Hurrengo egunean, eguerdira arte etxean egon ginen; gero, elefanteen gainean erregearen jauregira hurbildu ginen, opariak gure aurretik zeramatzaten, aurreko arratsean bezala. Hala joan ginen erregearen jauregiraino. Kale guztiak ezpatak, lantzak eta ezkutuak zeramatzaten gizonez gainezka zeuden, erregeak agindu bezala.
Oraindik elefanteen gainean, jauregiaren patiora sartu ginen, gero, oinez, eskailera bat igo genuen (gobernadorea eta beste hierarken laguntzaz), noblez beteriko gela handi batera heldu arte, bertan zerrien gainean jarri ginen eta gure opariak zituzten murkoak hurbil utzi zizkiguten. Gelaren atzealdean beste gela altuago eta txikiago bat zegoen, enblema heraldikoak zituzten zetazko oihalekin apainduta zegoen eta brokatutako kortinekin apaindutako bi leiho zabaldu zituztenez argitasuna sartzen zen. Bertan ezpatak biluzik izterraren gainean zeuzkaten hirurehun peoik osatzen zuten erregearen goardia. Aurrez aurre beste irekidura bat zegoen eta hura apaintzen zuen brokatutako kortina laster bildu zuten.
Hor erregea ikusi genuen, seme oso txiki batekin mahaian eserita eta betela mastekatzen; atzean emazteak baino ez zeuden. Berehala, haren nobleetako batek esan zigun ezin genuela monarkarekin hitz egin, eta, gauzaren bat nahi izatekotan, berari esateko, gero berak nobleagoa zen beste bati esango zion, eta, hark gobernadorearen anaia bati (jada gela txikiagoan zegoena), eta hark, azken aurretik, amaierako horma zeharkatzen zuen tutu batetik erregearekin batera barruan zegoen norbaiti esango zion. Erregearen aurrean hiru erreberentziak nola egin behar genituen erakutsi zigun ere: aldi bakoitzean eskuak buru gainean elkartu behar genituen eta ezin genituen musukatu, harik eta lehenengo oin bat eta gero bestea altxatu arte. Hala egin genuen, hori baita erregeari egiten dioten erreberentzia.
Espainiako erregearen mendekoak ginela azaldu genion, hark bakeak egiteko bidali gintuela eta salerosi ahal izan nahi genuela, besterik ez. Erregeak esanarazi zien Espainiako erregeak bere laguna izan nahi zuenez, bera ere pozten zela haren laguna izateagatik; eta gainera bere estatuetatik egurra eta ura hartu ahal genuela eta nahi bezala salerosi. Opariak eman genizkion: bakoitzaren aurrean erreberentzia bat erdizka egiten zuen.
Guztiontzat zeta eta urrea zuten brokatu eta oihalak zeuden, ezkerreko sorbaldaren gainean jarri zizkiguten, baina momentuan bertan kendu zituzten. Iltze eta kanelaz egindako afariusi bat eman ziguten; eta kortinak eta leihoak berriz ere itxi zituzten.
Jauregian ikusitako gizon guztiek urre edo zetarekin brodatutako oihalak erabiltzen zituzten lotsariak estaltzeko; urrezko kirtena zuten dagak zeramatzaten, perla eta harri bitxiekin apainduta, eta eraztun ugari zituzten.
Elefanteen gainean, gobernadorearen etxera itzuli ginen, oraingo honetan aurretik zazpi gizon bakarrik zeramatzaten opariak.
Behin etxean, bakoitzari haren opariak eman eta ezkerreko sorbaldan jarri zizkiguten berriro; guk aizto pare bana eman genien gogotik lan egin izanagatik. Gobernadorearen etxean, bederatzi gizon erregearen izenean agertu ziren egurrezko erretilu sakon askorekin. Bakoitzak portzelanazko hamar edo hamabi katilu zeuzkan, txahal, zikiratu, oilo eta bestelako animalen haragiz beteta zeuden, eta arrainez ere. Lehorrean afaldu genuen, palmazko zerria baten gainean, eta hogeita hamar eta hogeita hamabi haragi plater desberdin jan genituen, arraina eta bestelakoak kontuan hartu gabe. Mokadu bakoitzeko, kopatxo bat ardo destilatu edaten genuen; portzelanazkoak ziren kopatxoak, arrautza bat baino txikiagoak. Arroza eta gainontzeko jaki gozoak europarren itxura bereko urrezko koilaratxoekin jaten genituen.
Bi gau horietan lo egin genuen lekuan, argizari zuria zuten bi kandela handi zeuden beti piztuta, zilarrezko argimutil nahiko altu banatan, eta baita olioz betetako bi lanpara handi ere, bakoitza lau mukirekin; bi gizon mukia kentzeaz arduratzen ziren.
Elefanteak gu itsasertzera eramateko itzuli ziren; handik karabeletara bi praotan joan ginen.
Erregea eta zenbait nobleren etxeak kenduta, hiri hau osorik ur gaziaren gainean eraiki dute; eta hogeita bost mila su ditu guztira. Etxeak egurrezkoak dira eta hesola gogorren gainean daude, itsasgora dagoenean, emakumeek txalupa txikiak erabiltzen dituzte elikagaiak saldu edo erosteko. Erregearen etxearen aurrean, adreiluzko horma lodi bat dago, gezileihoak ditu eta gotorleku gisa erabiltzen dute; gainean metalezko berrogeita hamar bonbarda dituzte eta burdinazko sei. Han egon ginen egunetan, hainbat jaurti zituzten.
Erregea mairua da eta Siripada du izena. Berrogei urte zituen eta lodia zen. Emakumeak bakarrik dira haren zerbitzari eta zaintzaileak, handikien alabak. Inoiz ez da jauregitik irteten, ehizatzeko izan ezik; inork ezin dio zuzenean hitz egin, tutu baten bitartez baino ez. Hamar eskribu ditu inguruan eta gaiak zuhaitz azal mehe-meheetan idazten dituzte. Xiritole deitzen diete.