Astearte goizean, Mazanako erregea eta mairua itsasontzira igo ziren. Lehenak kapitain jenerala Zubuko erregearen izenean agurtu zuen, eta hari emateko ahalik eta elikagai gehien biltzen ari zela esan zion, eta bazkaldu ostean iloba bat eta bi edo hiru buruzagi bidaliko zituela bakea egiteko. Kapitain jeneralak bati armadura jartzeko agindu zion eta guztiok harekin borrokatzen genuela azaltzeko agindua eman zuen. Mairua asko ikaratu zen, baina kapitainak lasaitu egin zuen, gure armak lagunekin goxoak eta etsaiekin latzak zirela esanez: eta, zapi batek izerdia hain erraz lehortzen duen bezala, gure armek fedearen aurkariak eta jazarleak lurrera bota eta suntsitzen zituztela. Hori guztia egin zuen, mairuak erregeari errepika ziezaion, besteak baino azkarragoa baitzirudien.
Jan ostean, erregearen iloba, printzea zena, Mazanako erregea, mairua, gobernadorea, txinel nagusia eta zortzi buruzagi itsasontzira hurbildu ziren gurekin bakea egiteko. Kapitain jenerala belusezko tronu gorrian zegoen; beste buruzagiak larruzko aulkietan, eta gainontzekoak tapizetan kokoriko. Kapitainak, interpretearen bitartez, haien ohitura ea publiko edo pribatuan tratatzea zen galdetu zien, eta ea printzeak eta Mazanako erregeak bakea egiteko ahalmena zuten. Publikoan eztabaidatzen zutela eta bi horiek ahalmena zeukatela erantzun zuten.
Kapitaina luze egon zen bakearen inguruan hitz egiten eta berak Jainkoari zeruan bakea indartzeko erregutzen ziola esaten. Inoiz ez zutela horrelakorik entzun erantzun zuten eta asko atsegin zitzaiela. Hain umore onez entzuten eta erantzuten zutela ikusita, kapitaina gure federa eramango zituzten gaiak jorratzen hasi zen.
Erregea hil ostean nork ordeztuko zuen galdetu zien: semerik ez zuela esan zioten, alabak baizik, eta nagusia ilobarekin ezkonduta zegoela, horregatik zen printzea. Aita edo ama zahartzen direnean, ez dira ohoratzen eta semeek haien gainetik agintzen dute. Jainkoak zerua, lurra, itsasoa eta beste hainbat gauza sortu zituen berri eman zien kapitainak, eta aita eta ama ohoratu behar zirela inposatu zuen berri (kontrakoa egitekotan, betiereko sura kondenatzen zen) eta guztiok Adam eta Evaren seme-alabak ginela esan zien, gure lehenengo gurasoak, eta guztiok arima hilezkorra daukagula eta fedearekin erlazionatutako beste hainbat gauza. Pozez zoratuta, fedea irakasteko bi gizon uzteko erregutu zioten, edo bat gutxienez, eta ohore handiz hartuko zituztela esan zioten. Momentuz ezin ziela gizonik utzi erantzun zuen; baina kristautu nahi bazuten, gure apaizak bataiatuko zituela eta beste espedizio batek kleriko eta fraideak ekarriko zituela gure fedea irakasteko. Lehenengo erregeari kontatu eta gero kristautu behar zirela gaineratu zuten. Guztiek pozaren pozez negar egiten zuten.
Kapitainak esan zien ez zirela beldurragatik edo guri atsegin emateko kristautu behar, baizik eta nahi zutelako; ordura arteko legeekin bizi nahi zirenei ez zieten kalterik egingo. Hala ere, kristauak gainontzekoak baino oniritzi handiagoa eta laudorio gehiago izango zituzten. Guztiek aho batez esan zuten ez zirela beldurragatik kristautuko, ezta guri atsegin emateko ere, baizik eta berez nahi zutelako.
