2022/01/26PIGAFETTA, 1522-01-26

(...) eta igandean, 26an, uharte handiago batera heldu ginen, Hegoalde eta Hego-mendebaldearen artean bost legoara dagoena. Ni bakarrik jaitsi nintzen, Amaban izeneko hiribilduko buruarekin hitz egiteko eta hornidura lortzeko. Bufaloak, txerriak eta ahuntzak emango zizkigula erantzun zuen, baina ezin izan ginen ados jarri, bufalo bakoitzeko hamaika gauza eskatzen baitzituen. Ia ezer ez zitzaigunez geratzen eta gose handia genuenez, handiki bat eta haren semea ontzian atxiki genituen. Balibo izeneko beste hiribildu batekoak ziren eta hilko genituen beldur zirenez, asko luzatu gabe sei bufalo, bost ahuntz eta bi txerri eman zizkiguten. Gainera, askatzearen truke eskatutako hamar txerri eta hamar ahuntzak eman beharrean, beste bufalo bat eman ziguten. Beraz, poz-pozik lehorrera bidali genituen, oihalak, zetazko eta kotoizko ehun indioak, aizkorak, labanak, artaziak, ispiluak eta aiztoekin batera.

Nirekin hitz egin zuen gizonak emakumeak bakarrik zituen zerbitzari gisa. Besteak bezain biluzik dabiltza, eta belarrietatik urrezko eraztun txikiak dituzte zintzilik, zetazko litsekin apainduta; besoetan ukondoraino heltzen zaizkien urrezko eta letoizko besoko ugari daramatzate. Gizonak emakumeak bezala dabiltza, baina lepoan urrezko zenbait gauza borobil lotzen dituzte eta adatsean urrezko uztaiekin apaindutako kanaberazko orraziak daramatzate; urrezko belarritako arrutak eraman beharrean, baten batek kalabaza sikuarekin egindako uztaiak ditu zintzilik. Hemen sandalo zuria (eta hemen bakarrik) jengibrea, bufaloak, txerriak, ahuntzak, oiloak, arroza, pikuak, azukre-kanabera, laranjak, limoiak, argizaria, arbendolak, indabak eta bestelako gauzak daude, papagai nabarrez gain. Uharteko beste aldean, haien erregeak diren lau anaia bizi dira. Guk porturatu genuen tokian, jaunen mendeko herrixka batzuk besterik ez zeuden. Errege horien lau korteen izenak honako hauek dira: Oibich, Lichsana, Suai eta Cabazana. Oibich handiena da; Cabazanan, esan zigutenez, urre asko dago mendi batean eta salgaiak urrezko pipitekin erosten dute. Java eta Malakakoek erosten duten sandalo eta argizari guztia hemen erosten dute. Sandaloaren truke hona heldu zen Luzongo junko bat aurkitu genuen.

Herri hauetakoak jentilak dira eta sandaloa moztuko dutenean (haiek ere horrela deitzen diote), demonioa zenbait formatan agertzen zaie eta, zerbait behar izatekotan, orduan eskatzeko esaten die, horren ostean egun batzuk gaixorik egoten dira.

Sandaloa ilargiaren aldi zehatzetan mozten da; bestela ez litzateke ona izango. Horren truke interesatzen zaizkien salgaiak honako hauek dira: oihal gorria, ehunak, aizkorak, burdina eta iltzeak. Uharteak biztanleak ditu eta oso luzea da Ekialdetik Mendebaldera, baina ez Hegoaldetik Iparraldera. Polo Antartikotik hamar graduko latitudean dago eta banaketa-lerrotik 164 gradu 1/2-ko longitudean, eta Timor deitzen da. Uhartedi honetan igaro genituen uharte guztietan San Iop gaitza da erregea, eta hemen beste irletan baino gehiago agintzen du. “For franchi” deitzen diote, hau da, portuges gaitza.

