2021/12/20PIGAFETTA, 1521-12-20

Ostiralean, goiz-goizean, erregea hiru gizon horiekin agertu zen eta ilea solte zutela uretan murgiltzeko agindua eman zien, harekin pitzadura nabaritu zezaten. Ordubetez ondoan egon ziren eta ezin izan zuten zuloa topatu. Erregea, beste erremediorik ez zegoela onartu zuenean eta are gehiago negar egiten zuen bitartean, honako hau esan zuen: “Eta nor joango da orain Espainiara, nire jaunaren aurrera, nire berri emateko?” Victoria joango zela erantzun genion, hasten ari zen Ekialdeko haizea ez galtzeko; bitartean, beste ontzia, konponduta egon arte, Mendebaldeko haizearen zain egongo zen, eta gero Dariénera hurbilduko zen, munduko beste aldean dagoen Diucatango lurraldera.

Erregeak berrehun eta hogeita bost bikeztatzaile zituela eta horiek konponketan lanean arituko zirela erantzun zuen; bertan geratuko ziren gizonak bere semeak balira bezala tratatuko zituen eta bikeztatzaileei agintzeko lana besterik ez zuten egin beharko. Hainbesteko pasioarekin esan zuen hori, non guztioi negarra eragin zigun. Zama gehiegi eramateagatik ontzia pitzatzearen beldur ginen Victoriakook, horregatik hirurogei kintal espezia kendu eta biltegira eraman genituen, etorriko ez zirenek bertan hartu zuten babesa. Era berean, gure karabelako batzuek han geratu nahi izan zuten, kroskoa Espainiara heldu arte ez irauteari ikara ziotelako, baina, batez ere, gosez hiltzearen beldur zirelako.