2022/07/09PIGAFETTA, 1522-07-09

Uztailaren 9an, asteazkenean, Donejakue izeneko uhartera heldu ginen eta segituan falua lehorrera bidali genuen jan-edatekoak hartu zitzan. Portugesei esan genien trinketa ekinokzio‑lerro azpian apurtu zitzaigula (Esperantza Oneko lurmuturretik hain hurbil geundela isildu genuen), eta, konpontzen genuen bitartean, kapitain jenerala Espainiara itzuli zela beste bi itsasontziekin.

Askotan gogoratu genien faluan joan zirenei, behin lehorrean, zein egun geneukan galdetzeko; portugesek beraientzat osteguna zela esan zieten eta poz-pozik jarri ziren, gure kalkuluen arabera asteazkena baino ez baitzen eta ezin baitzuten sinetsi gu okertu ginenik. Nik neuk egunero atsedenik hartu gabe idatzi nuen, osasuntsu egon nintzelako. Baina, gero azaldu zigutenez, ez genuen akatsik egin, bidaia Mendebaldera egin genuenez eta abiapuntura itzuli ginenez (eguzkiak egiten duen bezala, hain zuzen ere), eguzkiak hogeita lau orduko abantaila hartu zigun, argi eta garbi ikusten den moduan. Arroza gehiago hartzeko falua lehorrera itzuli zenean, hamahiru gizon eta ontzia bera hartu zizkiguten, izan ere, geroago (jada Espainian) jakin genuenez, haietako batek portugesei kontatu zien gure kapitaina, beste batzuk bezala, hil egin zela eta ez gindoazela Espainiara.

Gu gelditzeko karabelak bidaliko zituzten beldur ginenez, azkar alde egin genuen.