2021/05/10PIGAFETTA, 1521-05-10 ggb

Geroago Hego hego-ekialdera joan ginen eta Panilonghon izeneko uharte bat inguratu genuen, bertakoak etiopiarrak bezain beltzak dira. Ondoren, uharte handi batera heldu ginen eta gurekin bakeak egiteko erregeak ezkerreko eskutik odola atera zuen, gero harekin gorputza, aurpegia eta mingainaren sabaia igurtzi zituen, gaindiezineko laguntasunaren seinale. Ordainetan, guk gauza bera egin genuen. Uhartea ezagutzeko, ni baino ez nintzen errege harekin lurrera jaitsi. Bat-batean ibai batera heldu ginen, arrantzale askok hartutakoa erregeari eskaini zioten, baina hark, denborarik hartu gabe, estaltzen zion zakil-zorroa kendu eta, haren handikiekin batera, abestiekin arraunean egiten hasi zen; ibaiertzean zeuden etxebizitza askoren aurretik igaro ginen. Goizeko ordu bietan, harenera heldu ginen. Ibai-ahotik (itsasontziak zeuden tokitik) erregearen etxeraino bi legoa zeuden.

Etxera sartzerakoan, kanaberazko eta palmondo hostozko kandela handiekin gu agurtzera irten ziren. Lehen azaldu bezala, kandela handiek erretxinarekin erretzen ziren. Afaria ekarri arte, erregeak, hierarka pare batek eta haren bi emaztek, oso ederrak, palmazko ardo zahagi handi bat edan zuten, ezer ere ez jan gabe. Jada afaldu zutela esan zuten, nik behin bakarrik edan nahi izan nuen. Edaten zutenean, guztiek Mazanako erregeak egiten zituen zeremoniak egiten zituzten.

Gero afaria ekarri zuten: arroza eta arrain oso gaziak, portzelanazko katiluetan. Arroza ogi gisa jaten zuten. Honela egosten dute: lehenengo, gureak bezalako buztinezko katilu batean barrualde guztia estaltzen duen hosto bat sartzen dute; gero, ura eta arroza (izugarri asko, neurrigabe) botatzen dute; egosten uzten dute eta urik gabe geratzean, gogortu egiten da eta ore gogor hori zatika ateratzen dute. Toki guztietan berdin egosten dute arroza.

Jaten bukatzean, erregeak kanaberazko zerria bat, palmazko beste bat eta hostozko kuxin bat ekartzeko agindua eman zuen, nik bertan lo egiteko. Erregea, haren bi emazteekin batera, baztertutako toki batera joan zen, beti handikietako batekin zihoan.