Eguna argitzean eta jatekoa prestatzen zuten bitartean, lur horietan zehar ibili nintzen. Txaboletan elikagaiak baino urre gehiago zegoen. Berriz ere arroza eta arraina gosaldu genituen. Horren ostean, keinuen bitartez erregeari esan nion erregina agurtu nahi nuela; eskertzen zuela erantzun zuen. Guztiok batera mendi baten gailurrera igo ginen, bertan erreginaren gela zegoen. Sartzean erreberentzia handi bat egin nion eta berak (nigatik) gauza bera egin zuen. Haren ondoan eseri nintzen: palmazko zerria bat egiten ematen zuen denbora, lo egiteko erabiltzen zuten horietakoa. Etxebizitzaren barruan portzelanazko murko ugari zeuden eta baita bata bestearen kontra kolpatzeko metalezko lau xafla ere, bat besteak baino handiagoa eta bi oso txikiak. Inguruan haren zerbitzurako esklabo asko ere ikusi nituen. Hemengo etxeak aurreko orrialdeetan deskribatutakoen modu berekoak ziren. Behin baimena geneukala, erregearen etxera itzuli ginen. Orduan azukre-kanabera afariusi bat eman zidan. Uharte honetan gehien dagoena urrea da; zenbait hesi erakutsi zizkidaten eta mugatutako eremuan haien buruan ilea beste urre dago. Baina ez zeukaten zulatzeko burdinarik, ezta interes handirik ere, utzikeriagatik.
Arratsaldeko lehen orduan, ontzira itzuli nahi izan nuen eta etortzeko erabilitako balangai berean erregeak lagundu zidan, haren nobleekin batera. Behin ibaian atzera eginda, ertzean hiru gizon ikusi nituen adarrik gabeko zuhaitz batean iltzatuta. Erregeari nortzuk ziren galdetu nion eta gaizkileak eta lapurrak zirela esan zidan. Herri hauetan aurrekoetan bezain biluzik dabiltza. Erregea raja Calanao deitzen da. Portua ona da eta hemen arroza, jengibrea, txerriak, ahutzak, oiloak eta beste gauza batzuk daude. Polo Artikotik zortzi graduko latitudera dago eta banaketa-lerrotik 167-ra; Zubutik bost legoara eta Chipit [gaur egungo Mindanao] deitzen da. Uharte hartatik bi egunera, Ipar-mendebaldean, Luzon izeneko beste uharte oso handi bat dago, urtero Lequii herrietako sei-zortzi junkok gilarekin hondoa ukitzen dute.
Handik irten eta Mendebalde eta Hego-mendebalde tarteko norabidean joan ginen, ia biztanlerik gabeko uharte oso handi bat aurkitu genuen. Bertokoak mairuak dira eta Burne [gaur egungo Borneo] izeneko beste uharte bateko bidelapurrak ziren. Besteak bezala biluzik doaz eta zerbatanak dituzte, alboan pozoitutako geziez eta sastakaiez betetako buirakekin; azken horien kirtenek urrez egindako apaingarriak eta harri bitxiak dauzkate. Lantzak, erredolak eta bufalo adarrez egindako bular-oskolak ere dituzte. “Gorputz santuak” esaten ziguten. Uhartean elikagai gutxi dago, baina zuhaitz erraldoiak daude. Polo Artikotik 7 gradu 1/2-ko latitudean dago, Chipitetik berrogei legoara, eta Caghaian deitzen da.
Hogeita bost legoa gehiago ibili ginen Mendebalde eta Ipar-mendebaldearen artean, herrialde handi berriak ikusi genituen eta arroz, jengibre, txerri, ahuntz, oilo eta piku (beso erdia bezain luzeak eta beso erdia bezain lodiak) asko daude. Pikuak bikainak dira, baina arra eta erdiko batzuek beste guztiak gainditzen dituzte. Kokoak, patatak, azukre-kanaberak, arbien zaporea duten sustraiak eta kanabera edo egurren artean su motelean egindako arroza ere dago. Honi promesaren lurra jarri ahal izan genion izen gisa, hona heldu aurretik izugarrizko gosea izan baikenuen. Behin baino gehiagotan lurrerantz arraunean egin eta ontziak atzean uzteko zorian egon ginen, beharraren beharrez hil ez gintezen. Erregeak gurekin bakeak egin zituen, gure aizto txiki batekin bularra pixka bat zauritu zuen eta benetako bakearen seinale mingaina eta bekokia odolarekin zikindu zuen; guk gauza bera egin genuen. Uharte hau Polo Artikoarekiko 9 gradu 1/3-eko latitudean dago eta banaketa-lerrotik 171 1/3-eko longitudean. Pulaoan [gaur egungo Palawan] deitzen da. Pulaoaneko biztanleak besteak bezala biluzik dabiltza. Orokorrean zelaiak lantzen dituzte eta arra bat baino lodiagoak diren egurrezko geziak daramatzate zerbatanetan, arrain hezurrarekin edo zenbaitetan kanaberarekin arpoi itxura ematen diete eta beti pozoitzen dituzte. Lumen ordez, adakera berdea daramate buruan. Zerbatanen oinarrian burdinazko zati bat daramate eta hori erabiltzen dute borrokatzeko geziak amaitzen zaizkienean.
Eraztunak, letoizko kateak, txilinak eta aiztoak izugarri gustatzen zaizkie, eta are gehiago arrantzatzeko amuak lotzeko erabiltzen dituzten hariak. Etxeko oilar handiak dauzkate, baina bereziki gurtzen dituztenez, ez dituzte jaten: hala ere haien artean borrokan jartzen dituzte. Bakoitzak haren oilarraren alde apustu egiten du eta irabazten saria irabazten duenarentzat da. Arrozez egindako ardo destilatua edaten dute, palmazkoa baino oparoagoa eta hobea da.