Igande goizean, apirilaren 14an, berrogei gizon lurreratu ginen, horietako bik armadura osoa eta estandarte erreala zeramaten. Abiatzen ari ginela, artilleria guztiaren burrunba entzun genuen. Herriak alde batetik bestera jarraitzen zigun. Erregea eta kapitain jeneralak elkar besarkatu zuten. Bandera erreala lurreratzeko bi horiek jantzita zeuden bezala berrogeita hamar gizon eta beste berrogeita hamar eskopetari egoten zirela esan zuen kapitainak; baina, maitasun handia zionez, orduan jaistea onartu zuela. Horren ostean, poz-pozik jarri ziren tribunaren aurrean. Belusezko tronu gorri eta moreetan eseri ziren biak, hierarkak kuxinetan eta gainontzekoak zerrietan.
Interpretearen bitartez, kapitainak erregeari esan zion Jainkoari eskerrak eman behar zizkiola kristautzeko inspiratu izanagatik eta handik aurrera etsaiak gainditzeko erraztasun handiagoa izango zuela. Kristaua izan nahi zuela erantzun zuen; baina nagusi guztiek ez zutela nahi, erregea bezain gizonak zirela ematen zuten arrazoi gisa. Hori entzunda, gure kapitainak erregearen gizon jentil guztiak deitzeko agindua eman zuen, eta, erregearen esana egiten ez bazuten, jarraian hil egingo zituela eta haien ondasunak monarkari emango zizkiola esan zien. Esandakoa egingo zutela erantzun zuten. Kapitainak erregeari esan zion Espainiara heldu bezain laster, hainbesteko boterea izango zuela, non gune hartako errege nagusia izango zela, kristautzeko erabakia hartzen lehena izan baitzen. Erregeak eskerrak emateko eskuak zerurantz altxatu zituen eta berriz ere erregutu zion gutako norbait haiekin geratzeko, eta horrela herriari fedea hobeto irakatsi ahal izateko. Pozik gera zedin, bi utziko zituela esan zion kapitainak; beste batzuei Espainiako gauzei buruzko informazioa emango zieten.
Plazaren erdian gurutze handi bat jarri zen. Kapitainak esan zien aurreko egunetan esan bezala kristautu nahi izatekotan, idolo guztiak erre behar zituztela eta horien ordez gurutze bat jarri behar zutela, eta, egunero eskuak elkarturik gurtu behar zutela; gainera, goizero gurutzearen seinalea egin behar zuten aurpegian (eta hori nola egin erakutsi zien). Edozein ordutan, goizean behintzat, gurutzera hurbildu behar ziren, mihiluekin gurtu eta obra onekin esandako guztia baieztatzeko ahaleginak egin behar zituzten. Erregea eta haren gizonek guztia baieztatu nahi zuten, noski. Haiei zor zien maitasunaren seinale, kapitaina guztiz zuriz jantzi zela esan zien. Hitz hain goxoei erantzuteko zer esan ez zekitela erantzun zuten. Hori esan ostean, kapitainak erregea tribunara eskutik eraman zuen, bataiatu zezaten, haren jabe zen enperadorea bezala Karlos jauna izango zela esan zion; printzea Fernando jauna, enperadorearen anaia bezala; nagusietako bat ere Fernando, gure nagusia bezala (kapitaina, hobeto esanda); eta mairua Kristobal. Gero bakoitzari izen bana eman zion.
Meza aurretik bostehun gizon bataiatu ziren. Meza entzun eta gero, kapitainak erregea eta beste nagusiak berarekin bazkaltzera gonbidatu zituen. Ez zuten onartu. Dikeraino lagundu ziguten, bonbarda guztiak berriz ere jaurti ziren eta agur esateko buruzagiek elkarri besarkatu zioten.
