2021/04/27PIGAFETTA, 1521-04-27

Gauerdian, hirurogei gizon larruzko koraza eta kasketekin abiatu ginen, errege kristaua, printzeak eta boteredun batzuk gurekin zetozen, hogei edo hogeita hamar balangairekin batera; Matara egunsentirako hiru ordu falta zirenean heldu ginen. Kapitainak ez zuen lehenengo unetik borrokatu nahi izan; aurretik mairuaren bitartez abisatzeko agindua eman zuen, Espainiako erregeak esandakoa bete, errege kristaua haien jauntzat hartu eta zergak ordaintzen bazizkiguten, kapitaina haien laguna izango zen; baina kontrakoa egitekotan, gure lantzek nolako zauriak egiten zituzten jakingo zuten. Guk lantzak geneuzkanez eta haienak kanaberazkoak izanda gainontzeko arma guztiekin batera sutean erre zirenez; borroka hasteko itxaroteko eskatu ziguten, eguna argitzean pertsona gehiago izango zirelako.

Jazarri geniezaien esan zuten hori, guretzako hobiak aitzurtu baitzituzten etxebizitzen atzean. Behin eguna argituta, berrogeita bederatzi gizonek bakarri egin genuen salto uretara (izterrera heltzen zitzaigun) eta balezta bi tiro baino gehiago aurreratu genuen hondartzara heldu aurretik. Txalupek ezin izan zuten aurreratu uraren gainazalean harritzarrak zeudelako. Beste hamaika gizonak horiek zaintzen geratu ziren. Lurrera heldu ginenerako, tokiko jendeak hiru batailoi elkartu ahal izan zituen eta mila bostehun indigena baino gehiago zeuden. Gu entzutean, bat‑batean oihuka oldartu zitzaizkigun, bi batailoi aldeetatik eta bat aurretik. Kapitaina ohartu zenean, bi taldetan banandu gintuen eta horrela borroka hasi zen. Eskopetari eta baleztariak urrunegitik egin zuten tiro ordu erdiz, alferrik, ohol oso mehez egindako ezkutuak eta besoak baino ez zizkieten zulatzen. Kapitainak honakoa oihukatzen zuen: “Ez egin tiro! Ez egin tiro!” Baina ez zuen ezertarako balio. Etsaiek gure balek ez zituztela zauritzen ikusi zutenean, tematu egin ziren eta oihuak areagotu zituzten. Tiro egiten genien bakoitzean, ez zuten geldirik itxaroten, baizik eta handik hona saltoka; ezkutuen babesean, hainbeste gezi, kanaberazko lantza (kapitain jeneralari burdinazko baten bat ere), sutan gogortutako xabalina, harri eta lokatz jaurtitzen zizkiguten, non ia ezin genuen gure burua defendatu.

Hori ikusita, kapitainak etxeak erre eta beldurtzeko agindua eman zien batzuei. Haien etxeak sutan zeudela ikusi zutenean, ankerkeria bikoiztu zitzaien. Sutearen ondoan gutako bi betiko joan zitzaizkigun; eta asko jota hogei edo hogeita hamar etxebizitzek su hartzea lortu genuen. Baina asko erasotu ziguten eta une hartan pozoitutako gezi batek kapitainaren eskumako hanka zauritu zuen. Ondorioz, kapitainak pixkanaka alde egiteko agindua eman zuen; baina gehiengoa arrapaladan itzuli zen. Sei edo zortzi baino ez ginen kapitainaren ondoan geratu.