Handik egun batera, Mendebalde eta Ipar-mendebaldearen artean, kanela hazten den beste lurralde bat dagoela esan ziguten, Ende izenekoa. Biztanleak jentilak dira eta ez daukate erregerik. Bide beretik hainbat uharte daude bata bestearen atzean, Java Nagusia eta Malakako lurmuturreraino. Honako hauek dira haien izenak: Tanabutun, Crenochile, Bimacore, Aurauaran, Main, Zumbava, Lamboch, Chorum eta Java Nagusia. Lurralde hauetakoek ez diote Java deitzen, Giaoa baizik. Javako hiribildu nagusiak hauek dira: Magepahor (erregea bizirik zegoenean, uhartediko boteretsuena zen, raja Pathiunus deitzen zen), Sonda (benetan emankorra piperbeltzean), Daha Dama, Gaghiamada, Minutarangan, Cipara Sidain, Tuban, Cressi, Cirubaia eta Bali. Eta Java Nagusiarekin mugan, legoa erdira edo, oraindik Madura uhartea dago.

Java Nagusiko handikietako bat hiltzen denean, gorpuari su ematen diotela azaldu ziguten; emazte nagusiak lorezko girlandekin bere burua apaintzen du eta, moldatutako zizeilu batean, lau zerbitzarik sorbaldetan hiribildu osotik eramaten dute. Barrezka, negarrez dauden senide guztiak lasaitzeko, honakoa esaten die: “Ez egin negarrik, ilunabarrean senar laztanarekin afaltzera eta gauean haren ondoan lo egitera joango naiz eta.” Gero, senarra sutan dagoen tokira eramaten dute, eta, bigarrenez senideak lasaitu ostean, gorpuaren gainera bere burua bota eta su hartzen du. Halakorik ez egitekotan, ez lukete emakume zintzotzat hartuko, ezta hildakoaren benetako emaztetzat ere. Era berean, Javako mutikoak neskatxa ederren batekin maitemintzen direnean, zakilaren eta prepuzioaren artean hariarekin txilin batzuk lotzen dituztela esan ziguten; maitalearen leiho azpira doaz eta txiza egiten dute zakila astindu bitartean, horrela neskatxek entzun arte txilinek tintin egiten dute. Jarraian irten egiten dira eta haien nahia betetzen dute: beti ere txilinak lotuta dituztela, emakumeei atsegin handia ematen dielako beren barruan hots egiten dutela entzuteak. Txilinak guztiz estalita doaz beti, eta zenbat eta gehiago estali ahala, hots handiagoa egiten dute.

Gure pilotu zaharrenak Java Nagusiaren azpian Occoloro deitzen den beste uharte bat dagoela esan zigun, eta bertan emakumeak baino ez direla bizi. Haizeak ernaltzen ditu eta gero, erditzen dutenean, gizonezkoa jaiotzen bada, hil egiten dute; emakumezkoa bada, hazi egiten dute. Uhartean gizonak lehorreratzen badira, ahal bezain laster hiltzen dituzte ere.

Geroago adierazi zigun, Java Nagusiaren azpian, Iparraldera edo Txinako (antzinakoek Signo Magno deitzen zuten) golkotik joanda, zuhaitz erraldoi bat dagoela, bertan garuda izeneko txoriek habia egiten dute eta hain dira handiak, non zuhaitzeraino bufalo bat eta elefante bat eraman dezaketen. Tokia Puzathaer da; zuahitza, cam pangaghi, fuitua, buapangaghi. Sandia baino handiagoa da.

Ontzietan geneuzkan Burneko mairuak fruitu horiek jada ikusi egin zituztela esan ziguten, haien erregeak bi gordetzen zituelako, Siamgo erregearen opari. Ezin da junkorik edo bestelako ontzirik zuhaitza dagoen tokira hurbildu, ur zurrunbilo ikaragarriak daudelako inguruan; zuhaitz erraldoiari buruzko lehen berria junko baten bidez heldu zitzaien, haizeak zurrunbilo haietara eraman zuen. Suntsiturik geratu zen eta gizon guztiak hil egin ziren, ume txiki bat izan ezik, mirariz, ohol batera helduta sinetsi ezineko enborraren ondora iritsi zen. Zuhaitzera igo eta, konturatu gabe, txori erraldoi haietako baten hegoaren azpian kokoriko jarri zen. Hurrengo egunean, hegaztia lurrera jaitsi zen bufalo bat hartzeko eta umea ahal bezain ondo lumen artean kokatu zen… eta hari esker estualdiaren berri izan genuen. Horrela, inguruko herrietakoak konturatu ziren itsasoan aurkitzen zituzten fruituak zuhaitz horretakoak zirela. Malakako lurmuturra Antartikoko gradu 1 1/2-an dago. Lurmutur horren Ekialdean eta kostalde osoan zehar, hiri eta hiribildu ugari daude. Hauek dira izenetako batzuk: Cinghapola (puntan), Pahan, Calantá, Patani, Bradlun, Benam, Lagon, Cheregigaran, Tumbon, Práhan, Cuí, Brabri, Bangha, India (Siamgo erregea hiri horretan bizi da eta Siri Zacabedera du izena), Iandibun, Lanu eta Langhon Pifa. Hiri horiek gureak bezala daude eraikita eta Siamgo erregeari men egiten diote.