Bazkaldu ondoren, lurrera itzuli ginen apaiza eta beste batzuk lehorreratu eta erregina bataiatzeko. Azken hori berrogei damarekin agertu zen. Tribunara lagundu genuen eta besteak inguruan zeudela kuxin batean eserarazi genuen, apaiza berriz jantzi zen arte. Ama Birjinaren irudi bat, Jesus haurtxoaren tailla eder bat eta gurutze bat erakutsi genizkion. Hori ikusita kontrizio handia sentitu zuen eta bataioa eskatu zuen negar artean. Joana deitu genion, enperadorearen ama bezala; haren alabari, printzearen emazteari, Katalina; Mazanako erreginari Elisabet eta gainontzekoei izen banarekin.
Gizon, emakume eta umeen artean zortziehun arima bataiatu ziren. Erregina gaztea eta ederra zen, ehun zuri-beltzak guztiz estaltzen zion gorputza; ahoa eta atzazkalak gorri-gorriak zituen eta palma hostozko kapela handi bat zeraman (zabala zen, itzalkin gisa erabiltzen zuen), inguruan koroa bat zeukan, aita santuaren tiarak bezalakoa, inora ez doa hori barik. Idoloen tokian jartzeko Jesus haurtxoa eskatu zigun eta iluntzean joan egin zen. Gero, erregea‑erreginak eta beste asko hondartzara jaitsi ziren. Onduan, kapitainak mortero txiki asko eta bonbarda handienak jaurtiarazi zituen, guztiok oso ondo pasa genuen hori ikusita. Kapitaina eta erregea anaiatzat jotzen zioten elkarri. Azken hori raja Humabon deitzen zen. Zortzi egun igaro aurretik, uharte hartako guztiak eta beste batzuetako zenbait bataiatu ziren. Ondoko uharte batean, herrixka bati su eman genion erregearen eta gure esanak ez betetzeagatik. Herriak jentilak zirenez, bertan gurutzea jarri genuen. Mairuak izatekotan, urka jarri izango genuke, gogortasun handiagoaren seinale, mairuak paganoak baino nahiko zailagoak baitira konbertitzeko.
Kapitain jenerala egunero joaten zen lurrera meza entzuteko eta erregeari fedearen inguruko gauza asko esaten zizkion. Erregina behin ere meza entzutera etorri zen, handitasun handiarekin. Hiru dontzeila haren aurretik zetozen eta bakoitzak eskuan haren kapeletako bat zeraman; zuri-beltzez jantzita zetorren, eta ilea eta bizkarra guztiz estaltzen zizkion zetazko belo handi bat zeraman, urrezko marrak zituena. Emakume talde nahiko handi bat haren atzetik zihoan, guztiak biluzik eta oinutsik zeuden, lotsariak estaltzen palmazko oihal bat baino ez zeramaten, eta ile nahasia hazten zen tokian turbante estu bat. Aldarearen aurrean erreberentzia egin ostean, erregina erliebean brodatutako zetazko kuxin batean eseri zen. Sakrifizio Santuarekin hasi baino lehen, kapitainak ur usaintsuekin ihinztatu zuen erregina, eta baita dama batzuk ere: ezerk ez zien atsegin handiagorik ematen. Kapitainak erreginari Jesus haurtxoa zenbat gustatzen zitzaion zekienez, oparitu egin zion eta haren idoloen ordez hori jartzeko esan zion, Jainkoaren semearen oroimenez baitzen. Erreginak asko eskertu eta onartu egin zuen. Egun batean, meza aurretik, kapitainak erregea (haren zetazko arroparik hoberenekin) eta hiriko handikiak etortzeko agindu zuen. Erregearen anaia, printzearen aita, Bendara deitzen zen; beste anaia bat, Cadaio; eta beste batzuk, Simiut, Sibnaia, Sicaca, Maghelibe eta ez luzatzearren aipatuko ez ditudan beste asko. Guztiek erregeari mendetasuna zin egin eta eskua musukatu behar izan zioten; gero, uneoro Espainiako erregeari leiala izango zela zin egin zuen erregeak. Orduan kapitainak haren ezpata Ama Birjinaren irudiari eskaini eta erregeari esan zion horrela zin egiten zenean, hitza jan aurretik heriotza onartu beharra zegoela; eta berak horrela irudi hari azken unera arte leial izatea zin egiten ziola, eta bere enperadore subiranoaren bizitzaren eta zaldun-arropen izenean.
