2021/03/30PIGAFETTA, 1521-03-30

Hurrengo egunean, erregea itzuli eta eskutik hartu ninduen, hala joan ginen afaldu genuen tokira, gosaltzeko asmoz, baina txalupa bat gu jasotzeko hurbiltzen zen jada. Joan aurretik, erregeak poztasunez eskuan musu eman zigun eta guk biok berdin erantzun genion; haren anaiak beste hiru gizonekin lagundu zigun. Beste uharte bateko erregea zen. Kapitain jeneralak itsasontzian gosaltzen geratzeko esan zion eta opariz bete zuen.

Itsasontzira eraman nuen beste errege haren uhartean, intxaurren edo are arrautzen tamainako urrezko pipitak aurki daitezke, lurra bahetu baino besterik ez da behar. Errege haren murko guztiak urrezkoak dira eta baita etxeko atal batzuk ere. Hala esan zigun berak. Janzkera eta bere burua zaintzeko arretagatik, herri horietan ikusitako gizonik ederrena zen. Zetazko turbantearen azpiko ile beltz‑beltza bizkar erdiraino heltzen zitzaion, eta, belarrietatik urrezko bi uztai erraldoi zeuzkan zintzilik. Gerritik belauneraino, zetaz brodatuta zeuden oihalezko fraka bonbatxoak zeramatzan. Alboan, izugarrizko eskutokia (urrezkoa ere) zeukan daga bat zuen, zizelkatuta zegoen zurezko zorroan sartuta; azkenik, hortz bakoitzean urrezko hiru orban zituen, bertan ezarrita zeudela zirudien. Estorake eta benjui lurrinen usaina zuen; margo ugariaren azpian oliba-kolorekoa zen. Haren uhartea Butuan eta Calaghan deitzen da. Erregeak elkartu nahi direnean, ehizan joaten dira aurrez aurre geneukan uhartean. Lehenengo erregea Colambu deitzen da; bigarrena, raja Siain.