Asteazken goizean, maiatzaren 1ean, errege kristauak Espainiako erregeari bidaliko zizkion bitxiak prest zituen berria eman zien gobernadoreei, eta, beste zaldunekin batera, harekin bazkaltzeko erregutu zien, orduan bitxiak emango zizkiolako. Hogeita lau gizon lehorreratu ziren; besteak beste gure astrologoa, San Martin Sevillakoa. Ni ezin izan nintzen jaitsi, oraindik bekokian loturak nituelako, pozoitutako gezi batek egindako zaurian. Joan Carvalho berehala probestuarekin itzuli zen, eta ia mirari bat balitz bezala sendatu zen printzearen anaiak etxera apaiza eramaten ikusi zutela esan ziguten. Zerbait txarra gertatzen zen susmoa zeukaten. Hitz egiten amaitu aurretik, oihu eta intziri handiak entzun genituen. Aingurak altxatu genituen bizkor, herrixkara bonbarda asko jaurti genituen eta lurrera jaitsi ginen; tiro egiten genuen bitartean, Joan Serrano alkandorarekin, lotuta eta zaurituta ikusi genuen, bonbarda gehiago ez jaurtitzeko oihukatzen zigun, bestela hil egingo baitzuten. Beste guztiak hil egin zituzten galdetu genion eta baietz erantzun zuen, interpretea izan ezik. Behin eta berriz edozein salgairen truke erreskatatzeko erregutu zigun, baina Joan Carvalhok, haren adiskideak, ez zuen lurra ukitu nahi izan (ezta portugesek ere, beraien buruen jabe izateko grinaz). Erosta egiteari utzi gabe, guk belak zabaldu aurretik hil egingo zutela errepikatu zigun. Eta Jainkoari erregutzen ziola, epaiketaren egunean, bere arima Joan Carvalhori, haren adiskideari, eskatzeko. Besterik gabe itsasoratu ginen. Ez dakit hil egin zuten. Uharte hartan txakurrak, katuak, arroza, artoa, irina, soja, jengibrea, pikuak, laranjak, limoiak, azukre-kanaberak, baratxuriak, eztia, kokoak, durionak, azukrea, hainbat espezietako haragia, palmazko ardoa eta urrea daude. Handia da uhartea, portu ona eta bi sarrera ditu: Mendebaldean bata eta Eki ipar-ekialdean bestea. Polo Artikotik 10 graduko latitudean dago eta banaketa-lerrotik 164 graduko longitudean, eta Zubu du izena. Kapitaina hil aurretik, Malucoren inguruko zehaztasunak lortu genituen bertan. Biztanleek landarez egindako hariak dituen biola jotzen dute.
2021/05/01PIGAFETTA, 1521-05-01