2021/01/17PIGAFETTA, 1521-12-17

Asteartean gure erregeari suzko arma batzuk oparitu genizkion, hala nola India honetan hartutako arkabuzak, gure kanoi txiki batzuk eta bolboraz betetako lau upel. Bertan ontzi bakoitzerako laurogei zahagi bete genituen urez. Bost egun lehenago, guretzat zuhaitzak mozteko ehun gizon bidali zituen erregeak Mare uhartera, handik igarotzeko asmoa geneukalako.

Gaur Bachiango erregea eta bere gizon asko gurekin bakeak egiteko lehorreratu dira. Haren aurrean lau gudari zihoazen, ezpatak biluzik eta altxatuta zeramatzaten. Gure erregearen eta gainontzekoen aurrean, behin betiko Espainiako erregearen zerbitzura egongo zela zin egin zuen, eta, guk bidalitako beste ontzidi bat hara joan arte, portugesek utzitako iltzea gordeko zuela esan zigun eta inoiz ez ziola inori baimenik gabe emango. Espainiako erregearentzat esklabo bat, bi bahar iltze (hamar eman nahi zizkigun, baina ezin izan genituen onartu karabelak pisu gehiegi eraman ez zezaten) eta hildako bi txori oso eder eman zizkigun. Txori horiek birigarroen gorputza daukate: buru txikia eta moko luzea, hankak arra batekoak eta idazteko luma bezain meheak. Ez daukate hegorik, baizik eta luma luze eta nabarrez osatutako bi motots handi modukoak. Isatsa berriz ere birigarroenarena bezalakoa du, eta aipatu gabeko luma guztiak ilunak dira. Haizea dagoenean baino ez dute hegan egiten.

Txori horiek lurreko paradisutik zetozela esan ziguten, eta horregatik “bolon dinata” deitzen dituzte, hau da, “Jainkoaren txoriak”.

Malucoko errege guztiek Espainiakoari idatzi zioten haren mendeko leialak izan nahi zutela esanez. Bachiangoak jada hirurogeita hamar urte inguru izango zituen eta honako hau zen haren ohituretako bat: borrokatu edo garrantzizko beste edozer egiterakoan, zerbitzari bati bere inguruan bi edo hiru itzuli egitea agintzen zion. Zerbitzari horrek ez zuen beste eginkizunik.

Egun batean, gure biltegian geratzen zirenei gauez ez irteteko abisua eman zien erregeak, izan ere, haren mendeko batzuk gantzutu eta iluntasunean ibiltzen dira, antza denez inork gidatu gabe. Haien legiokoa ez den norbait aurkitzen dutenean, eskutik hartzen dute eta horrela esku barrua gantzutu egiten zaio, ondorioz, jarraian gaixotu eta hiru edo lau egunetan hil egiten da. Eta bat baino gehiagorekin topo egiten dutenean gauza bera egiten dute, halakoetan horrez gain lotu egiten dituzte. Erregeak talde horretako gaizkile bat baino gehiago urkatzeko agindua eman izan zuen.

Hemengoek etxe bat eraikitzen bukatzen dutenean, bizitzen sartu aurretik, inguruan sua pizten dute eta pertsona asko gonbidatzen dituzte; gero uhartean ekoizten diren gauza bakoitzetako lagin bat sabaitik eskegitzen dute, bertan biziko direnek inoiz horien falta izan ez dezaten. Uharte guzti horietan jengibrea arrunta da; guk berde jaten genuen, ogia bezala. Jengibrea ez da zuhaitz bat, landare txiki bat baizik, eta lokatzetik kanpo arra bateko kimu ugari hazten zaizkio, kanaberenak bezalakoak; eta hosto berdinekin, baina pixka bat estuagoak. Kimuek ez dute ezertarako balio, baina horien sustraia jengibrea da, berde dagoenean siku baino askoz zapore gutxiago dugu. Hemengoek kontserbatzeko karean sartzen dute. Bestela ez luke iraungo.