Behin Malucotik abiatzeko erabakia hartuta, asteazken goizean Tadoreko erregea, Gialolokoa, Bachiangoa eta Tarenatekoaren seme bat etorri ziren; gu Mare uharteraino laguntzeko. Victoria ontziak belak jaso zituen eta itsasoratu egin zen, lasai, Trinidad ontziaren zain; baina azken horrek aingurak altxatu aurretik, ondoan ura zegoela ikusi zuten. Orduan, Victoria itzuli egin zen eta jarraian Trinidadari zama kentzen hasi ziren, horrela ontzia konpontzeko asmoz. Kroskoan ura sartzen entzuten zen, kanoi baten ahotik sartuko balitz bezala; baina ez genuen zuloa aurkitzen. Egun hartan eta hurrengoan ponpa erabili besterik ez genuen egin, eta hala ere ez genuen ezer lortu.
Gure erregeak gertatutakoaren berri izan zuenean, segituan ontzian agertu eta ura nondik zetorren miatzen ibili zen. Bere gizonetako bosti uretan murgildu eta pitzadura bilatzeko agindua eman zien. Ordu erdi baino gehiago eman zuten itsaso azpian, baina ez zuten ezer ikusi. Zuloa ezin zutela aurkitu eta ontziak geroz eta gutxiago flotatzen zuela ikusita, ia negarrez, uharteko beste muturrean bizi ziren hiru gizon ekartzeko agindua emango zuela esan zigun erregeak, haiek ur azpian denbora luzez egon baitzitezkeen.