Abenduaren 15ean, igandean, arratsaldean, albo bakoitzean hiru ilara arraunlari zituen prao batean Bachiango erregea eta haren anaia ikusi zituzten: guztira ehun eta hogei gizonek osatzen zuten eskifaia, papagai lumaz egindako bandera zuri, hori eta gorri ugari zeuden, eta metal kolpe asko entzuten ziren, arraunlariek soinuari jarraituz erritmoan bogatzen dutelako. Emazteari aurkezteko dontzeilak zekartzaten beste bi prao zetozen. Ondotik igarotzean, bonbardekin agur ezan genien eta haiek gu agurtzeko ontziak eta portua inguratu zituzten. Gure erregea Bachiango erregearen bila joan zen ongietorria emateko, ez baitzen ohikoa errege bat bere lurretik kanpo bakarrik lehorreratzea. Etortzen ikusi bezain laster, zegoen tapizetik altxatu eta albo batean jarri zen; gure erregeak ez zuen tapiz horretan atseden hartu nahi izan, baizik eta beste nonbaiten, eta hala geratu ziren.
Bachiangoak gure erregeari bostehun patolle ordaindu zizkion bere anaiari alaba ematearen truke. Patolleak Txinan egiten diren zeta eta urrezko brokatuak dira eta han asko balioesten dituzte. Norbait hiltzen denean, senideak, ohoratzeko, oihal horiekin haien burua estaltzen dute. Baten truke hiru bahar iltze ematen dute, gutxi gorabehera, oihalaren arabera.