Igandean, martxoaren eta Pazkoaren azken egunean, goizean goiz kapitain jeneralak apaizari zenbait bizkartzainekin batera lurrera joateko esan zion, meza esateko toki bat prestatzeko. Interpretea ere haiekin joan zen, tokikoekin jatera joan beharrean, meza entzutera gindoazela esateko. Hala ere, erregeak hildako bi txerri bidali zizkigun. Zeremoniaren ordua heldu zenean, berrogeita hamar gizon inguru lurreratu ginen geneukan arroparik onenarekin, korazarik gabe, baina armatuta. Hondartzara iritsi aurretik, sei bonbarda jaurti zituzten festaren seinale gisa. Lurrera jaitsi ginenean, bi erregeek kapitain jenerala besarkatu zuten, bien artean kokatu eta horrela joan ziren santututako tokira, itsasertzetik ez oso urrun. Sakrifizioa hasi aurretik, kapitainak erregeen gorputz guztia lurrindutako urarekin busti zuen. Limosnak eskaini genituen; erregeak gu bezala hurbildu ziren gurutzean musukatzeko, baina ofertoriorik gabe.
Gure Jaunaren gorputza altxatzean, belaunikatuta geratu ziren eta eskuak elkartuta zituztela gurtzen zuten. Kristoren gorputza jasotzean, karabelek aldi berean artilleria guztia jaurti zuten eta arkabuzekin lurrera jaisteko seinalea eman zioten. Meza amaituta, gutako batzuek Jauna hartu zuten. Kapitain jeneralak ezpaten dantza egitea agindu zuen eta erregeek atsegin handiz ikusi zuten, geroago iltzeak eta koroa zituen gurutze bat ekartzeko agindua eman zuen eta berehala gur egin zion. Enperadoreak, bere nagusiak, egondako toki guztietan seinalea uzteko estandartea eman ziola azaldu zien interpretearen bitartez, eta, erregeen mesederako, han jarri nahi zuela. Horrela, gure ontziak hurbiltzekotan, gurutzea ikusita gu jada han egon ginela jakingo zuten eta ez zieten haiei ezta haien gauzei kalterik egingo. Haietako norbait preso hartzekotan, seinale hori erakutsi baino ez zuten behar libre uzteko. Laburbilduz, gurutze hura tokiko mendirik altuenaren tontorrean jartzea komeni zitzaien, horrela, goizero ikustean, gurtu zezaten; izan ere, hori zen trumoiak, tximistak eta ekaitzak kalterik ez egiteko modua.
Asko eskertu zioten eta gogo onez hori guztia egingo zutela bermatu zuten. Gainera ea mairuak edo jentilak ziren edo norengan sinesten zuten galdetu zien; eta inor ez zutela gurtzen erantzun zioten, eskuak elkartuta eta aurpegia zerura altxatu zituzten, besterik ez, eta haien jainkoa “Abba” deitzen zela esan zuten. Esandakoak kapitainari poza eman zion. Hori ikusita, lehenengo erregeak eskuak zerura altxatu zituen eta, ahal izatekotan, harekiko maitasunaren frogak eman nahi zizkiola esan zuen. Interpreteak galdetu zion ea han zergatik zituzten hain jaki gutxi. Bertan, ehizatzeko eta bere anaia ikusteko baino ez zela bizi erantzun zion; eta, normalean, bere jendearekin beste uharte batean bizi zela.
Etsairik ba al zuen galdetu zion berriz ere, eta, hala izatekotan, aitortzeko esan zion, itsasontziak joango zirelako herri horiek suntsitu eta haien esanak betetzen behartzera. Eskertu egin zuen eta baietz erantzun zion, bazituela bi uharte etsai, baina ez zegoela arrazoirik haiei erasotzeko. Jainkoaren nahia beste bidaiaren batean kapitaina lur haietara heltzea bazen, (Colambuk) lur horiek guztiz menderatzeko adina jende eramango zuela esan zion kapitainak. Jada bazkaltzeko ordua zela gaineratu zuen eta gero gurutzea mendian jartzeko itzuliko zirela. Gogoz egingo zutela esan zioten berriz ere. Batailoiak paradan desfilatu eta mosketeak jaurti ostean, kapitainak beste behin besarkatu zituen bi erregeak eta haien baimenarekin joan ginen.
Bazkalostean, armarik gabe itzuli ginen eta, ia bi erregeak baino ez buruan zihoazela, aurkitu ahal izan genuen tontorrik garaienera igo ginen. Tontorra zapaltzean, izerdiak benetan merezi izan zuela esan zien kapitainak, estimu handia zielako; izan ere, bertan gurutzea izanda, laguntza baino ez zuten izango. Hornitzeko porturik onena zein zen galdetu zien. Hiru zeudela esan zuten: Ceylon [gaur egungo Sri Lanka], Zubu [gaur egungo Cebu] eta Calaghan; baina Zubu zela handiena eta merkataritzarik onena zeukana. Bidea erakusteko bi pilotu eskaini zizkiguten.
Kapitain jeneralak eskerrak eman zizkien eta esandako tokira joateko erabakia hartu zuen, haren zorigaitzak hala agintzen baitzuen. Gurutzea finkatuta, gutako bakoitzak aitagure eta abemaria bat errezatu zuen, gurutzea gurtzeko; erregeek ere berdin egin zuten. Gero, ereindako zelaietatik jaitsi ginen, balangaia zegoen tokiraino. Erregeek koko batzuk ekartzeko agindua eman zuten, eztarriak freskatu genitzan. Azkenik, eskainitako pilotuak eskatu zizkien kapitainak, egunsentiarekin itsasoratu nahi zuelako. Bere burua bezain ondo zainduko zituela esan zien eta, gainera, gutako bat bertan utziko zuela. Edozein unetan haren aginduetara zeudela erantzun zioten. Baina, gaua iristean, lehenengo erregeak iritzia aldatu zuen. (...)