eta berak baimendu arte. Lehorreratu bezain laster, haien burua kapitain jeneralarengana hurbildu zen, gu etorri izanagatik pozik zegoela zirudien. Tematuenen arteko bost gurekin geratu ziren; gainontzekoak desagertu eta lagunen bila joan ziren, handik arrantzan zebiltzan. Beraz, azkenean, guztiak ikusi genituen.

Kapitain jeneralak gizon horiek zentzuzkoak zirela ikusita, janaria eman genien, eta baita barretina gorriak, ispiluak, orraziak, txilinak, marfila, oihalak eta beste gauza asko ere. Kapitainaren adeitasunari erantzuteko, arrainak, pitxer bat palmondoko ardo (“vraca” deitzen dute), arra bat baino handiagoak ziren pikuak, piku txikiagoak (eta goxoagoak) eta bi koko eman zizkiguten. Une hartan zeukaten bakarra zen, baina keinu askorekin lau egunetan umay (arroza), kokoak eta bestelako jakiak ekarriko zizkigutela jakinarazi ziguten. Kokoak palmondoen fruituak dira. Guk ogia, ardoa, olioa eta ozpina daukagun bitartean, herri horrek aipatutako zuhaitzetik lortzen du guztia. Ardoa honela ateratzen dute: zuhaitza parterik altu eta samurrenean zulatzen dute, palmondo nanoan, eta bertatik muztioaren antzeko likore bat ateratzen da, zuria eta goxoa, baina baita pixka bat garratza ere. Horrekin hanka bateko zabalerakoak edo lodiagoak diren kanaberak betetzen dituzte. Goizean (gauean edateko) eta gauen (goizean edateko) enborrari lotuta uzten dituzte. Palmondoak lehen aipatutako koko fruta ere ematen du. Pertsona baten buruaren tamainakoa da, gutxi gorabehera. Kanpoen dagoen azala berdea da eta bi hatzeko lodierakoa, besteak beste, harizpi batzuek osatzen dute eta horiekin tokikoek haien txalupentzako sokak ehotzen dituzte. Azal horren azpian beste bat dago, gogorra eta intxaur batena baino nahiko lodiagoa. Normalean hori erre egiten dute eta errautsak haien margorako erabiltzen dituzte. Azpian, azkenik, mami zuri eta gogortua dago, hatz bateko lodiera dauka eta fresko jaten dute arrainarekin batera, guk ogia bezala, zaporeak arbendolarena gogora ekartzen du. Hori lehortuta ogia oratuko litzateke. Mamiaren barruan ur garbi, goxo eta oso freskagarria dago; jalkitzen utziz gero, izoztu egiten da eta azkenean sagar antzekoa lortzen da. Olioa eduki nahi dutenean, mamia eta ura usteltzen uzten dituzte, gero irakin eta gurinarena dirudien olioa lortzen dute. Esnea ere lor daiteke, hori da guk egiten genuena. Mamia birrintzen genuen, gero urarekin nahasten genuen, eta, hori ondo iragazita eta oihal baten bitartez marruskatuta, ahuntzaren esnearen antzekoa lortzen genuen. Palmondo horiek datil-palmondoen antzekoak dira, baina ez hain korapilatsuak, baizik eta leunak. Hamar pertsonako familia bat bi palmondorekin mantendu daiteke, baina zortzi egunez ardoa batetik atera behar da eta beste zortziz bestetik; atsedenik gabe zulatuz gero, azkenean lehortuko bailirateke. Ehun urte irauten dute.

Herri horiek konfiantza handia hartu zuten gurekin. Gauza askori nola deitzen zieten eta handik ikus genitzakeen uharte guztien izenak esan zizkiguten. Haiena Zuluan deitzen zen eta ez zen oso handia. Haien tratamenduak asko poztu gintuen, oso atseginak zirelako eta asko hitz egiten zutelako. Ohore gehiago emateko, kapitain jeneralak bere itsasontzira eraman zituen eta generaman guztia erakutsi zien: iltzea, kanela, piperbeltza, intxaur muskatua, haren oskola, urrea eta kroskoan zegoen beste guztia. Bonbardaren bat ere jaurti zuen; eta haiek, erabat beldurtuta, kareletik salto egiten saiatu ziren. Gure bidaiaren norabidean zeuden lurretan guk generamana ematen zela ulertarazten zizkiguten zeinuak egiten zituzten. Alde egin aurretik, heziera eta grazia handiarekin baimena eskatu eta itzuli egingo zirela promes egin zuten berriro ere. Gu geunden uhartetxoa Humunu zen; baina han bi ur iturri oso garbi aurkitu genituenez, guk “Seinale onen ura” izena jarri genion. Azken horrek, era berean, lehenengo urre arrastoei egiten zien erreferentzia, ageriak ere. Labur esanda, koral zuri asko aurkitzen dira, eta baita zuhaitz erraldoiak ere, arbendola baino fruitu txikiagoak ematen dituztenak, pinaziak bezalakoak. Eta palmondo asko daude, baina nahiko antzuak. Bertan irlak ugaritzen dira, beraz uhartediari ere izena jarri genion: “San Lazaro” [gaur egungo Filipinak], haren igandean aurkitu izanagatik.

Polo Artikoarekiko 10 graduko latitudean dago eta abiapuntutik 161 graduko longitudean.