Asteartean, azaroaren 12an, hirian gure salerosgaiak biltzeko etxe bat egun bakarrean eraikitzeko agindua eman zuen erregeak. Geratzen zitzaigun ia guztia hara eraman genuen eta hiru gizon geratu ziren zain; horrela, segituan trukeak egiten hasi ginen. Nahiko kalitate oneko hamar brazako oihal gorriaren truke, bahar bat iltze ematen ziguten, hau da, lau kintal eta sei libra (kintal bat ehun libraren parekoa da); kalitate ez hain oneko hamabost braza oihalen truke, bahar bat; hamabost aizkora txikiren truke, bahar bat; bidriozko hogeita hamabost edalontziren truke, bahar bat (erregeak erosi zituen guztiak); hamazazpi neurri zinabrioren truke, bahar bat; hamazazpi neurri zilar biziren truke, bahar bat; gorputz gutxiko hogeita bost brazako ehunen truke, bahar bat; ehun eta berrogeita hamar aiztoren truke, bahar bat; berrogeita hamar artaziren truke, bahar bat; berrogei barretinaren truke, bahar bat; Guzeratiko hamar zapiren truke, bahar bat; haien hiru agonen truke, bahar bat; kintal bateko metalaren truke, bahar bat. Gure ispilu guztiak apurtuta zeuden eta ondo zeuden gutxiak erregeak nahi izan zituen. Gauza horietako asko arpilatutako junkoetakoak ziren. Erreserbak ordura arte proposatutako prezioan baino hobean saltzea eragiten zigun Espainiara itzultzeko presak. Egunero ahuntz, oilo, piku, koko eta beste elikagaiez betetako ontziak porturatzen ziren gure ondoan, zoragarria zen. Ur edangarria hartu genuen; bero jariatzen zaio, baina ordubete jalkitzen utziz gero, izoztu egiten da. Iltzearen mendian jaiotzen delako gertatzen da hori; Espainian esaten denaren kontra, Malucon ez baitago ura oso urrunetik inportatzeko beharrik.
2021/11/12PIGAFETTA, 1521-11-12