Orduan kapitainak monarkari belus gorrizko tronu bat eman, edonora zihoanean haren gizon batek tronua aurretik eramateko esan eta hori nola egin azaldu zion. Zor zion maitasunagatik, gogo onez egingo zuela erantzun eta oparituko zizkion bitxi batzuk amaitzen ari zela esan zion. Ondoregoak ziren bitxiak: belarrietarako urrezko bi uztai oso handi, eskumuturren gainetik jartzeko bi besoko eta ukabilak estutzeko beste bi uztai, belarriak apaintzeko beste harri-bitxi batzuekin batera. Horiek dira herrialde hauetako erregeek erabil ditzaketen apaingarririk ederrenak, izan ere, beti oinutsik doaz eta gerritik belaunetaraino heltzen zaien oihal zati bat baino ez daramate.
Egun batean, jada kristauak zirenez, zergatik ez zituzten haien idoloak agindu bezala erretzen galdetu zien kapitain jeneralak erregeari eta haren morroiei, eta zergatik oraindik ere hainbeste haragi sakrifikatzen zieten. Gaixo batengatik mantentzen zituztela erantzun zuten, eta ez haiengatik, idoloei esker osasuna berreskuratu zezakeen ikusteko. Jada lau egun zeramatzan hitzik egin gabe. Printzearen anaia zen eta uharteko ausart eta jakintsuena. Kapitainak idoloak erre eta Kriston sinetsi behar zutela errepikatu zuen beste behin: gaixoa bataiatzean unean bertan osatu egingo zela esan zien eta agindutakoa ez betetzekotan burua moztuko ziela.
Erregeak egingo zutela erantzun zion, benetan Kriston sinesten zuelako. Genekien bezain ondo, prozesioan plazatik gaixoaren etxera joan ginen eta bertan hitz egin eta mugitu ezinik aurkitu genuen. Gaixoa, bi emazteak eta hamar dontzeila bataiatu genituen. Gero, nola sentitzen zen galdetu zion kapitainak. Bat-batean hitz egin eta Jaikoaren graziari esker nahiko ondo sentitzen zela erantzun zuen.
Gure garaiko mirari oso agerikoa izan zen hori. Hitz egiten zuela entzunda, kapitainak hunkituta eskerrak eman zizkion Jaunari, tisana bat prestatzeko agindua eman zuen eta eman egin zion. Beraunduago, koltxoi bat, maindire pare bat, oihal horizko ohazal bat eta buruko bat bidali zizkion; eta, guztiz sendatu arte, egunero tisanak, arrosa urak, arrosa olioa eta azukrezko kontserbaren bat bidaltzen zion. Bost egun igaro aurretik, jada zutunik jartzen zen; bere etxean atso batzuek ezkutuan gordetako idolo bati erregearen eta bildutako jendearen aurrean su emateaz arduratu zen, eta, azkenik, itsaso ondoko tabernakulu asko erretzeko agindua eman zuen, bertan kontsakratutako haragia jaten zelako. “Gaztela! Gaztela!” oihukatzen zuten bitartean, suntsitu egiten zituzten eta Jainkoak bizia ematen zienez, aurkitu bezain beste idolo erre behar zituztela esaten zuten, erregearen etxean bilatzen sartu behar baziren ere.
Idoloak egurrezkoak dira, hutsik daude eta atzealdean ez daude landuta; besoak zabalik dituzte, oinak barrurantz, hankak bananduta eta aurpegia handiegia. Lau hortz erraldoi dituzte, basurdearenak bezalakoak, eta estatuatxo osoa margoz zikinduta dago.
