Azaroaren 26an, asteartean, erregeak gogoratu zigun ez zela ohikoa erregeak bere uhartea uztea, baina Gaztelako erregeari zor zion maitasunarengatik joan zela bera eta gu Espainiara lehenago itzuli gintezen; gero bere aitaren heriotzaz mendeku hartzeko beste ontzi bidali beharko genituen, Buru izeneko uharte batekoek erahil eta gorpua itsasora jaurti baitzuten. Lehen iltzea ontzi edo junkoetan jartzen zenean, erregeak nabigatzaileei oturuntzara gonbidatzea ohitura zela gaineratu zuen, horrela onik porturatzeko eskatzen zioten Jainkoari, eta, horrez gain, bisitatzera zetozen Bachiango erregearen eta haren anaiaren omenez ere bazkaria antolatu nahi zuela esan zigun. Eta bideak garbitzea agindu zuen.
Gutako batzuek ontzietatik ez jaisteko aholkua eman genuen (gonbidapena onartu nahi zutenen iritziaren aurka), zorigaiztoko gertakaria gogoan geneukalako. Izan ere, ura lortzen genuen tokian, indigena batzuek (basoan ezkutatuta zeudela) Francisco Serranoren hiru portuges akabatu zituzten; eta, gainera, askotan ikusten genituen indio horiek gure presoekin ezkutuan hizketan.
Hain gogotsu defendatu genuen gure iritzia, non azkenean erregeari joan nahi ginela esan zioten eta karabeletara hurbiltzeko. Abiatu aurretik agindutako lau gizonak eta salerosgai batzuk eman genizkion. Erregea azkar-azkar etorri eta ontzietan sartu zen, eta gizon batzuei esan zien bere etxean bezala sartzen zela. Bat-batean joan nahi ginelako benetan kezkatu zela esan zigun, normalean ontziak zamatzeko epea hilabete batekoa zela, eta bera ez zela uhartetik joan ezer txarrik antolatzeko, baizik eta zama ahalik eta azkarren eskura genezan. Azkenik, oraindik ez irtetea gomendatu zigun, uharte haietatik nabigatzeko garaia ez zelako, Bandan inguruko hamaika harea-pilak zirela eta; handik hurbil itsasontzi portugesek aurkitu gintzatekeela ahaztu gabe… Eta bai, hala ere, joan egingo ginela erabaki genuen, eta aurretik gure salerosgai guztiak hartuko genituen. Hori egin ezean, edozein iruzurren mesfidantzarengatik portua utzi genuela esango zuten inguruko errege guztiek, eta Tadoreko erregea traidoretzat hartuko zuten betiko, hain errege handiaren opari asko jaso eta trukean eskertzeko ezer ez emateagatik. Orduan bere Korana ekarrarazi eta musukatu egin zuen, gero lau edo bost aldiz buru gainean jarri zuen eta bere kolkorako konjuru batzuk zituen (horri guztia egiteari “zambahean” deritzote); azkenik, Ala eta eskuan zeukan Koranaren izenean, uneoro Espainiako erregearen lagun fidela izango zela zin egin zuen guztion aurrean. Ia negarrez esan zuen guztia. Haren hitz onak zirela eta, beste hamabost egun geratuko ginela agindu genuen.
Jarraian, sinadura eta bandera errealak eman genizkion. Geroago jakin izan genuen (iturri onetik gainera) handiki batzuek gurekin akabatzeko premiatu zutela, eta portugesek benetan eskertu zioten jaramonik ez egitea, harik eta Bachiangoei denbora gutxi lehenago gertatutakoa barkatu arte. Erregeak inondik inora ere ez zuela halakorik egingo erantzun zuen, Espainiako erregea ezagutu eta harekin bakeak egin zituelako.