2021/08/16PIGAFETTA, 1521-08-16

Burneko azken muturraren eta Cimbonbon izeneko uharte baten artean (zortzi gradu eta zazpi minutuan dagoena), itsasontziak karenatzeko senadi ezin hobea dago; beraz, hara joan ginen eta, lana egiteko elementu aproposen faltagatik, berrogeita bi egun eman genituen.

Denbora tarte horretan guztiok nekatu ginen, batzuk lan batengatik, beste batzuk beste batengatik; baina esfortzu nagusia basora egur bila oinutsik joan behar izatea zen. Bertan txerri basatiak daude; txalupa batetik bat hil genuen, uharte batetik bestera igeri egiten zuen bitartean. Burua bi arra eta erdikoa zuen, eta hortz handiak zeuzkan. Ezohiko tamainako krokodilo asko ere daude, lehorrekoak zein uretakoak, eta baita ostrak eta zenbait espezietako krustazeoak ere. Bi molusku horien okelak hogeitasei eta berrogeita lau libra pisatu zuen, hurrenez urren. Burua txerriarena bezalakoa eta bi adar zeuzkan arrain bat lortu genuen; gorputzak hezur bakarra zeukan, txikia zen eta bizkarrean zela itxurako konkorra zuen. Zuhaitz batzuk daude, zeinen hostoak erortzean bizirik dauden eta ibili egiten diren. Masustondoaren hostoen antzekoak dira, baina ez hain luzeak. Pedunkuluak ere edonon daude; pedunkuluak bi hanka baino ez ditu, laburra eta puntazorrotza da, ez dauka odolik eta norbait harekin talka egiten duenean ihes egiten du. Bederatzi egunez, bat izan nuen kutxa batean gordeta. Zabaltzen nuenean, haren inguruan bira egiten zuen. Bizitzeko airea besterik ez dutela behar uste dut.