Esan zigutenaren arabera, Siamgo erreinuko ibaien erriberetan, txori handi ugari daude, horiek ez dituzte hildako animaliak jaten, haien aurretik beste txori batek bihotza jan ezean. Gero, haiek gainontzekoa jaten dute. Siamen ostean Camogia dago; erregea Saret Zacabedera da. Eta Chiempo; erregea, raja Brahaun Maitri.

Toki hartan arabarba hazten da eta honela lortzen dute: hogei edo hogeita bost gizon elkartzen dira basora joateko; gaua iristean, zuhaitzetara igotzen dira arabarbaren usaina nabaritzeko eta lehoien, elefanteen eta beste piztien beldur direlako. Haizeak arabarbaren usaina ekartzen du eta horrela landarea non dagoen jakin dezakete; ondoren, egunak argitzen duenean, harantz abiatu eta aurkitu arte bila aritzen dira. Arabarba enbor lodi eta ustela da; ustel egon ezean, ez lioke usain hori jarioko. Arabarbak daukan gauzarik interesgarriena sustraia da; hori baino ez da arabarba. Enborra ere baliagarria da, “calama” deitzen diote.

Gero Cochi dago. Erregea raja Scribumni Pala da. Eta gero, Txina Handia. Hango erregea munduko nagusia da; Santoha raja deitzen da eta koroa duten hirurogeita hamar errege daude haren boterearen azpian, horietako batzuk, aldi berean, beste hamar edo hamabost monarka dauzkate mende. Portua Guantan da.

Hamaika hirien artean bi dira biztanle gehien dituztenak: Nankin [gaur egungo Nanjing] eta Combahu. Bigarren horretan erregea bizi da. Lau hierarka ditu inguruan: bata, jauregiaren Mendebaldean; beste bat, Ekialdean; beste bat, Hegoaldean; beste bat, Iparraldean. Bakoitzak bere norabidetik datozenei baino ez die audientzia ematen. India Nagusi eta India Goreneko errege eta jaun guztiek subirano horri men egiten diote, eta, harekiko mendekotasuna irudikatzeko, bakoitzak bere plazaren erdian marmolean zizelkatutako chinga bat dauka, lehoia baino kementsuagoa den animalia. Chinga aipatutako Txinako erregearen zigilua da eta harengana joango diren guztiek animalia hori eraman behar dute elefante baten haginean zizelkatuta; hori egin ezean, ezin izango dira portura sartu.

Jaun batek errege hari men egiten ez dionean, larrutu eta, gazitu ostean, azala lehortzen dute. Geroago, lasto edo beste zerbaitekin bete eta ondo ikusteko moduko plazaren toki batean jartzen dute, burua beherantz eta eskuak gainetik elkarturik dituela, horrela guztiek zonghu (gur) egiten ikus dezaten.

Errege horrek ez du uzten inork bere burua ikustea; eta bere jendea ikusi nahi duenean, era bikainean eraikitako indioilar baten barruan gurutzatzen du jauregia, luxu handikoa da garraiobidea. Sei emakume nagusik laguntzen dute, hura bezala jantzita, eta batera “nagha” izeneko suge batean sartzen dira, inon ikusi daitekeen luxu handieneko gauza da sugea eta jauregiko patio nagusira heltzen da. Erregea eta emakumeak azkar horra sartzen dira, inork erregea ezagutu ahal ez izateko; sugearen bularrean dagoen kristal handi baten bitartez bere jendea ikusten du erregeak. Jendeak erregea eta emakumeak ikusi ditzake, baina ezin du jakin nor den subiranoa. Bere ahizpekin ezkontzen da beti, horrela odol erreala ez delako nahasten.

Jauregia zazpi harresik inguratzen dute, eta bata eta bestearen arteko tarte bakoitzean hamar mila gizon daude, kanpaiak jo arte zaintza egiten dute, eta, orduan, beste hamar mila gizon datoz ordezkatzera. Horrela gau eta egun aritzen dira.

