Abenduaren 21ean, larunbatean, San Tomas egunean, erregea gure ontzira igo zen eta uharte hauen amaierara arte eramateko ordaindu genituen bi pilotuak eman zizkigun. Eta orduan abiatzeko une egokia zela esan zigun. Baina geratzen zirenek idazten ari ziren gutunen zain geundenez, eguerdira arte ez ginen joan. Ordua iritsi zenean, nahi adina salba jaurtiz ontziek elkar agurtu zuten, eta azken agur horrekin kexatzen ari zirela zirudien…
Geratzen zirenak tarte batez haien txalupekin lagundu ziguten, eta, azkenean, malko eta besarkada askoren ostean, joan egin ginen. Erregearen gobernadoreak Mare uharteraino lagundu zigun. Irla inguratu baino lehen, egurrez betetako lau prao guregana etorri ziren; ordubete eskasean, zama ontzira igo genuen eta zalantzarik gabe Hego-mendebaldera abiatu ginen. Joan Carvalho berrogeita hamar gizonekin geratu zen; itsasgizonak gutako berrogeita zazpi eta hamahiru indio ginen.
Tadore uhartean apezpikua daukate; garaian bat zegoen, berrogei emazte eta hamaika seme‑alaba zituena.
Malucoko herrialde guzti hauetan iltzea, jengibrea, sagua (egurretik lortzen dute ogi hori), arroza, ahuntzak, antzarak, oiloak, kokoak, pikuak, Europakoak baino lodiagoak diren arbendolak, sagar gozo eta gaziak, laranjak, limoiak, patatak, eztia (inurriak bezain txikiak diren erleek zuhaitzetan egiten dutena), azukre-kanaberak, koko eta sesamo olioa, meloiak, sandiak, kalabazak, sandiaren tamainako fruitu freskagarria (“comulicai” deitzen dutena), arrantzatu dela dirudien beste fruitu bat (“guana” izeneakoa) eta jateko beste gauza batzuk dituzte. Eta papagai espezie desberdinak daude, zuriei “cathara” esaten diete eta guztiz gorriak direnei “nori”. Gorri batek bahar bat iltze balio du eta gainontzekoek baino zehaztasun handiagoarekin mintzatzen da. Duela berrogeita hamar urte mairuak Malucon bizi direla; lehen iltzea balioztatzen ez zuten jentil batzuk zeuden han. Oraindik baten bat geratzen da, baina mendietan bakarrik, iltzea hazten den tokian, hain zuzen ere. Tadore uhartea Polo Artikotik hogeita sei minutuko latitudean dago eta banaketa-lerrotik 161eko longitudean; Zanialetik, uhartediko lehenengo uhartetik, 9 gradu 1/2-ra dago, Hego-ekialde laurdena Hegoaldera, Ipar-ekialde laurdena Iparraldera eta Hego-mendebaldera. Tarenate latitude artikotik 2/3-era dago. Mutir justu ekuatorearen azpian dago. Machian Polo Artikorantz laurden bat haratago dago eta Bachian gradu bat gorago. Tarenate, Tadore, Mutir eta Machian, egia esan, tontor zorrotza duten lau mendi dira eta bertan iltzea hazten da. Lau uharte horietatik ez da Bachian ikusten; baina Bachian da handiena eta iltzea daukan mendiak hainbesteko altuera ez duen arren, eremu handiago hartzen du.
Gure bideari jarraituta, honako uharte hauetatik igaro ginen: Caioan, Laigoma, Sico, Giogi, Pahi (uharte horretan gizontxoak daude, nanoak bezalakoak, pigmeoak dira eta Tadoreko gure erregeak indarrez menderatzen ditu), Laboan, Toliman, Titameti, Bachian (aurretik jada aipatutakoa), Latalata, Talobi, Maga eta Batutiga. Behin horiek atzean utzita, Batutigaren Mendebaldean, Mendebalde eta Hego-mendebaldearen artean nabigatu genuen. Eguna iluntzean, uhartetxo batzuk aurkitu genituen, baina Malucoko pilotuek jarraitzea aholkatu ziguten, haitz eta hondar-banku askoren artean baikeunden. Hego-ekialdera abiatu ginen, uharte bat aurkitu arte, Polo Artikoko latitudean bi gradutara eta Malucotik berrogeita hamar legoara dagoena. Sulach deitzen da.
Uharte horretakoak jentilak dira eta ez daukate erregerik. Giza haragia jaten dute eta emakumeak zein gizonak biluzik dabiltza, zuhaitz azal piltzar batek baino ez dizkie lotsariak estaltzen. Lurralde haietako askotan giza haragia jaten dute; honela deitzen dira horietako batzuk: Silan, Noselao, Biga, Atulabaon, Leitimor, Tenetum, Gondia, Pailarurun, Manadan eta Benaian. Gero, Sulachetik ia hamar legoara, beste bi uharte inguratu genituen (Lamatola eta Tenetum). Nahiko handia zen uharte bat aurkitu genuen eta arroza, txerriak, ahuntzak, oiloak, azukre-kanaberak, sagua, pikuekin egiten duten jaki gozoa (“chanali” deitzen dute) eta chiacareak edo “nangak”, hemen esaten dieten bezala, zeuden. Chiacareak sandiak bezalakoak dira, baina kanpoaldea korapilatsua dute; barruan arbeletxekoak bezain txikiak diren fruitu gorriak dauzkate eta, hezurrak izan beharrean, indabak bezalako pipitak dituzte, gaztainak bezain xamurrak dira janez gero. Ananaren antza daukan beste fruitu bat ere dago, kanpotik horia eta barrutik zuria. Moztean madaria dirudi, baina xamurragoa eta hobea da. Horri “comilicai” deitzen diote.