Orduan, kristautzean armadura bat emango ziela esan zien, erregeak hala agindu ziolako. Jentilak izanda haien emakumeez gozatzea pekatu izugarria zela esan zien, eta, kristauak izanda deabrua ez zitzaiela inoiz gehiago agertuko, hiltzeko ordua iritsi arte. Hain hitz ederrentzako erantzunik ez zutela gaineratu zuten, gainera bere esku jartzen ziren eta zerbitzari leialenak izango ziren. Kapitainak negarrez besarkatu zituen, eta printzearen esku bat eta erregearen beste bat eskuartean zituela, Jainkoarekiko fedearen eta bere zaldun-arropen izenean Espainiarekiko betiko bakea izango zutela zin egin zien. Berdin zin egiten zutela erantzun zuten. Behin bakea eginda, kapitainak jatekoa ekarrarazi zuen; gero, printzeak eta erregeak zekartzaten opariak eskaini zizkioten kapitainari: arroza zuten saskitxo batzuk, txerriak, ahuntzak eta oiloak, eta barkamena eskatu zioten harentzako gauza oso pobreak zirelako. Kapitainak printzeari oihal leun-leuna zuen mairuen kapa zuri bat, barretina gorri bat, kristalezko perla-sortak, eta beirazko eta urre-koloreko edalontzi bat oparitu zizkion. Kristal guztiak oso baliotsuak dira han. Mazanako erregeari ez zion oparirik eman, jada Cambaiako jantzi bat eta beste opari batzuk egin zizkiolako. Laguntzaileen artean gauza gehiago banatu zituen; batzuei gauza batzuk eta besteei beste batzuk eman zizkien.
Gero, beste bat eta nire bitartez, Zubuko erregeari zetazko tunika hori eta morea (turkiar estiloan), oihal oso mehea zuen barretina gorri bat eta beirazko lepokoak bidali zizkion. Guztia zilarrezko erretilu baten gainean aurkeztu zuen eta eskuetan printzearenaren antzekoak ziren bi edalontzi generamatzan.
Hirira heltzean, erregea gizon askorekin zegoen bere jauregian, palmazko zerria baten gainean lurrean eserita. Kotoizko zakil-zorro batek baino ez zizkion lotsariak estaltzen, orratzarekin brodatutako turbante bat, balio handiko lepoko bat eta harribitxiak zituzten urrezko bi zirgilo erraldoi zeramatzan.
Lodia eta txikia zen, suarekin egindako tatuajeak zeuzkan han-hemenka. Aurrez-aurre zuen beste zerria bat erabiltzen zuen mahai-zapi gisa, portzelanazko bi murkotik tokiko suge baten arrautzak jaten ari baitzen, palmazko ardoz betetako lau pitxer ere zeuzkan, landare usaintsuekin estalita. Edozeinetik zurrupatzeko tutu bat zeukan sartuta bakoitzean. Agurtu eta gero, hainbeste oparirekin bere jauna guztiz aintzat hartzen zuela esan zion interpreteak eta bidaltzen zizkion opariak ez zirela horien truke, baizik eta berezko maitasunarengatik. Tunika estutu, barretina jarri eta gainontzekoaren zati bat eman genion. Azkenik, bi edalontziak musukatu eta buruan jarri ostean, eman egin nizkion eta zeremonia bera eginez onartu zituen. Jarraian, arrautza horietatik jateko eta tutuetatik edateko esan zigun. Bitartean, bere gizonek kapitainak esandakoa eta kristau bihurtzeko erreguak errepikatzen zizkioten. Erregeak gu afaltzeko geratzea nahi zuen; baina ezin genuela esan genion. Baimena lortu genuenean, printzeak haren etxe izugarrira eraman gintuen. Lau neskatxa zeuden musika instrumentuak jotzen: batek danborra (ia gureak bezalakoa, baina uzkurtuta), beste batek metalezko bi zati (lehenengo bata eta gero bestea) jotzen zituen muturrean palmazko oihalarekin lodituta zegoen bastoi batekin, hirugarrenak gauza bera egiten zuen metalezko erredola handiago batekin; laugarrenak, azkenik, bi mota bereko bastoitxo bata bestearen kontra jotzen zituen eta oso soinu leuna ateratzen zen. Hain batera jotzen zuten, non musikan adituak ziruditen. Laurak ederrak eta zuriak ziren, ia gure emakumeak bezala, eta gorputz proportzio berak zituzten; biluzik irten ziren, gerritik belaunera landarezko oihal bat baino ez zeramaten, eta baten batek hori ere ez. Egurrezko uztai txiki eta luze batek belarri-pabiloia desitxuratzen zien, turbante estu batekin inguratutako ile beltz luze‑luzea bertan lotuta zegoen, eta uneoro oinutsik zihoazen. Printzeak guztiz biluzik zeuden hirurekin dantzatzera gonbidatu gintuen. Aipatutako metalezko xaflak Signo Magno eskualdean egiten ziren, Txina izenez ere ezaguna. Guk kanpaiak erabiltzen ditugun bezala erabiltzen dituzte han eta aghon deitzen dira.