2021/11/10PIGAFETTA, 1521-11-10

Igandean, azaroaren 10ean, erregeak Espainiatik zuela zenbat denbora abiatu ginen jakin nahi izan zuen, eta baita zenbateko soldata geneukan eta erregeak gutako bakoitzari ematen zion ehunekoa ere; horrez gain, monarkaren sinadura eta bandera bat emateko eskatu zigun, izan ere, handik aurrera bere uhartea eta Tarenate irla (non Calonaghapi izeneko bere iloba koroatuko zuen) Espainiako erregearenak izango ziren, berak hala erabaki zuelako. Era berean, gure erregearen izenean hil arte borrokatuko zuten, eta aurre egiteko arazoak izatekotan, Espainiara joango zen bere mendeko guztiekin batera, une horretarako eraikiko zuten junko batean, bertan sinadura eta bandera erreala eramango zituzten. Hala egingo zuen, antzinatik haren zerbitzaria zelako.

Gizon batzuk han uzteko erregutu zigun, horrela Espainiaren izena uneoro bertan egongo baitzen, eta ez salerosgaiak, ordea, azkar iraungitzen direlako. Eta Bachian izeneko beste uharte batera joan nahi zuela esan zigun, gure ontziak iltzez arinago betetzeko, bere uhartean ez baitzegoen biak betetzeko adina iltze siku.

Igandea zenez, ez zuen zamatu nahi izan. Herri hauetan jaieguna gure ostirala da. Jaun txit prestu horrek iltzea hazten den uharteak gogora ditzan, bosten izenak idazten ditut: Tarenate, Tadore, Mutir, Machian, Bachian. Tarenate da nagusia eta, hango erregea bizirik zegoenean, gainerako ia guztietan agintzen zuen. Gu Tadoren geunden; erregea dauka. Mutir eta Machian uharteek ez dute erregerik, errepublikak dira eta Tarenate eta Tadoreko erregeak borrokatzen direnean, soldaduekin hornitzen dituzte. Azkena Bachian da, horrek ere erregea dauka. Iltzea hazten den probintzia oso hori Maluco deitzen da.

Zortzi hilabete baino gutxiago igaro ziren Francisco Serrano portugesa Tarenaten hil zenetik, Tarenateko erregearen kapitain jenerala zen eta Tadoreko erregearen kontra borrokatu zuen, hain trebea izan zen erasoan, non Tadoreko erregeak alaba eman behar izan zuen etsaiarekin ezkontzeko eta handikien ia seme gehienak bahitu egin zituzten (alaba haren semea da oraingo Tadoreko erregearen iloba). Gero, behin bien artean bakeak eginda, Francisco Serrano iltzea erosteko Tadorera etorri zen eta hemengo erregeak betel hostoekin pozoitu zuen. Lau egun bakarrik iraun zuen bizirik; haren erregeak bere errituekin hobiratu nahi izan zuen, baina hildakoaren zerbitzariek ez zuten onartu… Seme-alaba txiki bi utzi zituen, Java Nagusian bahitutako emakume batenak, eta baita berrehun bahar iltze ere.

Gure kapitain jeneral ahaztezinaren lagun handia eta senidea zen Serrano, eta bidaiari ekiteko arrazoi nagusia ere, izan ere, gure kapitaina Malakan zegoenean, behin baino gehiagotan idatzi zion portugesak bera hemen zegoela esanez. Gure kapitain jeneralak meritu onenak zituztenei soldata hileko teston (garaiko zilarrezko txanpona) bakar bat igotzeko proposamena egin zion Don Manueli, garaiko Portugaleko erregeari, baina horrek ukatu egin zuen; beraz, Espainiakoari eskatu eta Errege Santuak nahi beste eman zion. Francisco Serrano hil eta hamar egunera, Tarenateko erregeak, raja Abuleisek, bakeak egiteko aitzakiarekin bere suhia, Bachiango erregea, bota eta haren emaztea pozoitu zuen, bere alaba zela alde batera utzita. Bi egun geroago hil zen azken hori eta bederatzi seme-alaba utzi zituen, hauek dira haien izenak: Chechil Momuli, Iadore Vunighi, Chechili de Roix, Cili Manzur, Cili Pagi, Chialin Chachilin, Cathara, Vaiechu Serich eta Calano Ghapi.