Sulachen bezala, hemen ere ez dira janzten. Jentilak dira eta ez daukate erregerik. Uhartea Polo Artikoko latitudean 3 gradu 1/2-ra dago, eta Malucotik hirurogeita hamabost legoara. Buru deitzen da. Ekialdera hamar legoara, beste uharte bat dago, hori ere zabala da, Giailolorekin muga egiten du eta mairuak eta jentilak bizi dira bertan: mairuak, itsasertzean; jentilak, barrualdean (azken horiek giza haragia jaten dute). Uhartean aipatutako janari guztia dago; Ambon deitzen dute.
Buru eta Amboren artean beste hiru uhartetxo daude eta uharri arriskutsuek inguratzen dituzte: Vudia, Cailaruri eta Benaia. Burutik hurbil, Hegoaldera lau legoara, beste txikiago bat dago: Ambelau. Buru uhartetik hogeita hamabost legoa ingurura, Hego-mendebalde laurdena hegoaldera, Bandan dago, beste hamabi uharterekin batera. Horietako seitan, mazisa (intxaur muskatuaren azala) eta intxaur muskatua bera hazten dira; honela deitzen dira: Zoroboa (handiena), Chelicel, Samianapi, Pulac, Pulurun eta Rosoghin. Beste seiak honako hauek dira: Unuveru, Pulan Baracan, Lailaca, Manucan, Man eta Ment. Horietan ez dago intxaur muskaturik, baina sagua, arroza, kokoak, pikuak eta beste fruitu batzuk dauzkate; bata bestearengandik oso hurbil dago. Hemengo biztanleak mairuak dira eta ez daukate erregerik. Bandan Polo Antartikoko latitudean sei gradura dago, eta banaketa-lerrotik 163 gradu 1/2-ko longitudean; bidetik ez aldentzearren ez ginen hurbildu.
Burutik Mendebalde laurdena Hego-mendebaldera abiatzean, longitudeko zortzi gradutik hurbil geundela, hiru uharte ikusi genituen: Zolot, Nocemamor eta Galian, eta haien artetik igarotzean sekulako enbata izan genuen; hori gaindituz gero, Gidako Ama Birjinara erromes joango ginen. Ekaitza aurreratu eta uharte oso altu batean aterpea bilatu genuen, itsasoaren bultzadaren ostean mendiko uholdeei aurre egin behar izateak leher eginda utzi gintuen.
Hango biztanleak basokoak eta basatiak dira. Giza haragia jaten dute, ez dute ezer jabetzen eta biluzik dabiltza (zakil-zorroa daramate, besteek bezala). Borrokatzerakoan, bularra, bizkarra eta saihetsak bufalo azal zatiekin estaltzen dute, apaingarri gisa adartxoak, txerrien hortzak eta ahuntzaren azalarekin egindako buztanak eskegita daramatzate. Ilea oso altu daramate, alde batetik bestera gurutzatzen duten kanaberazko orrazi luze batzuei esker. Nahasitako orbelarekin egindako bizar ilelatzak dituzte, kanaberazko zerrenda batzuetan muntatuta, eta horrek itxura barregarria ematen die. Azken finean, India honetako zikinenak dira.
Haien arku eta geziak kanaberazkoak dira eta emakumeek elkartutako hostoez egindako sakuetan eramaten dituzte janaria eta edaria. Ikusi gintuztenean, arkuak prest zituztela hurbildu ziren. Baina lau opari eman bezain laster, haien lagunak izan ginen. Hamabost egun egon ginen han, gure ontziko karelak konpontzeko. Uhartean oiloak, ahuntzak, kokoak, argizaria (libra bat burdin zaharren truke hamabost libra argizari eman ziguten) eta piper luze eta borobilak daude. Piper luzeek neguan hurrei ateratzen zaizkien zizaretxoen antza dute. Zuhaitzak huntza dakar burura eta era berean beste zuhaitz baten bizkarroia da, hari itsatsita hazten da, baina hostoek masustondoarenen antza handiagoa daukate. “Luli” deitzen da. Piper borobila berdin hazten da, baina buruxkatan, Indiako piperrautsa bezala, eta aletu egiten da. “Lada” deitzen da. Alderdi honetan, zelaiak piper horretaz beterik daude eta landareak mahatsondoak bezala korapilatzen dira. Hemen gizon bat hartu genuen, hornitzeko uharteren batera eraman gintezen. Polo Antartikotik 8 gradu 1/2-ra zegoen eta banaketa-lerrotik 169 gradu 2/3-eko longitudean. Malua zuen izena.
Malucoko pilotu zaharrak hemendik hurbil Arucheto izeneko uharte bat dagoela azaldu zigun. Bertakoak ez dira pertz bat baino altuagoak eta belarriak gorputza bezain handiak dituzte, horrela bata ohe moduan erabiltzen dute eta bestea estalki gisa. Gorputzeko ile dena guztiz mozten dute eta biluzik dabiltza; korrika asko egiten dute, ahots fina daukate, lurrazpiko kobetan bizi dira, arrainak jaten dituzte eta baita zuhaitzaren azala eta enborraren artean ezkutatuta dagoen gai bat ere, zuria eta konfitea bezain borobila da, “ambulon” esaten diote. Korronte bortitzak eta uharriak zirela eta, ez ginen haraino joan.