Zazpi harresietako bakoitzak ate bat dauka. Lehenengoan, arpoia eskuarekin heltzen duen gizon bat dago zizelkatuta, hau da, satu horan bere satu baganarekin; bigarrenean, txakur bat (satu hain); hirugarrenean, burdinez hornitutako mazo bat daraman gizona, satu horan pocum becinekin izenekoa; laugarrenean, arkua heltzen duen gizon bat (satu horan anac pananekin); bostgarrenean, lantza bat duen gizon bat, satu horan tumachekin deitzen dute; seigarrenean, lehoi bat, satu houman; zazpigarrenean, bi elefante zuri, hau da, bi gagia pute. Jauregian hirurogeita hemeretzi gela daude eta bertan erregearen zerbitzari diren emakumeak baino ez dabiltza. Argi-zuziak beti daude piztuta. Eraikina inguratzeko egun bat behar da. Tokirik garaienean beste lau gela daude, noizean behin handikiak hara igotzen dira haien jaunarekin hitz egiteko. Bata metalez estalita dago, goitik zein behetik; beste bat, zilarrez; beste bat, guztiz urrez; azkena, perla eta harribitxiz. Mendekoek urrea eta bestelako aberastasunak ordain gisa ematen dizkiotenean, gela horietan banatu eta ondorengoa esaten dute: “Hau gure raja Santoharen ohore eta gloriaren izenean izan dadila”. Errege haren inguruko gauza horiek guztiak eta beste asko mairu batek azaldu zizkigun; berak ikusi egin zituen.

Txinako jendea zuria da eta jantzita dabil. Guk bezala mahai gainean jaten dute eta gurutzeak dauzkate, baina ez dakigu zergatik diztuzten.

Txinan musketa ekoizten dute: erbi edo katuen gorputzaren antzekoa duen eta hatz bat bezain meheak diren enbor gozo batzuk baino jaten ez dituen animalia batetik ateratzen dute, “chamaru” deitzen dutena. Musketa lortu nahi dutenean, katuari izain bat jartzen diote eta denbora pixka bat igaro arte ez diote kentzen, odolez gainezka egon dadin. Gero, plater batean odola ateratzen diote eta lau edo bost egunez eguzkipean uzten dute. Gernuan bainatzen dute eta berriz ere denbora tarte bera eguzkitan uzten dute. Horrela musketa perfektua lortzen da. Animalia mota hori daukaten guztiek erregeari trukean zergak ordaintzen dizkiote. Musketa aleak diruditen zatitxoak, egia esan, birrindutako arkumearen barrukiak dira; benetako musketa odola baino ez da, eta, zatitxotan ikusi arren, errez desegiten dira. Animalia horri eta katuari “castor” deitzen diete; eta izainari “lintra”. Txina horren kostaldean zehar herri asko daude, honako hauek: chienchiiak, perlak eta kanela dituzten uharteetan daudenak; lechiiak, lehorrean. Azken horien portuaren gainean mendi bat dago, horregatik bertan babestuko diren junko eta itsasontzi guztiei mastak eraitsi behar zaizkie. Moni erregeak, lehorrean agintzen duenak, beste hogei errege dauzka mendean eta, hala ere, Txinakoari zergak ordaintzen dizkio. Bere hiria Baranaci deitzen de eta bertan Ekialdeko Catay dago.

Hain uharte garai eta izoztuan, metal, zilar, perla eta zeta ugari dago; erregea raja Zatru da. Mliianlakoa, raja Chetisuqnuga. Gniokoa, jara Sudacali. Lehorrekoak dira hiru toki horiek eta bertan hotz izugarria egiten du. Triaganba eta Trianga uharteetara perlak, metala, zilarra eta zeta heltzen dira, raja Rrom da erregea; Bassi-Bassa lehorreko lurraldea da. Gero, Sumdit eta Pradit daude, urre ugari daukaten bi uharte. Tokikoek metal horretaz egindako uztai handiak daramatzate hankek behealdean. Haratago, lehorrean, mendietan tribuak bizi dira, hango seme‑alabek gurasoak hiltzen dituzte zahartzen direnean, nekatu ez daitezen.

Eremu horretako herri guztiak jentilak dira.