Ez ziguten gorputzaren goialdera tiro egiten, baizik eta hanketara, biluzik baikeneuzkan. Eta ezin genion halako lantza eta harri zaparradari aurre egin. Ontzien bonbardek ezin ziguten lagundu urrunegi zeudelako, beraz, borrokatzeari utzi gabe, balezta tiro bat baino gehiago egin behar izan genuen atzera jada uretan geundela, belauneraino geunden murgilduta. Haiek ere ez zioten guri jarraitzeari uzten, lau edo sei aldiz lantza bera jaso eta jaurtitzen ziguten. Kapitaina nor zen zekitenez, hura zen erasoan helburu nagusia eta birritan kendu zioten kasketa. Baina, zaldun ona zenez, adorez jarraitu zuen. Beste zenbaitekin, ordu batez baino gehiagoz aritu ginen horrela borrokan, ez zuten atzera egiten eta indio batek kanaberazko lantza batekin aurpegian eman zion kapitainari. Segituan erasotzailea bere lantzarekin hil zuen, gorputzean zurrun sartu zion; ezpata hartu zuen, baina erdia baino ezin izan zuen zorrotik atera, beste lantza batek ukondotik hurbil zauritu zuelako. Hori ikusita, guztiak harengana etorri ziren, eta batek ezpata labur eta zabal batekin (zimitarra bezalakoa, baina handiagoa) ezkerreko hanka erdizka moztu zion eta buruz behera erori zen. Jarraian burdin eta kanaberazko lantza zaparrada bat izan zuen gainean, ezpatekin ere kolpatu zuten, harik eta gure ispilua, gure argia, gure pozbidea eta gure paregabeko gida hil egin zen arte. Zauritzen zuten bitartean, zenbaitetan burua biratu zuen ea guztiok txalupetara heltzen ginen ikusteko; gero, behin hilda zegoela, jada ihesi zihoazen txalupetara heldu ginen, zauriturik eta ahal bezala. Errege kristauak lagundu ahal izan zigun; baina lehorreratu aurretik gure buruzagiak inolaz ere balangaia ez uzteko eta borroka begiratzeko agindua eman zion. Gertatutakoaren berri izan zuenean, erregeak negar egin zuen. Kapitain gaixoarengatik izan ez balitz, gutako inor ez litzateke txalupetan salbu egongo; izan ere, borrokan erakutsitako oldarrari ezker txalupetara heldu ahal izan ginen. Jaun txit prestu horrengan konfiantza guztia jartzen dut gure garaia iragatean hain kapitain eskuzabalaren ospea ez desagertzeko. Gainontzeko bertuteen artean, inork baino hobeto goseari aurre egiteko indarra zen iraunkorrena (unearen estutasuna gorabehera), gainera beste inork ez bezala nabigatzen zuen eta mapa nautikoak ezagutzen zituen. Eta honen inguruko egia zabaldu egingo da, haren aurretik inork ez baitzuen munduari bira emateko modurik aurkitu eta inor ez baitzen ausartu bere ustetan ia amaituta geneukan bira ematen. Larunbatean, 1521eko apirilaren 21ean, gertatu zen borroka (kapitainak larunbatean borrokatu nahi izan zuen debozio handieneko eguna zuelako). Harekin batera beste zortzi gizon hil zitzaizkigun, eta batailatutako lau indio: azken horiek ontzietako bonbardek hil zituzten, borroka erdian laguntzeko hurbildu baitziren. Hamabost etsai bakarri hil ziren; eta, gainera, gutako asko zauritu zituzten. Jan ostean, errege kristauak Matanekoarekin hitz egiteko agindua eman zuen (gure baimena zeukan), kapitainaren eta beste hildakoen gorpuak eman ziezazkiguten: horren truke nahi beste salgai emango genizkien. Guk uste bezala, ezetz erantzun zuten, munduko aberastasun handienaren truke ere ez zigutela kapitainaren gorpua itzuliko; haien oroimenerako gorde nahi zuten.

Kapitaina hil bezain laster, elikagaiak lortzeko helburuarekin herrixkan zeuden lau gizonek eskuratutako guztia igo zuten. Orduan bi gobernadore izendatu genituen: Duarte Barbosa, portugesa eta kapitainaren senidea, eta Joan Serrano, espainiarra. Gure interpretea, Enrique izenekoa, pixka bat zauritu zutenez, ez zen lurrera jaisten beharrezko gauzak konpontzeko, horren ordez, toldo baten azpian etzanda egoten zen. Hori ikusita, Duarte Barbosak, itsasontzi kapitaineko gobernadoreak, oihuka errieta egin eta jaun kapitaina hil ostean libre izango ez zela esan zion, baizik eta, Espainiara itzuli bezain laster, bera arduratuko zela Beatriz andrearen, kapitain jeneralaren emaztearen, zerbitzaria izateaz; gainera, lurrera ez jaistekotan, astinduko zuten mehatxua egin zion. Esklaboa altxatu egin zen eta esandakoari men egingo ziola zirudien, lurrera jaitsi zen laster joan nahi zirela errege kristauari esateko. Baina berarekin bat egin nahi izatekotan, itsasontzi eta zama guztiaz jabetuko zela esan zion; horrela traizioa antolatuko zuten. Esklaboa itsasontzira itzuli zen, lehen baino gogotsuagoa zirudien.