Hain da handia Giailolo uhartea, non prao batek lau hilabete behar dituen inguratzeko. Igande goizean, errege hori bera gure ontzietara itzuli zen; nola borrokatzen genuen eta bonbardak nola jaurtitzen genituen ikusi nahi zuen, horrek atsegin handia eman zion. Jarraian, joan egin zen. Ikusi berri dudanez, gaztea zenean gudari ospetsua izan zen.
Egun horretan iltzearen landarea ikusteko lurrera jaitsi nintzen. Enborra altua eta lodia da, gizon baten altuerakoa gutxi gorabehera; adarrak horizontalki sakabanatzen dira normalean; altuenak bakarrik daude gorantz eta ziman kono antzeko bat eratzen dute. Hostoek ereinotzarenak dakarzkidate burura; azala oliba kolorekoa da. Iltzea adar samurrenetan hazten da, hamar edo hogeiko sortetan. Enbor horiek ia beti alde batetik bestetik baino gehiago ematen dute, aldiaren arabera. Haztean, iltzea zuria da; heltzean, gorria; lehortzean, beltza. Urtean bitan biltzen da uzta; behin gure berreroslearen jaiotzan, eta beste behin San Joan Bataiatzailearenean. Izan ere, garai horietan airea epeltzen da, batez ere gure berreroslearenean. Urtea beroa eta lehorra denean, uharte hauetako bakoitzean hirurehun edo laurehun bahar biltzen dira. Zuhaitzak mendian bakarrik hazten dira eta baten bat lautadan landatuz gero, nahiz eta menditik hurbil egon, ez da hazten. Hostoa, azala eta enbor berdea iltzea bera bezain gogorrak dira. Heldua dagoenean bildu ezean, hainbeste handitu eta gogortzen da, non ez duen ezertarako balio, azalak baino ez. Bost uharte hauetako bost mendi hauetan izan ezik, munduan inon ez da hazten iltze landarerik. Batzuetan Giailolo uhartean ere badago, eta Tadore eta Mutir artean dagoen uhartetxo batean ere, Maten, baina ez dauka zapore onik. Goizero lainoa ikusten genuen mendiak banan-banan inguratzen eta horrek iltzea ezin hobea izatea egiten du. Herri bakoitzak bere zuhaitzak dauzka eta zaindu egiten ditu, baina ez ditu landatzen.
Uharte honetan intxaur muskatua ematen duten zuhaitzak ere daude. Enborra gure intxaurrondoarena bezalakoa da, eta hostoak ere antza dauka. Intxaurra, hartzen denean, muxika txikia dirudi, bilo eta kolore bera duelako. Lehen azala gure intxaurraren kapsula berdearen tamainakoa da; azpian, mintz mehe-mehea dago, eta, horren azpian, intxaur muskatuaren azal gorri-gorriak oskola inguratzen du, eta, azkenik, intxaur muskatua dago barruan.
Herri hauetan, etxeak lehen aipatu bezala egiten dituzte, baina ez daude lurretik hain altxatuta eta kanaberazko oholesi bat daukate inguruan.
Hemengo emakumeak itsusiak dira eta aurrekoak bezala biluzik dabiltza, landarez egindako oihal bat besterik ez daramate alu-zorro gisa. Honela egiten dute oihala: zuhaitz azala uretan jartzen dute, bigundu arte; gero, nahi bezain luze eta zabal geratu arte makilekin kolpatzen dute. Zeta gordin modukoa da, barruan zuntz batzuk ditu eta horregatik ehun bat dela dirudi. Palmondoaren antzeko zuhaitz baten egurretik ateratako ogia jaten dute eta honela egiten dute: bustitako enbor zati bat hartzen dute, eta arantza luze beltzaxka batzuk ateratzen dizkiote, jarraian txikitu egiten dute eta ogia prest dago. Ia nabigatzen dutenean baino ez dute jaten, eta sagu deitzen diote. Gizonak biluzik dabiltza (beharrezkoa al da errepikatzea?); baina haien emazteengatik hain dira jeloskorrak, non ez zuten nahi gu zirritua zabalik lehorreratzea, emakumeek gu beti prest geundela pentsa ez zezaten.