2022/02/11PIGAFETTA, 1522-02-11

1522ko otsailaren 11ren, asteartearen, gaueko azken orduetan, Timor uhartetik abiatu eta Ozeanoan sartu ginen (“Lant Chidol” deitzen dute lurralde horietakoek). Hego-mendebalde eta Mendebaldearen arteko norabidea hartu genuen, Portugaleko erregearen beldur ginenez, Iparraldean, hau da, eskumaldean, utzi genituen Sumatra uhartea (garai batean Traprobana izenekoa), Pegu, Bengala, Uriza, Chelin (malabarrak bizi dira bertan, Narsingha erregearen mende), Calicut (errege beraren mende), Cambiaia… Azken horrek Guzerati, Cananor, Goa, Ormus eta India Nagusiko beste kostalde osoa barne hartzen ditu.

India Nagusian sei kasta daude: naireak, panicaloak, iranaoak, pangelinoak, macuaoak eta poleaoak. Naireak kasta nagusia dira; panicaloak hiritarrak dira (bi kasa horiek elkarri hitz egiten diote); iranaoek palma ardoa eta pikuak hartzen dituzte; pagelinoak marinelak dira eta macuaoak arrantzaleak. Azkenik, poleaoek arroza erein eta biltzen dute; beti zelaian bizi dira, ez dira ezertarako hirira joaten… eta, zerbait ematen zaienean, lurrean jartzen dute hartu aurretik. Kaleetatik beti “Po! Po! Po!” oihukatzen dute, hau da, “Nigandik babestu zaitezte!”. Esan zidatenaren arabera, behin poleao batek nair bat zoriz ukitu besterik ez zuen egin eta segituan nairrak bere buruarekin akabatzeko eskatu zuen, behin ohorea galduta ez zuelako bizitzen jarraitu nahi. Esperantza Oneko lurmuturra igaro aurretik, bederatzi aste haren aurrean egon ginen, belak jaitsita genituela, brankan jotzen zuten Mendebaldeko eta Ipar‑mendebaldeko haizeen eta enbata izugarrien ondorioz; lurmuturra 34 gradu 1/2-ra dago eta Malakatik 1600 legoara. Munduko lurmutur handiena eta arriskutsuena da.

Gutako batzuek (gaixorik zein onik zeudenak) Mozambike izeneko faktoria portuges batean babesa hartu nahi zuten; itsasontzira ur asko sartzen zelako; hotz handia egiten zuelako; eta, batez ere, ahora zer eraman ez geneukalako, ura eta arroza besterik ez, gatza ez genuenez, genekarren haragia guztiz ustelduta baitzegoen. Baina besteentzat ohorearen goseak beren bizitzak baino garrantzi handiagoa zuen eta Espainiara joatea erabaki zuten, bizirik edo hilik helduko ziren kontuan hartu gabe.