Hurrengo egunean, Ostiral Santuan, kapitainak interprete lanak egingo zituen esklaboa txalupa batean bidali zuen lurrera, jakiak edukiz gero, horiek ontzira ekartzeko erregeari eska ziezaion. Horrela gurekin bat etorriko litzateke, izan ere, guk haien erreinua eskatzen genuen, lagun gisa, ez etsai gisa. Orduan erregea sei edo zortzi gizonekin ontzi berean itzuli eta gurera igo zen, bertan kapitain jenerala besarkatu zuen. Arroz gordinez betetako eta hostoekin estalitako portzelanazko hiru murko, bi urraburu erraldoi eta jaki gehiago eman zizkion. Kapitainak erregeari diseinu turkoa zeukan oihalezko tunika gorri eta horia eta oihal oneko barretina bat eman zion, gorria ere; horrekin batera aiztoak eta ispiluak eman zizkion. Gero jateko eman zien eta esklaboaren bitartez ia-ia haren anaia bezalakoa izan nahi zuela esan zion monarkari; hark berak ere hala nahi zuela erantzun zion. Horren ostean, kapitainak hainbat koloreko oihalak, ehunak eta generamatzan beste gauza asko erakutsi zizkien. Azkenean artilleria erakutsi zien eta tiro eginarazi zuen. Batzuk asko ikaratu ziren. Ondoren, gizon bat koraza guztiarekin armatu zuen, beste hiru haren inguruan jarri zituen eta aurrenekoari ezpata eta sastakaiekin gorputz guztitik jotzen zioten. Hori ikusita, erregea erabat txundituta geratu zen. Esklaboaren bitartez, gizon armatu batek bere ehun gizonek beste balio zuela esan zuen; baietz erantzun zion eta itsasontzi bakoitzean horrela armatzen ziren berrehun gizon zeudela. Bular-babesak, ezpatak eta erredolak azaldu zizkion, gizon batek bakoitza nola erabiltzen zen erakusten zion bitartean. Azkenik, popako aginte‑zubira eraman eta nabigazio-mapa eta iparorratza ekartzeko agindua eman zuen. Interpretearen bitartez, hara heltzeko itsasartea nola aurkitu zuen eta lurra ikusi gabe zenbat ilargi egon ginen azaldu zion. Liluratu egin zen. Agur esatean, era berean bere gauza batzuk erakusteko bi gizon hartzea gustatuko litzaiokeela esan zuen erregeak. Kapitainak gogo onez egingo zuela erantzun zion. Ni joan nintzen, beste batekin.
Lurra zapaldu bezain laster, erregeak eskuak zerura altxatu zituen eta gero guri begiratu zigun; guk tentu handiz gauza bera egin genuen, beste guztiek bezalaxe. Erregeak eskutik hartu ninduen eta garrantzizko beste gizon batek nire lagunari, horrela kanaberazko estalpe batera sartu ginen, non balangai oso luze (nire laurogei arra ingurukoa), mehe eta gondola bat bezain liraina zegoen. Popan eseri ginen, keinuen bitartez hitz egiten genuen. Tribu guztiak zutik inguratzen gintuen, ezpata, daga, lantza eta ezkutuekin. Txerrikia zuen plater bat eta pitxer handi bat bete ardo ekartzeko agindua eman zuen. Mokadu bakoitzeko, katilu bat ardo edaten genuen; erregeak batzuetan (gutxitan) soberan zeukana berak bakarrik erabiltzen zuen pitxerrera botatzen zuen berriz ere. Haren katilua beti zegoen estalita eta nik eta hark baino ez genuen handik edaten. Erregeak trago bat emango zuen bakoitzean, eskuak elkarturik zerura igo eta gero guregana eramaten zituen; ondoren, oraindik edan aurretik, ezkerreko ukabila niregana aurreratzen zuen (hasieran ukabilkada bat eman nahi zidala uste nuen). Azkenean, edan egiten zuen eta, nire txanda zenean, nik hark egindakoa imitatzen nuen. Gainontzekoak ere segidan keinu berberak egiten zituzten. Zeremonia eta hainbat adiskidetasun seinaleren ostean, askaria amaitutzat eman genuen.
Ostiral Santuan okela jan nuen, baina zer egin nezakeen? Afalordua baino lehen, ekarritako gauza asko eman nizkion erregeari eta haren hizkuntzako hainbat hitz idatzi nituen. Haien hitzak idazten eta gero errepikatzen, irakurtzen, ikusi nindutenean, erregea eta gainontzekoak aho bete hortz geratu ziren. Horren ostean, afaltzeko unea heldu zen. Portzelanazko bi plater handi ekarri zituzten, bata arrozez betea eta bestea txerrikiz, bere koipearekin. Afaltzean, keinu erakustaldi bera egin genuen; gero erregearen jauregira joan ginen, belarrezko piramide baten forma du eta pikondo hostoez eta palmaz erabat estalita dago. Lurretik aldentzeko hesola lodien gainean egin zuten, beraz, sartzeko eskailera batzuk igo behar genituen. Zumez egindako zerria batean esertzeko esan zigun, jostunak bezala hankak gurutzatuta. Ordu erdi igaro eta gero, ardoa eta inguruan jengibre puskak zituen arrain errea ekarri ziguten plater batean. Erregearen seme nagusia, printzea zena, gu geunden tokian agertu zen, erregeak gure ondoan esertzeko esan zion eta hala egin zuen. Printzearekin ere jateko helburu bakarrarekin, beste bi plater ekarri zituzten: batak arraina saltsan zuen eta besteak arroza,. Hainbeste jan eta edan ostean, nire kidea mozkortu egin zen. “Anima” izeneko erregaia erabiltzen duten lanpara batzuekin egiten dute argia, erregai hori zuhaitz bateko erretxina da eta palmondo eta pikondo hostoekin biltzen dute.
Erregeak lotara joan nahi zuela ulertarazi zigun; printzearekin utzi gintuen, eta, harekin geundela, zumezko zerria eta orbelezko kuxinetan atseden hartu genuen.