Uharte honetan hiribildu asko daude. Hona hemen horien izenak eta tokian tokiko jaunenak: Cinghapola, jaunak Cilaton, Cigubacan, Cimaningha, Cimatichat eta Cimabul dira; Mandani, jauna Apanovan; Lalan, jauna Theteu; eta Lautan, jauna Iapan. Horiez gain, beste batzuk: Cilumai eta Lubucun. Guztiek gure esanak betetzen zituzten, eta, elikagaiak eman eta zergak ordaintzen zizkiguten. Zubu uhartetik hurbil, beste alde batetik, beste irla bat zegoen, Matan, eta hango portuan geneukan gordelekua, hain zuzen ere. Erre genuen hiribildua hemen zegoen eta Bulaia deitzen zen.
Jaun txit prestu horri hemengoek txerria bedeinkatzeko egiten dituzten zeremoniak ezagutzea interesatuko litzaioke. Ezer egin aurretik, aghona kolpatzen dute; gero plater handiak ekartzen dituzte: bi, arrosekin, arrozezko eta artozko hostoekin (egosi eta nahastuak) eta arrain erreekin; hirugarrena, Cambaiako oihalekin eta palmazko bi banderatxoekin. Oihal horietako bat lurrean zabaltzen dute; bi atso oso zahar datoz eta bakoitzak kanaberazko tronpeta antzeko bat darama eskuan. Zabaldutako oihalaren gainean jartzen dira, eguzkia agurtzen dute eta azken platerrean geratzen diren oihalak janzten dituzte. Batek bi adar dituen ehuntxoa lotzen du bekokian, beste bat eskuan astintzen du eta, bere kanaberari soinua ateratzen diola, dantza egin eta eguzkiari deitzen dio; besteak ere jotzen du eta libre daukan eskuan ekarritako banderatxo bat dauka. Pixka bat dantzatzen dute, horrela eguzkiari deitzen diote eta milaka gauza esaten dizkiote, baina aldi berean batak besteari esaten dizkiola dirudi. Lehenengoak zapia uzten du banderatxoa astintzeko eta biek lotutako txerrien inguruan dantza egiten dute, tronpetak altu jotzen dituzten bitartean. Adarrak dituenak isilean eguzkiari hitz egiten dio eta besteak erantzuten du. Gero, dantzatzen ari den bitartean, adarrak dituenari katilu bat ardo aurkeztu eta hitz batzuk esaten dizkio, besteak erantzun egiten du eta zenbaitetan ardoa edateko plantak egiten ditu, azkenean, txerriaren bihotzean isurtzen du ardoa. Eta berriz ere dantzatzen hasten da. Orduan, eskuetan lantza bat jartzen diote. Kideak bezala dantzan jarraitzen duen bitartean, lantza astindu egiten du eta ez da inoiz isiltzen, lau edo bost aldiz lantza animaliaren bihotzean sartzeko plantak egin ostean, azkenik alde batetik bestera ustekabeko arintasunarekin sartzen dio. Jarraian, zauria hostoekin estaltzen da. Animalia hil duenak, zeremonia guztian zehar piztuta zegoen lastargi bat ahotik sartzen dio txerriari eta amatatu egiten du. Besteak tronpetaren punta txerriaren odolean murgiltzen du eta hatzarekin lehenengo senarraren bekokia eta gero gainontzekoena odoleztatzen du (baina guri ez zitzaizkigun inoiz hurbildu); ondoren oihalak eranzten dituzte, ekarritako platerretako janari gozoa jaten dute eta emakumeak (haiek bakarrik) gonbidatzen dituzte.
Animalia suan larrutzen da. Atsoek baino ezin dute txerriaren okela kontsakratu; eta horrela sakrifikatu ezean, ez lukete ezta dastatuko ere.
