2021/04/07PIGAFETTA, 1521-04-07

Apirilaren 7ko, igandeko, eguerdian, Zubuko portura sartu ginen eta herrixka asko utzi genituen atzean, etxe gehienak zuhaitzetan zeuden eraikita. Hirira hurbiltzean, kapitain jeneralak karabelak banderaz apaintzeko agindu zuen, bela erdizka altxatu zuten, borrokarako prestatzen ari bagina bezala, eta bonbarda guztiak jaurti zituen. Han-hemen ikaratu genituen. Kapitainak bere laguntzaileetako bat eta interpretea mandatari gisa Zubuko erregearengana bidali zituen. Lurreratu zirenean, jende piloa zegoen erregearen inguruan, oraindik bonbardaketen beldur. Halako tokietara heltzean gure ohiturak horiek zirela esan zien interpreteak: laguntasun eta erregearekiko ohore gisa bonbarda guztiak jaurtitzea. Hori entzutean lasaitu egin ziren eta erregeak haren mandatariari esan zion ea zer nahi zuten gureei galdetzea. Interpreteak esan zion haren jauna munduko errege eta printze nagusiaren kapitaina zela eta Maluco [gaur egungo Molukak] aurkitu nahi zuela. Baina, Mazanako erregearen bitartez haren ospe ona ezagutu zuenez, bisitan zetorrela, eta elikagaien ordez salgaiak ematera.

Ongi etorria eman zion, baina bere portuan hartzen zuen itsasontzi orok zerga ordaintzea zela ohitura esan zion eta lau egun baino ez zirela urrez eta esklaboz betetako Ciamako junko batek ordaindu zionetik. Bere hitzak baieztatzeko, Ciamako merkatari bat seinalatu zuen, bertan esklabo eta urrearekin merkataritzan jarraitzeko geratu zena. Hain errege handiaren kapitaina zenez, jaunak munduko beste erregeri zergarik ez ziola ordaintzen erantzun zion interpreteak, eta, bakea nahi izatekotan, bakea edukiko zuela, eta, guda nahi izatekotan, guda. Orduan, merkatari mairuak erregeari honakoa esan zion: “Cata, raja, chiba”; hau da: “Egin iezaiozu kasu, jauna… Hauek Calicut, Malaka eta India Nagusia osorik konkistatu zuten. Ondo hartzen badituzu, ondo hartuko zaituzte; txarto hartzekotan, txarto baino txarrago, Calicut eta Malakan egin zuten bezala”. Interpreteak dena ulertu zuen eta haren jauna soldadu eta itsasontziekin Portugaleko erregea baino indartsuagoa zela esan zion, eta, Espainiako errege eta kristau guztien enperadorea zela, eta, bere laguna izateari uko egitekotan, dena txikitzeko beste jende bidaliko zutela espedizio batean. Mairuak oraindik beste zerbait hitz egiten zuen erregearekin. Onduan, bere jendearen aholkuak entzungo zituela eta hurrengo egunean erantzungo zuela esan zuen. Jaki askoko bazkaria ekarrarazi zuen, okela plater guztietan (portzelanazkoak ziren) eta ardo anfora ugari zeuden. Otorduaren ostean, mezuaren berri ematera itzuli ziren gureak. Mazanako erregea, Zubukoaren ostean garrantzitsuena eta zenbait uharteren jaun zena, lurreratu egin zen haren kideari kapitain jeneralaren paregabeko adeitasunaren berri emateko.