Martxoaren 28ko, osteguneko, goizean, uharte batean ainguratu genuen, bart gauean bertan sua ikusi genuelako. Itsasontzi kapitainera zortzi gizon zeramatzan txalupa txiki bat (“boloto” deitzen dute) hurbiltzen zela ikusi genuen. Kapitain jeneralaren Sumatrako (lehen Traprobana deitzen zen uhartea) esklabo batek hitz egin zien eta berehala ulertu zioten. Gure kroskora hurbildu ziren, baina ez zuten inolaz ere igo nahi, mesfidati zeuden. Kapitainak mesfidantza nabaritu eta barretina gorri bat bota zien, beste zenbait gauzekin batera, denak ohol zati bati lotuta. Oso pozik hartu zuten eta segidan haien erregeari abisua emateko itzuli ziren. Ia bi ordu igaro ondoren, jendez betetako bi balangai (horrela deitzen diete ontzi handiagoei) zetozela ikusi genuen; handienean, ehotutako errezel baten azpian, erregea zegoen eserita. Jada itsasontzi kapitainaren ondoan zeudenean, esklaboak hitz egin zion. Erregeak esandakoa ulertu zuen, toki horietan erregeek haren mendekoek baino hizkuntza gehiago baitakizkite. Batzuei igotzeko agindua eman zien, baina berak ez zuen inoiz haren balangaia utzi eta gugandik hurbil geratu zen. Mandatariak itzuli arte itxaron zuen, eta, itzuli bezain laster, bira egin zuen. Kapitain jeneralak ohore handiak egin zizkien itsasontzira igo zirenei eta zenbait gauza eman zizkien, horregatik, joan aurretik, erregeak kapitainari urrezko barra handi bat eta jengibrez betetako otarre bat eman nahi zizkion. Kapitainak, asko eskertu arren, ez zituen opariak onartu nahi izan. Ilunabarrean, monarkaren esparrura hurbildu genuen itsasontzia.
2021/03/28PIGAFETTA, 1521-03-28