Sei egun geroago, erregeak hiru prao bidali zituen berriro hots handiarekin, zanpoinak, danbolinak eta letoizko xaflak jotzen zituzten bitartean. Ontzien inguruan jarri ziren eta soilik okzipuzioa estaltzeko erabiltzen dituzten ehunezko txapel txikiak altxatuz agurtu ziguten. Artileria salbeekin erantzun genuen. Gero, solik arrozarekin prestatutako zenbait elikagai eskaini zizkiguten: batzuk hostoen gainean zeuden eta xerra lodiak ziren. Beste batzuk arrautza eta eztizko opiletan zeuden. Guk ura eta egurra hartzea erregeari ondo iruditzen zitzaiola esan ziguten eta beti ere trabarik gabe salerosi ahal izango genuela.
Hori entzutean, gutako zazpi praora bidali genituen erregearentzako opariekin: turkiar erara egindako belus berdezko tunika, beluz morezko besaulkia, oihal gorrizko bost braza, barretina bat, urre koloreko edalontzi bat, tapoia zuren kristalezko anfora bat, paperezko hiru koadernotxo eta tintontzi bat (hori ere urre kolorekoa); erreginarentzat oihal horizko hiru makila, zilar koloreko zapata pare bat eta jostorratzez betetako zilarrezko orratzontzi bat; gobernadorearentzat, ehun gorrizko hiru makila, barretina bat eta urre koloreko edalontzi bat; armen erregearentzat, hau da, praoan etorri eta hitz egin zuenarentzat, oihal gorri eta berdezko tunika bat, turkiar erara hori ere, barretina bat eta paperezko koadernotxo bat. Eta, handikientzat, oihalak, barretinak eta idazteko koadernotxoak. Besterik gabe, joan egin ziren.
Hirira joan ginenean, praoan bi ordu inguru itxaron behar izan genuen, zetazko estalkiak zituzten bi elefante etorri ziren arte, hamabi gizonekin batera zetozen, bakoitzak portzelanazko murko bat zekarren (horiek ere zetaz estalita) eta bertan zeuden gure opariak. Elefanteetara igo ginen eta hamabi gizon horiek gure aurretik zama eraman zuten. Hala joan ginen gobernadorearen etxeraino eta gero plater askoko afari bat ekarri zigun. Gau hartan kotoizko lastaira baten gainean lo egin genuen; ohazala tafetazkoak ziren eta izarak Cambaiakoak.