Herri hauetakoak biluzik dabiltza, lotsariak estaltzeko gerrira lotzen duten palmazko oihal bat baino ez daramate. Gizonezko nagusi zein txikiak zakila burutik hurbil albo batetik bestera zulatuta daukate, urrezko edo eztainuzko barratxo batekin. Antzararen lumak bezain lodiak dira, eta, mutur bakoitzean, batzuek goialdean arantzak dituzten izar moduak dauzkate eta beste batzuek gurdi bateko hiltzearen buru modukoak. Hainbatetan nahi izan nuen askok erakustea, gazte zein zaharrek, ezin bainuen sinetsi. Tresnaren erdian txiza egiteko zulo bat dago, izarrak eta tresna bera ezin baitira ezer mugitu. Gizonek diotenaren arabera, emakumeek tresna hori izatea nahi dute eta bestela ez liekete beraiekin ezer egiteko baimenik emango. Emakumeekin gozatu nahi dutenean, gizonek sakila tolestu eta bihurritu egiten dute. Horrela, kontu handiarekin, lehenengo orain goian dagoen izarra sar dezakete eta gero bestea. Behin guztia barruan dagoela, posizio normala berreskuratzen du eta bigundu arte ezin da atera, handituta dagoenean ezinezkoa baita ateratzea. Herri hauetakoek ahalmen oso txikia dutenez, horrelako gauzak erabiltzen dituzte.
Nahi beste emazte dituzte, baina bat da nagusia. Gutako norbait lurreratzen zen bakoitzean, egunez zein gauez, askok jan eta edatera gonbidatzen zuten. Jakiak erdizka bakarrik egosten dituzte eta oso gaziak dira; segituan eta asko edaten dute, tutuak pitxerretan dituztela, eta bazkari bakoitzak bost eta sei ordu bitartean irauten du. Emakumeek haien gizonen askoz gainetik nahiago gintuzten. Sei urtetik gorako guztiei, gizonezkoen zakila horien ondorioz natura desitxuratzen zaie.
Haien handikietako bat hiltzen denean, zeremoniak egiten dituzten haren omenez. Lehenik eta behin, tokiko emakume handiki guztiak hildakoaren etxera doaz, etxearen erdian hilkutxan dago eta gurutzatutako soka batzuetara lotutako hainbat zuhaitz adarren azpian. Adarren erdian kotoizko oihal handi batek errezel baten modukoa eratzen du eta haren gerizpean emakume handikiak esertzen dira, guztiek kotoi zurizko izerkariak daramatzate eta bakoitzari dontzeilak haizea ematen dio palmazko abaniko batekin. Handikariak ez direnak, hiletaren tokiaren inguruan esertzen dira, goibel. Gero, batek aizto batekin hildakoaren ilea astiro mozten zuen. Haren emazte nagusia izan zena gainean etzan egiten zen eta haren ahora, eskuak eta oinak hildakoarenekin elkartzen zituen. Ilea mozten zionean, erosta egiten zuen eta, mozteari uztean, kanta. Gelan zenbait tokitan sua zuten portzelanazko ontziak zeuden eta gainean, etxea soberan lurrintzeko, mirra, estorake eta bejuia zuten. Gorpua bost edo sei egunez izan zuten bertan eta zeremonia asko egin zizkioten (kanforrez blaituta zegoela uste dut), gero, hilkutxa egurrezko iltzeekin itxi eta oholesiz inguratutako estalpe batean lurperatu zuten.
Hiri honetan, gutxi gorabehera gauerdian (baina egunero), txori beltz-beltza agertzen zen, bele bat bezain handia, eta etxeen gainetik hegan egiten hasi baino lehen karraka egiteari ekiten zion. Txakur guztiek zaunka erantzuten zuten. Karrankak lau edo bost orduz entzuten ziren eta inoiz ez ziguten horren arrazoia azaldu nahi izan.