2021/11/11PIGAFETTA, 1521-11-11

Azaroaren 11n, astelehenean, Tarenateko erregearen semetako bat, Chechili de Roix, agonak jotzen zituen bitartean bi praorekin ontzietara hurbildu zen belus gorriz jantzita, baina ez zuen igo nahi izan. Francisco Serranoren emaztea, seme-alabak eta gauzak zekartzan. Nor zen jakin genuenean, erregeari galdetu genion ea ongi etorria eman beharra geneukan, haren portuan baikeunden. Gure erabakia zela erantzun zigun. Erregearen semeak zalantzak geneuzkala nabaritu zuen eta ontzietatik pixka bat aldendu zen; orduan faluan hurbildu ginen, urre eta zetazko oihal indiar bat emateko, aizto, ispilu eta artazi batzuekin batera. Mespretxu pixka batekin onartu zituen eta joan egin zen. Manuel izeneko indio kristau bat zekarren, Pedro Alfonso de Lorosa portugesaren zerbitzaria, Francisco Serrano hil ondoren Bandanetik Tarenatera joan zen; zerbitzariak portugesa zekienez, itsasontzietara igo zen eta Tarenateko erregearen semeak Espainiako erregearen zerbitzura zeudela esan zigun, Tadorekoaren etsaiak izan arren. Morroi haren bitartez, Pedro Alfonso de Lorosari gutun bat bidali genion erreminik gabe etorri behar zela esanez.

Errege horiek nahi beste emazte dituzte, baina bat beti da nagusia eta gainontzekoek men egiten diote. Tadoreko erregeak hiritik kanpo etxe handi bat zeukan, haren emazteetako berrehun bertan egon eta beste batzuek zerbitzatu ahal izateko. Erregea bakarrik edo emazte nagusiarekin dagoenean, justizian erabiltzen diren moduko oholtza batetik inguruan eseritako gainontzeko emazteak begiratzen ditu eta gehien gustatzen zaiona aukeratzen du gau hartan berarekin lo egin dezan. Jateko orduetan, batera bazkaltzeko agindua ematen baldin badu, horrela egiten dute; bestela, bakoitza bere ganberara joaten da jateko. Inor ezin da baimenik gabe erregearen aurrean azaldu; gauez zein egunez edonor etxetik hurbil egotekotan, besterik gabe hiltzen dute. Familia bakoitzak erregeari alaba bat edo bi eman behar dio. Erregeak orduan hogeita sei seme-alaba zituen eta zortzi bakarrik ziren mutilak. Uharte honen aurrean beste erraldoi bat dago, Giailolo, bertan mairuak eta jentilak bizi dira. Mairuetako bi errege aldarrikatu ziren eta (hemengoak esaten zidanaren arabera) batak seiehun eta besteak bostehun eta hogeita bost seme-alaba izan zituen. Jentilek ez dituzten hainbeste emazte eta ezta hainbeste sineskeria ere; baina goizean etxetik irtetean ikusten duten lehen gauza egun osoan zehar gurtzen dute. Jentil horien erregeak, raja Papuak, urre kopuru izugarria du eta uhartearen barrualdean bizi da. Giailolon, arroka bizien gainean, hankak bezain lodiak diren kanaberak hazten dira eta barruan edateko ur gozo-gozoa daukate; herri haietan batzuk erosi genituen.