2021/04/10PIGAFETTA, 1521-04-10

Gauez gizon bat ontzian hil zenez, asteazkenean goizean interpretea eta ni gorpua non lurperatu genezakeen erregeari galdetzera jaitsi ginen. Pertsona askoz inguratuta ikusi genuen eta agurtu ondoren galdetu egin nion. Ondorengoa erantzun zuen: “Ni eta nire mendekoak zure jaunaren mendekoak garenez, lur hau guztiz beretzat izan dezake”. Tokia nola donetsi eta gurutze batekin seinalatu nahi genuen azaldu nion: eztabaidatu gabe oso ondo iruditzen zitzaiola eta guk egiten genuen bezala gurtu behar genuela esan zuen. Ahalik eta hoberen hilobiratu genuen plaza erdian: ondorengoenentzat adibide gisa. Gero, donetsi egin genuen. Arratsaldean, beste bat lurperatu genuen. Generamatzan gauza asko deskargatu genituen herrian eta erregeak utzitako etxe batean jarri genituen; lau gizon ere bertan geratu ziren, salgai handiekin merkataritzan aritzeko. Herri hauetan justizia erabiltzen dute; neurriak eta pisuak ezagutzen dituzte. Bakea, aisia eta gelditasuna maite dituzte. Egurrezko balantzak dituzte. Soka baten erditik zintzilikatutako barratxo bat dira, kakoa mutur batean daukate eta bestean seinaleak (hala nola laurdena, herena, libra…). Pisatzeko, hiru kordeletik zintzilikatuta dagoen platertxo bat erabiltzen dute, gureak bezalakoa, seinaleekin bete eta horrela zehazki pisatzen dute. Hondorik gabeko lau neurgailu oso handi dituzte. Mutikoek zanpoinarekin jolasten dute, gurearen antzekoa da eta “subin” deitzen dute. Etxeak ohol eta kanaberazkoak dira eta lurretik altxatzen dituzten hesolen gainean daude eginda: horregatik igotzeko eskailerak beharrezkoak dira eta gureek bezala gelak dituzte. Etxeen azpian txerriak, ahuntzak eta oiloak dituzte.

“Carniolle” izeneko animalia oskoldun asko daude, handiak eta ederrak dira, eta baleek bizirik jatean, hil egiten dituzte. Behin gorputzaren barruan, oskoletik irteten dira eta bihotza jaten diete. Indigenek hildako baleen bihotzen ondoan aurkitzen dituzte, oraindik bizirik. Carniolleek hortzak dituzte, azal beltza, eta bizkar eta haragi zuriak; han “laghan” izenarekin ezagutzen dituzte.