Ostiralean, 1521eko azaroaren 8an, eguzkia joan baino hiru ordu lehenago, Tadore izeneko uharte bateko portura heldu ginen eta, behin hogei besaldiko hondoan ainguratuta, salba osoa egin genuen. Hurrengo egunean, erregea prao batean etorri zen eta gure ontzien inguruan buelta osoa eman zuen. Jarraian txalupa batean hurbildu gintzaion, ohoratzeko asmoz; praora igotzeko eta haren ondoan esertzeko esan zigun. Zetazko eguzkitako baten azpian zegoen eta alboak ere estalita zeuzkan. Haren aurrean, semetxoetako batek errege-makila zeukan eskuan; bi zerbitzarik, eskuentzako ura zuten urrezko murkoak; besteek, azkenik, betelez betetako anforak zituzten. Erregeak ongietorria eman zigun; eta zuela asko berak ontzi batzuk urruti‑urrutitik Malucora iristearekin amets egiten zuenez, ilargiari erregutu ziola esan zigun. Eta ilargian ikusi gintuela gaineratu zuen, gu heldu baikinen. Erregea karabelara heltzean, askok eskua musukatu zioten; gero, popako ganberara eraman genuen, eta, sartzeko ez zuenez makurtu nahi, atakatik salto egin zuen.
Belus gorrizko besaulki batean esertzeko esan genion, turkiar erara egindako belus horizko jantzi bat jarri genion eta, hare gehiago ohoratzeko, gainontzekook lurrean eseri ginen haren inguruan. Horren ostean, erregeak hitzaldiarekin jarraitu zuen: bera eta bere herri guztiak behin betiko gure Espainiako erregearen lagun eta mendeko fidel‑fidelak izan nahi zirela esan zuen, eta gu semetzat hartuko gintuela; etxean bagina bezala lehorreratu behar ginela gaineratu zuen, izan ere, handik aurrera, bere uhartea ez zen Tadore deituko, Gaztela baizik, gure errege eta jaunari zor zion maitasun handiaren omenez.
Opariak eman genizkion: tunika, besaulkia, oihal mehe-mehea, ehun eskarlatazko lau braza, brokatu zati bat, damasko horizko oihal bat, urre eta zetarekin brodatutako oihal indiar batzuk, artile zurizko oihal bat, Cambaiako ehunak, bi barretina, sei kristaltxo sorta, hiru ispilu handi, hamabi aizto, sei artazi, sei orrazi, urre koloreko edalontzi batzuk eta beste zenbait gauza. Semeari, urre eta zetazko oihal indiar bat, ispilu handi bat, barretina bat eta bi aizto. Bederatzi handikiri, zeta zati bana, barretinak eta bi aizto. Beste askori, barretinak, aiztoak… dena banandu genuen, erregeak berak nahikoa zela erabaki zuen arte. Gero gure errege jaunari emateko bere bizia besterik ez zuela errepikatu zigun eta hirira gehiago hurbildu behar ginela, bere gizonen bat gure ontzietara gauez igotzekotan, tiroka hil ahal izango genuelako. Ganberatik irtetean ere ez zuen makurtu nahi izan. Agurtzean bonbarda guztiak jaurti genituen. Errege hori mairua da eta berrogeita bost urte ingurukoa; gorpuzkera ona dauka, tankera dotorea eta astrologo bikaina da. Une hartan besoak urrez brodatuta zeuzkan kamiseta zuri mehe‑mehea zeraman, eta gerritik ia oin hutsetaraino heltzen zitzaizkion gonak. Burua zetazko turbante batekin zeukan apainduta eta gainean lorez egindako girlanda zeraman; raja sultan Manzor deitzen diote.