2021/07/09PIGAFETTA, 1521-07-09

Hurrengo egunean, uztailaren bederatzian, prao [sakonera gutxiko Malaysiako ontzi luze eta estua] oso eder bat erakutsi zigun erregeak, branka eta popa urrez landuta zeuzkan; haren gainean lumekin apaindutako bandera zuri-urdina zegoen.

Ontzian batzuek zanpoinak eta danbolina jotzen zituzten. Praoaren ondoan bi almadia zeuden, lehenengoa enbor bakarrarekin egiten dute eta bigarrenak arrantzarako txalupak dira. Zortzi agure handiki gure ontzira igo eta popan eseri ziren tapiz baten gainean. Margoz betetako pitxer bat eman ziguten, betela eta areca (beti mastekatzen duten fruitua) zeuzkan, jasmin eta laranjondo loreekin batera; pitxerra zetazko zapi hori batekin zegoen estalita; oiloz betetako bi kaiola, ahuntz pare bat, arroz destilatuko hiru zahagi eta azukre-kanaberazko azaoak ere oparitu zizkiguten. Beste karabelari gauza berak oparitu zizkioten. Gu besarkatu ondoren joateko baimena eskatu zuten. Arrozko ardoa ura bezain gardena da, baina hain altua da haren graduazioa, non gutako asko mozkortu egin ziren. Arach deitzen dute.