2021/03/22PIGAFETTA, 1521-03-22

Martxoaren 22an, ostiralean, eguerdian gizon horiek bi txalupatan agertu ziren berriro, agindu bezala. Kokoak, laranja goxoak, zahagi bat palmondoko ardo eta oilar bat ere ekarri zizkiguten; han oiloak hazten zirela frogatzeko. Oso pozik zeuden gu berriz ere ikusteagatik eta denetarik erosi genien. Haien burua gizon zaharra zen eta oso margotuta zegoen, belarrietan urre trinkozko uztaiak, urrezko besoko asko eta buruan lotuta zapi bat zeramatzan. Bertan zortzi egunez egon ginen eta kapitaina egunero jaisten zen gaixoak ikustera. Goizero eskuarekin koko barruko ur hori ematen zien eta horrek asko suspertzen zituen.

Uharte hartatik hurbil, gizon batzuk bizi dira eta haien belarrietatik beso bat kabitzeko adina handiak diren uztailak zintzilikatzen dituzte. Herri horietakoak kafreak dira, atseginak, alegia; biluzik doaz, lotsariak estaltzeko enborraren azalarekin ehundutako oihal bat besterik ez daramate, eta nagusiek bakarrik zetarekin brodatutako kotoizko oihalak erabiltzen dituzte, turbante berezi gisa. Oliba-kolorekoak eta lodiak dira, haien buruak margozten dituzte eta eguzkitik eta haizetik babesteko koko edo sesamo olioarekin igurtzen dira. Ile oso beltza dute, gerriraino, eta dagak, aiztoak, urrezko lantzak, ezkutuak, amuak, arpoiak eta saskiratzen arrantzatzeko sareak dauzkate. Haien txalupak gure faluen antza daukate.