2021/04/01PIGAFETTA, 1521-04-01

(...) Goizean, jada abiatzeko prest geundela, kapitain jeneralari bi egun itxaroteko mezua bidali zion, arroza eta beste uztak bildu arte; gizon batzuk laguntzera joatea ere erregutu zion, horrela azkarrago amaitu eta erregea bera gure pilotua izan zitekeelako, zor zion maitasunaren erakusgarri.

Kapitainak gizon batzuk bidali zizkion, baina hainbeste jan eta edan zuten erregeek, ezen logurak jota makal egon ziren egun guztian. Barka geniezaien, zenbait gaizki sentitzen zirela esan zuen. Lehenengo egun hartan, gure gizonek ez zuten ezer egin; baina hurrengo bietan lan egin zuten. Indigena haietako batek arroza eta zortzi edo hamar piku (dena lotuta) zeuzkan katilu bat ekarri zuen eta gutxienez hiru txanpon balio dituen aizto bat trukean ematea nahi zuen. Kapitainak aiztoan zenbaterainoko interesa zeukan ulertu eta hori burutik ken zezan deitu zuen. Katanarruan eskua sartu eta arrozaren truke erreal bat eman nahi izan zion, baina indigenak ezetz esan zuen. Dukat bat erakutsi zion, baina hori ere ez zuen nahi. Azkenean, bi duketako dobloia emango zion. Ezerk ez zion axola, aizto batek baino ez, eta horrela, ematea lortu zuen. Gutako bat ura hartzeko lurreratu zenean, uharteko batek urre trinkozko koroa bat (bujada) eman nahi izan zion, izugarri handia, beirazko sei perla-sortaren truke; baina kapitainak uko egin zion, printzipioz gure purtzileriak haien urrea baino gehiago balioztatzen genituelako. Herriak jentilak dira; margoztuta eta biluzik dabiltza, lotsariak estaltzeko landarezko zatar bat baino ez dute; neurrigabeko edaleak dira. Emakumeak, zuhaitzetatik ateratako ehunekin ere, gerritik behera estaltzen dira eta ile beltz-beltzak lurreraino heltzen zaizkie; belarriak zulatuta eta urrez beteta daramatzate. “Areca” izeneko fruta bat mastekatzen dute uneoro, madariaren itxura antzekoa duena. Lautan zatitzen dute, horietako bakoitza zuhaitzaren (“betre” deitzen dute eta masustondoa adina handia da) hostoekin biltzen dute, dena mastekatzen dute eta ahoan patataren antzekoa dutenean, bota egiten dute. Gorri-gorri geratzen zaie ahoa. Munduko alde honetako herri guztiek hartzen dute, bihotza nabarmen freskatzen duelako. Hartuko ez balute, hil egingo lirateke.

Uharte honetan txakurrak, katuak, txerriak, oiloak eta ahuntzak daude; eta arroza, jengibrea, kokoak, pikuak, laranjak, limoiak, artoa, artatxikiak, argizaria eta urre asko ere. Iparraldeko latitudean bederatzi gradu eta bi herenetan dago, demarkazio-lineatik ehun eta hirurogeita bi graduko longitudean eta Seinale Onen Uretik 25 legoara: Mazana deitzen da.

Guztira zazpi egun egon ginen. Ostean, Ipar-mendebaldeko haizeak eraman gintuen eta bost uharteren ondotik igaro ginen: Ceylon, Bohol, Canighan, Bagbai eta Gatighan. Azken horretan arranoen tamainako saguzarrak daude; ez genuen bertan gelditu nahi eta bakarra hil genuen: oilo zaporea zeukan. Uso, usapal, papagai eta oilo itxurako beste hegazti beltz asko daude, gorputz handi eta buztan luzedunak. Horiek arrautza erraldoiak jartzen dituzte, antzararenak bezalakoak, harea azpian ezkutatzen dituzte eta beroak txitatzen ditu. Txitak harea gainetik kentzen ateratzen dira. Arrautzak jan daitezke. Mazanatik Gatighaneran hogei milia daude. Gatighanetik Mendebaldera joatean, Mazanako erregeak ezin izan zigun jarraitu; horregatik Polo, Ticobon eta Poxon uharteen artean itxarotea erabaki genuen. Heldu zenean, gure abiadurarengatik txundituta zegoen. Kapitain jeneralak hierarka batzuekin itsasontzira igotzera gonbidatu zuen eta izugarri gustatu zitzaion. Horrela Zubura heldu ginen, Gatighanetik 15 legoara.