2021/09/28PIGAFETTA, 1521-09-28 ggb

Behin uharte hartatik abiatuta, uharteko portutik hobeto esanda, Pulaoaneko lurmuturrean Burnetik zetorren junko batekin topo egin genuen, bertan Pulaoaneko gobernadorea zegoen. Zeinu bitartez belak jaisteko esan genion; baina ukatu egin zuen, gogoz kontra harrapatu eta arpilatu egin genuen. Gobernadorea askatzeko, zazpi egunen buruan laurehun arroz neurri, hogei txerri, hogei ahuntz eta ehun eta berrogeita hamar oilo eman behar zizkigun. Horrela egin zuen, eta gainera, kokoak, pikuak, azukre-kanaberak, palma ardo zahagiak eta bestelako gauzak ere eman zizkigun. Haren eskuzabaltasuna ikusita, sastakai eta arkabuz batzuk itzuli genizkion, bandera bat, damasko horizko jantzi bat eta oihalezko hogeita bost makila eman genizkion. Eta haren anaia bati, tunika berde bat eta beste gauza batzuk.

Haren lagunak ginela alde egin genuen, berriz ere Caghaian uhartea eta Chipit portuaren artetik atzera egin genuen, Hego-ekialde laurdena Ekialdera joan ginen, Malucokoari erasotzeko. Arrezife zorrotzen artean joan ginen, itsasoko belar asko zeuden inguruan eta hondoa neurriz gainekoa zen. Handik igarotzean beste itsaso batean sartzen ari ginela zirudien. Chipit Ekialdean uztean, beste aldean bi uharte aurkitu genituen: Zolo eta Taghima, horien ondoan perlak jaiotzen dira. Burneko erregeak dauzkan biak bertan aurkitu zituzten, eta esan zidatenez, honela eskuratu zituen: Zoloko erregearen alaba batekin ezkondu zen eta hark esan zion bere aitak zeuzkala. Orduan, nola edo hala lortu nahi zituenez, gau batean bostehun praorekin Zolon agertu zen, erregea eta bi seme hartu eta Burnera eraman zituen. Aske uzteko, perlak eman behar zizkion.

Gero, Ipar-ekialde 1/4-ena Ekialdera, bi herri txiki ikusi genituen, Canit eta Subanin izenekoak, eta uharrietatik hamar legoara biztanleak zeuzkan uharte bat (Monoripa). Bertoko jendeak txalupetan dituzte etxeak, ez dira beste inon bizi. Canit eta Subanin herrixkak Butuan eta Calaghan dauden uharte berean daude eta inon aurkitu daitekeen kanela baino hobea hazten da. Bi egun egon ginen bertan eta ontziak berriz ere karenatu genituen; baina haize ona zegoenez eta lurmutur bat eta hurbileko zenbait arrezife igaro behar genituenez, ez ginen luzatu eta belak zabaldu genituen, joan aurretik aipatutako espezieko hamazazpi libra lortu genituen Pulaoaneko gobernadoreari kendutako aizto batzuen truke. Kanela horren enborrak hiru edo lau ukondoko altuera du eta hatz bateko lodiera. Oso adar gutxi ditu eta ereinotzaren moduko hostoak; baina enborra da kanela. Urtean birritan biltzen da uzta; berde daudenean, enborrak eta hostoek kanela bezain zapore gogorra dute. “Caiumana” deitzen dute; “caiuk” enborra esan nahi du, eta “manak”, gozoa. Hau da, “enbor gozoa”. Ipar-ekialdera abiatu ginen, Butuan eta Calaghan dauden uharte berean dagoen hiri handi batera, Maingdanao izenekoa, bertan Malucoren inguruko berriren bat izateko. Bidean indarrez biguidai bat hartu genuen (prao baten antzekoa) eta bertan zeuden gizonetako zortzi hil genituen. Hamazortzi baino ez zeuden, gune honetan ikusitakoak bezain indartsuak ziren eta guztiak Maingdanaoko handikiak. Hango erregearen anaia zela esan zigun batek eta Maluco non zegoen bazekiela. Beraz, Ipar‑ekialdeko norabidea utzi eta Hego-ekialdera abiatu ginen.

Butuan eta Calaghan dauden uharte hartako lurmutur batean, ibaiertzean, gizon iletsuak daude, borrokalari eta arkulari bikainak dira; soilik arra bateko luzera duten ezpatak erabiltzen dituzte eta etsaien bihotz gordina baino ez dute jaten, laranja edo limoi zukuarekin. “Benajans” (“iletsuak”) deitzen dira.