Eta hurrengo egunean gainontzeko presoak oparitu genizkion, Burnekoak salbu. Atsegin handia eman zion. Berari zor genion maitasunaren izenean, generamatzan txerri guztiak hiltzeko eskatu zigun; eta berak trukean ahuntzak eta oiloak emango zizkigula agindu zuen. Pozik gera zedin haiekin amaitu genuen eta gero ontzigainaren azpian eskegi genituen. Tokiko norbaitek ausaz ikusi egiten zituenean, aurpegia estaltzen zuen eta usaina ez nabaritzeaz ere arduratzen zen.
Arratsaldean, Pedro Alfonso portugesa prao baten gainean heldu zen; jaitsi aurretik, Tarenatekoa izan arren, guk galdetutakoari zintzotasunez erantzuten behar zuela esateko agindua eman zuen erregeak barrezka. Indiatik hamasei urte zeramatzala azaldu zuen, baina Malucon hamar besterik ez; sekretuan tokia aurkitu zutenetik. Urte bat eta hamabost egun lehenago, portu haietara Malakatik zetorren itsasontzi handi bat heldu, iltzea zamatu eta joan egin zen. Baina ekaitzak zirela eta, Bandanen geratu behar izan zen hilabete batzuk. Tristan de Meneses zen kapitaina, portugesa ere; kristau lurretan zein berri zegoen galdetu zion, Espainiako erregearen izenean Maluco aurkitzeko bost ontzi itsasoratu zirela eta kapitaina Fernando Magallaes portugesa zela erantzun zion Pedro Alfonsok. Eta Portugaleko erregeak, bere gizon baten traizioaren hisiaz, Esperantza Oneko eta Andre Maria lurmuturretara (kanibalak bizi diren tokira) karabela batzuk bidali zituela bidea oztopatzeko helburuarekin; baina ez zuten Magallaes aurkitu. Gero, Portugaleko erregeak aipatutako kapitaina beste itsaso batetik igaro zela eta Malucora zihoala entzun zuen; jarraian Indian zeukan kapitain nagusiari, Diego Lopez de Sicherari, Malucora sei ontzi bidaltzeko idatzi zion. Baina Turkoa Malakara zihoanez, ez zituen bidali; aurreko beste batean, Mekako itsasartera haren aurka gutxienez hirurogei bela pleitatu behar izan zituen; eta bertan hondartutako galera batzuk baino ez zituzten aurkitu, Aden hiri eder eta indartsuaren ondoan. Erre egin zituzten. Horren ostean, Malucora, Judaren lurrera, gure aurka joateko galeoi handi bat bidali zuen bi artilleria ordenarekin; baina uharrien eta Malakaren inguruan sortzen diren ur lasterren eta brankako haizeen erruz, aurreratu ezinik atzera egin behar izan zuen. Galeoi horren kapitaina Francisco Faria portugesa zen; eta, egun gutxi lehenago, bi junkorekin zetorren karabela batek latitude hauetan nabigatu zuen gutaz galdezka. Junkoak zazpi portugesekin Bachianera hurbildu ziren iltzea zamatzeko. Portuges horiek ez zituztenez erregearen eta haren gizonen emazteak errespetatu (behin eta berriz ohartarazi zien erregeak, baina ez zioten jaramonik egin), hil egin zituzten. Karabelara berria heldu zenean, Malakara itzuli ziren eta junkoak atzean utzi zituzten, laurehun bahar iltze eta beste ehun bahar erosteko adina salgai zegoen junkoetan. Urtean zehar junko asko datoz Malakatik Bandanera intxaurraren oskol berdea eta intxaur-muskatua hartzeko; eta Bandanetik Malucora, iltzea hartzeko. Hemengoek junkoekin Malukotik Bandanera joateko hiru egun behar dituzte, eta Bandaneik Malakara, hamabost. Portugaleko erregeak Malucori probetxua atera zion azken hamar urteetan; baina sekretuan, Espainiakoak jakin ez zezan.
Goizeko hirurak arte egon zen gurekin eta beste hamaika gauza kontatu zizkigun. Soldata ona izango zuela zin egin genion eta hainbeste tematu ginen, non gurekin Espainiara etorriko zela agindu zigun.